Inaki Galdos
ARKUPEAN

Dramak eta tramak

2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Benetan harrotu ditu hautsak Gipuzkoan eta Gipuzkoatik at Kote Cabezudo auziak. Ez naiz luzatuko dagoeneko aski ezaguna denari buruzko argibideak ematen, baina inork zehaztasunik nahi badu, esan dezadan duela hamabost egun orrialde hauetan Arantxa Iraolak eta Garikoitz Goikoetxeak ederki azaldu zutela auzia. Sarean aurkituko ditu irakurleak testuok.

Gauza asko dira ulergaitzak duela bost urte hainbat emakumek epaitegietako bidea hartu zutenetik gertatutakoa errepasatzen badugu. Eskandalagarriak ere bai. Ez da erraza ulertzea azkenean kasutik baztertua dagoen epaileak izan zuen jarrera, auzibidea eragoztekoa, zantzu guztien argitan. Ez da ulergarria gaiaren inguruan oro har egon den isiltasuna ere, are gehiago kontuan hartzen badugu gehienetan kontrakoa dela kasu bertsuetan hainbat hedabidek hartu izan duten bidea. Azkenik, salaketak ikusita, larria da benetan Cabezudo kartzelatzeko erabakia lehenago hartu ez izana.

Auzia orain arte joan den bezala joanda, pentsatzekoa da salaketak egin dituztenen inpotentzia ere handia izango dela, salatu dituzten erasoek merezi dutena baino arreta txikiagoa jaso baitute, ez soilik epaitegietan. Terrorismo matxistarekin usu gertatzen den bezala, zigor gehigarria da hau, dagoeneko dramatikoa den egoera areagotzen duena.

Kote Cabezudorenaren inguruko ustezko konspirazio trama baten berri ere jakinarazi zaigu. Hobeto esanda, bi trama aipatuko nituzke. Bata, ustez argazkilariaren bortxaketetan parte hartzen zutenena; bestea, ustez auzia estaltzen saiatzen ari diren boteretsuena. Eta aitor dezadan: sekulako kezka sortu didaten jarrerak ikusi ditut, inoiz gure artean gertatuko zirenik pentsatzen ez nuenean.

Kezkaz ikusten dut askoren disimulurik gabeko nahia Cabezudo auzitik «boteretsuen» auzira, baina batez ere Odon Elorza auzira jauzia egitekoa. Bolo-bolo dabil haren izena etxe, kale eta tabernetan. Sarean eta whatsappetan ere bai, jakina. Salaketak dioenaren faltan, Elorzak egindako bekatuen zerrenda handiagotzen doa egunero jendearen esanetan, horietako asko 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuen ondoren zenbaitzuk egindako fabulazioen mailaren parekoak, gogoratu bestela Orquesta Mondragón eta furgoneta hura. Duela 18 urte Arte de Vivir aldizkariak egin zion elkarrizketa bateko argazkilaria Cote Cabezudo izan zela ere jakin dugu, baita politikariaren mitin batzuetakoa ere, froga definitiboak, inolako zalantzarik gabe.

Kezkaz ikusten dut nor eta Melchor Miralles hemen erreferentzia bihurtua, bere estiloa ezagutuko ez bagenu bezala; eta kezkaz ikusten dut Gipuzkoan bazterrak nahasten ezaguna den beste pertsonaia bat bere fobia eta auzi pertsonalak (Reala) Cabezudoren auziarekin lotzen. Izugarriak dira konfidentzial batzuetan azken asteetan irakurri ditugun istoriotako batzuk.

Gipuzkoako hainbat boteretsuren ustezko trama mafioso hau haizatu dutenek laster izango dute beta egon badagoela eta jomugan jarri dituzten pertsonak trama horretakoak direla erakusteko. Hala egiten badute, izugarria izango da iskanbila eta neurtezinak ondorioak. Baina ez badute hori egiten, ordaindu egin beharko dute eragindako kalte galanta. Haizatu ez, baina irentsi eta bozgorailua jarri diotenek ere autokritika zintzoa egin beharko duten moduan.

Bitartean, kezkarekin eta susmoekin geratzen naiz ni, izugarri larria den auzi baten bueltan batzuek etekina ateratzeko ezkutatzeko zaila duten egarria erakusten ari direlako. Portzierto, jakina da auzi honetako lehen kereila 2013an jarri zela. Eneko Goiak alkatetza hartu baino bi urte eta erdi lehenago eta Odon Elorzak berea utzi zuenetik urte eta erdira. Eta jakina da egun hauetan Donostiako Udalari eskaera eta kritikak egiten ari direnetako askok bazutela orduan ere horren berri. Bitxia da batzuek aukeratzen dituzten uneak erakundeei gauzak exijitzeko. Bitxia bezain argigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.