lizar begona

Dokumentua8

2024ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun

Neure burua hitzen kontrako erresistentzia erradikalean harrapatzen dut batzuetan. Pantaila zuria, amaigabe zuri. Are eternoagoa dirudi word horren ardura osoa nirea dela akordatzen naizenean. «Nik teklarik zapaldu ezean, ez da ezer sortuko». Orrialde digitalean dokumentua8 irekita izan dut hiru ordu luzez eta ez naiz ausartu ezeri hitzik jartzen. Kanpora begira jarri naiz klik baten bila, munduko gertakari oldeen erdian, ideia goragale plazent hori sentitzeko, eta betiko hitz-erauntsi katartikoan erortzeko. Baina batzuetan ez da gertatzen, eta hitza bortxatu behar izaten da.

Horrelakoetan nire letra erdi-ezkutatu nahiko nuke, eta tipografia fin ia-ikusezinez agertu. «Ez nazazue gaur irakurri, ez dut hitz handirik luzitzeko». Eta, halere, idazten segitu dut. Txiki nator oraingoan, eta horrela agertu nahi dut. Batzuetan neure buruari Hitz Handien zilegitasuna kentzen baitiot. Beldurra ematen dit maiz termino jakin batzuekin janzteak, ur handitan sartu eta gai delikatuen teklarik minena sakatzeak. «Nor ote naiz ni A-z ala B-z idazteko?». Batzuetan isiltasuna aukeratuko nuke. «Ez dut kontatzeko ezer. Eta fini». Eta, halere, desio herren eta hego ebakiekin idatzi dut.

Ze, artikulu oso bat hitz hustuz beteko banu, zer? Eta esangurarik gabeko berba-luizi bat emango banio munduari? Mezurik ez, azaleko dialektika soil-soilik. Elkarren beharrik ez duten perpaus segida bat lotu eta hemen utzi irakurleari. Norabiderik gabe idatzi: idatzi, idaztearren, idazteko, idazteagatik. Hitz bat-bi-hiru, aldamiorik gabeko berba multzo bat egunkari bateko orri honetan. Boikot-sabotaje propioetan inprobisazioari eta galbideari amain eman. Taberna-hausnarketa baten gainean esaldiak hurrenez hurren eraiki, basilika huts bat altxatu, eta ase.  

Ursula K. Le Guinen testu maite bat etorri zait akordura. The wave in the wind, talks and essays on the writer, reader and the imagination (Kontatzea entzutea da. Idazketaz, irakurketaz eta imajinazioaz, 2018) liburuan idazteari eta ez idazteari buruzko kapitulu bat irakurri nion Le Guini. Post-it txiki batekin markatu nuen, hainbatetan itzuli behar izan bainaiz orrialde horietara medizina bailitzan, salbazio edo laztan baten bila. Old body not writing (Idazten ez duen gorputz zaharra) du izena atalak eta idazlearen isiltasunaz mintzo da.

«Idatzi nahi badut eta ez badut idazteko ezer, blokeatuta sentitzen naiz, edo kontrako eztarrian: energiaz betea, neure lanaren jakitun, baina zertan erabili jakin gabe. Frustragarria da, akigarria, amorragarria. Isiltasuna zarataz betetzen badut, ordea, edozer idazten badut zerbait idazteagatik, nahia bortxatuz, are gehiago blokeatuko naiz. Hobe da gelditzea, itxarotea, isiltasuna entzutea. Hobe da beste zereginen bat egitea, gorputzak erritmo bati jarrai diezaion, burua hitzez okupatzea baino».

Amen.

Hitz batzuk mekanikoki agertzen dira, beste batzuk sorpresaz deskubritu daitezke, edo euren atzetik ibili behar da askotan. Batzuetan astiro-astiro eta harmonian datoz, baina indarrez ere etortzen dira maiz. Askok denbora luzea ematen dute irten nahian, eta, saiatu arren, ezin nahi bezala atera. Horregatik, iruditzen zait letren atzeko idazleak zintzoa behar duela izan bere buruarekin. Isiltasuna idaztearen parte ere bada.

Ezer esaten ez zuen seinaleari jarraitu nion./ Neure buruari jarraitu nion./ «Berdin zait», esan nuen, beldurtuta./ «Berdin zait inork inoiz ez badu irakurriko!/ Ni hemendik noa» […]/ idazlea bidezidor batean ibiltzen ikusten dut/
 bidezidorrik gabeko basoan
/ edo dedalo batean, labirinto batean.

Dokumentua8’ idazten hasi naizenean nerabezaroan sexu-heziketaren beharraz eta pornografiaren kulturaz zerbait idatzi nahi nuen. Akaso bihar bai, baina gaur ez naiz Nor sentitu. Idatzi, idatzi dut, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.