Lerro hauek irakurtzen dituzunerako jada jakingo da bitxilorearen jokoan bai ala ez gailendu den Madrilgo Ferraz kalean; hau da, espainiar Estatuko presidenteak bere postuari muzin egiten dion ala ez. Hauxe da egunkari batean idaztearen magia: ordenagailuan sortzen diren hitz hauek paperezko euskarrian birsortzen direnerako, errealitateak hamaika buelta ematen dituela. Utziko diegu kazetariei Pedro Sanchezi buruzko lerroak idazten eta beste zehaztasun bati ezarriko diogu gure begi-puntuaren xedea: espazioari eta denborari, guk idazten amaitzetik zuk irakurtzen duzun arteko denborari, edota bi pertsonaren arteko espazioari, esate baterako. Baina adibidea ez dugu gure herrian jarriko, nahikoa lan ematen baitigu bizi dugun aje politikoak, asteak joan eta asteak etorri.
New Yorketik dator notizia, errezelo negatibo eta guzti, noizbait gurean ere gertatuko delakoan. Argi gorriak piztea ekar dezaken arazoa dolar batek ekarri du, gutxi gorabehera, euro ziztrin batek. 2024a hasi zenetik, Amerikako Estatu Batuetako hainbat estatutan lanbide arteko gutxieneko soldata euro bat igo da, 15 eurotik 16 eurora. Ordubete bakoitzeko euroaren igoerak poztu du bat baino gehiago eta, noski, ipuinetan bezala, sumindu ditu beste pila.
Azken hauek izaten dute boterea ia gehienetan eta halaxe erabili dute urte berria hasi zenetik. Zientzia fikziozko liburuetan azaltzen zena egia bihurtu da: gutxieneko soldataren igoerak sormen ankerrari ireki dio bidea. Pantailaren beste aldean dagoen langileak artatzen ditu orain, adibidez, jatetxeetako bezeroak edo hoteletako egoiliarrak. Nola egiten duten? Oso erraza da: har dezagun adibide bezala janari lasterreko jatetxe bat. Bertan bezeroei harrera egiten dien langileak, bezeroak esandakoa ordenagailu batean klikatzen du eta sukaldean (zerbait esatearren) lanean dabiltzanek prestatzen dute bezeroak eskatutakoa. Bada, zer axola dio harrera egiten duena bertan badago edo pantaila baten atzetik hitz egiten badu? Lanaren funtsa ordenagailu batean klik egitea denez, hainbat enpresarik harreran lan egiten duen langilea kalera bota dute. Bai, dolar gutxiago ordaindu beharko dute aurrerantzean. Baina ankerkeria ez da hor amaitzen: langile berak hainbat lanpostu ditu ordenagailu aurrean eta pantailaren atzean. Gerta liteke janari lasterreko jatetxe bateko langile izan eta aldi berean edozein hoteletako harreran lanean aritzea. Hori guztia, egunean zortzi dolar gehiago ez ordaintzearren.
Okerrago jarriko al dugu egoera? Bada, bai. Estatu Batuetako enpresariek pantailaz beste aldean dauden langileak Filipina Uharteetan kontratatzen baitituzte. Handik bertatik egiten dute lan filipinarrek Estatu Batuetako jatetxeetan eta hoteletan, azken batean berdin baitio pantailaren beste aldean dagoena non dagoen, bere lana ondo egiten badu. Noski, dolar gutxiagoren truke.
Egunak daramatzagu aje politikoarekin eta ekainaren 9ko hauteskundeak berehala dira gurean. Duela gutxi, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen inguruko galdeketa baten emaitzak jakin ahal izan genituen. Boto-emaileak gutxien erakartzen dituen hauteskundeei begira herritarrek zituzten zalantza eta proposamenak hainbat ziren, Europak sortzen duen ezjakintasun handi horren barnean. Horietako bat, lanbide arteko gutxieneko soldata berdina izatea Europar Batasuneko herrialde guztietan. Maltako 213 euroen eta Luxenburgoko 2.570 euroen artean dago jokoa, marra gorria non ezarri zain. Ea nor ausartzen den halakorik egitera. Erantzuna hain da zaila, agian pantaila baten atzean egongo litzateke erantzuna, zoritxarrez.