Julen Azcona
ARKUPEAN

'Ederra eta Piztia' eta Amazon

2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Nora Ephron zinemagilearen 1998ko You've Got Mail (E-posta bat daukazu) filmean, Meg Ryan, New Yorkeko liburu-denda txiki baten jabea, Tom Hanksez maitemintzen da, jakin gabe gizona liburu-denda kate erraldoi baten oinordekoa dela. Amaieran, Meg Ryanek denda galtzen du, kate erraldoiaren erruz, baina ezin du ukatu Tom Hanksen maitasuna eta, beraz, bi aktore ederrek muxu batean bat egiten dute, pantailan The End hitz magikoak agertzen diren bitartean.

Txikia nintzenean, filma benetan maite nuen. Egun, helduaren begiekin berrikusten dudanero, gero eta gehiago beldurrezko istorio bat iruditzen zait. Meg Ryan langabezian geratzen da. Tom Hanksek, berriz, negozioa handitu eta, gainera, neskarekin amaitzen du, noski, Hollywoodeko XX. mendeko zineman beti gertatzen zen bezala. Bitartean, emakume gaixoak (eta ikuslegoak) lortzen duen kontsolazio-sari bakarra da orain Tom Hanksek Meg Ryanengandik liburu-denda txikien xarma eta humanitatearen garrantzia ikasi eta bere katean aplikatuko duela. Zer polita.

Filma Stockholmeko sindromeari buruz doa, ez daukat dudarik. Disneyren Ederra eta Piztia-k eta Pedro Almodóvarren Átame-k bezala, Nora Ephronek, nahi gabe, gure bahitzaileaz maitemintzearen arriskuaz ohartarazi zigun. Zure herriko udalean maite zenuen alderdi politikoak irabazten duenean bezala da. Hogei urtez oposizioan ibili zara, kexa eta kexa, gustura, eta orain, alajaina, gauzak ez dira hainbeste aldatu, jauregiko gauzak astiro doazelako, boteretik agintzea ala oposizioan egotea desberdina delako, zailagoa, geldoagoa, kontzesioz betea. Udala beti udal. Poliziaren burua. Legea eta Ordenaren bermatzailea. Tira, zeure buruari esaten diozu gaitz guztietatik txikiena hori dela, lepoan hartu eta segi aurrera.

2022ko Euskal Herrian, Stockholmeko sindrome hau guztiz normalizatua dugu. Iruñean, esaterako, Fnac eta El Corte Ingles bezalako kate handiak edonon ditugu eta, beraz, ez dute jada gu maitemintzeko beharrik. Bitartean, beste Piztia sotilago, ederrago, batzuk ditugu gure inguruan, Tom Hanks bezala lore sorta batekin erasotzeko prest.

Okurritzen zaidan adibide berri bat duela pare bat aste estreinatu den Eraztunen Jauna: Boterearen Eraztunak telesaila da. Edonork irudikatu dezakeen baino diru gehiago kostatu duen seriea da, benetan ongi egina, kalitatezkoa, irudi paregabeez beteta eta J.R.R. Tolkien idazle ingelesak imajinatu zuen unibertsoa berrasmatu eta zabaldu egiten duena. Eta euskarazko bikoizketarekin, gainera! Paradisua. Gustatu zaidala esaten dudan bitartean, halako intziri txiki bat entzuten dut nire barnean. Tristea da konturatzea inork ez duela inoiz ezer musu-truk ematen, eta Jeff Bezos Amazonen buruaren intentzioa nahiko iluna izan daitekeela: Troiako zaldia bezala, dibertsitatearen eta hizkuntz minorizatuen errespetuaren atzean, irudi garbiketa bat dago, Amazon munduan sortzen ari den desberdintasun eta desoreken garbiketa.

Hala ere, ez dut nahi izan zoritxar-igarle. Polita da Amazonen iniziatiba. Katalanez eta galegoz eta euskaraz Erdialdeko Lurraldeaz disfrutatzeko aukera izatea, ez bakarrik gure plazer pertsonalarengatik, baizik eta euskal bikoizketaren industriaren onurarengatik. Dudarik gabe, Eraztunen Jauna urteko gertakizun kultural global garrantzitsuenetariko bat da. Ikusteko dago zenbat sari lortuko dituen hurrengo hilabeteetan, eta zenbat jarraitzaile gazte berri sortuko dituen, beharbada gaztelera ez den beste hizkuntza batean ikusiko dutenak. Kasu hauetan, onartu beharra daukat, ni Ederra naiz eta Amazon, Piztia; ni Victoria Abril eta Amazon, Antonio Banderas; ni Meg Ryan eta Amazon, pelikularen amaieran mingaina ahoan sartuko didan liburu denda erraldoiaren oinordeko mutil katxarroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.