Orain arte uste nuen abertzale gisa ditugun helburuak bete ahal izateko ezinbestekoa zela beste esparru politiko batzuetan egon ohi diren botoak poliki-poliki erakartzea. Baina badirudi oker nenbilela erabat, kontrakoa omen da. Iturria zentro-eskuin espainolista eta hartzailea EAJ direnean behintzat, kaltegarriak omen dira, ingurua dopin eta mitxelinez betetzen dutenetakoak. Utikan, beraz, ezker abertzalea izorratzea beste helbururik ez duen mailegu pozoidun hori!
Kontu ezberdina da jatorrizko esparru politikoa beste bat denean. Ongi etorriak (adibidez) estalinista espainolistak. Zein lan ederra egin dugun horiek erakartzen, esango dio bere buruari batek baino gehiagok, harro. Ez jelkide maltzurrek bezala: ez dute ba pentsatuko jende hori erakarri dutenik gauzak beste era batera ikusten hasiak direlako?
Larrazabalgo txakolindegian 1893an Arana Goiri anaiek lagun talde hura bildu zutenetik, ez dakigu noiz egin behar zuten planto jelkideek, noiz uko jende berria erakartzeari, dopatzearen dopatzez jonki bihurtzeraino ezarri zuten estrategiari. Karlista zaharrak iritsi zitzaizkienean? Liberal euskalerriakoak? Gipuzkoako integristak? Monarkikoak? Edo haiek guztiak balekoak izan ziren eta oraingo uholde hau da bereziki kezkagarria? Itzuliko ahal dira lehenbailehen boto horiek euren toki naturalera, zer drama bestela abertzaleontzat! Ze lasaitasuna hartuko dugun benetako abertzaleok, boto-emaile iritsi berri horiek EAJ uzten dutenean!
Agian, aipatutako garai haietako aitzindariek ez zituzten izango gaur egun ditugun iragazkiak, ezta asmo aratzeko boto-emaileak ote garen zaintzen duten aingeru guardakoak ere, betiere biharko independentziaren onerako, ez gaitezen gaizki pentsatzen hasi. Umetan politikaz interesatzen hasi ginenetik ibili gara azterketak gainditu ezinik, ezin inoiz pasatu benetako abertzale eta ezkertiar izateko proba; beti autonomista, beti espainol, beti burges, beti ez dakit zer.
Etsi dezatela, beraz, jelkideek, ez dira onargarriak bere boto berrietako asko, susmagarriak dira, jatorren arteko jatorren buruzagien dekretuz. Balekoa izateko beste bat behar du izan ibilbideak, batzokietan bukatzen duenak ez du balio. Berdin du falangista ohi batek ematen duen, pecero ohi batek edo oerreteko ohi batek, baina autentikoek bildutako botoari onartzen zaio, horri bai, ohi izaera; besteei ez, besteak beti bekatari, beti susmagarri. Koalizio kideei ere barkatuak dizkiete dagoeneko garai bateko bide oker eta traizioak. Agian beste era batera zenbatu beharko genituzke botoak hemendik aurrera: hausnartu, redimitu eta konprometituek, puntu bat; mailegatu eta kutsatuek, puntu erdi.
Badirudi poliki-poliki gailentzen ari dela subiranismoaren bidea ezker abertzale eta enparauek bakarrik ekin behar dioten iritzia, sindikatuek 2017ko irailean aldarrikatu bezala. Beste inoren zain egon gabe, are gutxiago bere motxila boto dopatu eta erreakzionarioz betetzen ari denaren zain. Inoiz azterketarik eta iragazkirik pasatu ez dugunok bide ertzean geratuko beharko dugu urduri, fruituak noiz iritsiko, erredentore horiek gure etxean sartzeko inor ez garelako penatuta.
Eta Euskal Herri independente eta sozialista (edo daniarra, modako erreferentzia berria) lortzen dutenean, umil-umil saiatuko gara traba handirik egingo ez dugun herritar txintxoak izaten. Matematikena, Enrique Zuazuaren esku utziko dugu, Alemaniatik bueltatzen denerako. Agian berak azalduko digu nola den posible kenketarekin batuketak egitea, gutxituz gehitzea, baztertuz biltzea. Mies Van der Rohe arkitektoak gutxiago gehiago zela aldarrikatu zuenetik minimalismoa esparru askotan ikusiak ginen, baina ez politikan. Badaki Andoni Ortuzarrek, konforma dadila boto gutxiagorekin. Eta ez dezala susmo txarrik hartu, abertzalegoaren onerako izango omen da, ez konpetentziaren mesederako.
ARKUPEAN
Dopatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu