Ikerketek diote taldean gaudenean gure koziente intelektuala jaisten dela. Nirea ez da bereziki altua bestela ere, baina egia da taldean nagoenean askoz ere nabarmenago azaleratzen zaizkidala gabeziak eta ezintasunak. Esan gabe doa ez naizela plazandrea, jendaurrean hitz egiteak izerdi hotzak eragiten dizkit. Eta urduri nagoenean batzuetan logorreak erasotzen dit eta en fin, sozialki desastre bat dela dena.
Ez dakit hezkuntza sisteman hau aldatuko ote zen, baina gure garaian behintzat ez ziguten hitz egiten irakasten. Lehen hitza esatera behartzen gintuzten («esan AMA, A-MA») eta modu desegituratuan heldu ginen hitz egitera. Eta nabaritzen da, bizitzaren ia esparru guztietan, publiko zein pribatuetan nabaritzen zaigu ez ginela inoiz unibertsitate pribatu anglosaxoi bateko eztabaida taldetik pasatu gure ideiak zein sentipenak azaleratzerako orduan.
Tamalez, horrek ez du isilik gelditzen garenik esan nahi. Hori ur azpian ere ez dugu egiten.
Gehien praktikatzen den irakurketa irakurketa diagonala dela onartu beharko dugun bezala, onartu beharko dugu entzute diagonala dela entzuteko dugun modu nagusia, eta, hitz egin ere, diagonalki egiten dugula hitz. Beste guztia joan-etorriko aurreiritziz betetzen dugu, nahita ala nahi gabe, presaka ia beti, modu okerrean maiz.
COVID-aren aurretiko mundu diagonal horretan oso ondo txertatzen ziren talde dinamikak, asko eta asko dinamikoak ez, zinematikoak zirenak. Ondorio eskasekoak ia denak, udalekuetako performance parte-hartzailetik gehiago zutenak adimen kolektiboari etekina ateratzeko ahaleginetik baino. COVID-ak eremu digitalaren ajeak gehitu dizkio taldean gaudenean gure koziente intelektuala bilakatzen den amildegiari. Denoi gertatu izan zaigu konexio txarrak ez digula besteak esan nahi duen hori entzuten uzten. Marra eten batekin marraztu behar dugula ulertzen ari garenaren diagonala, burua beste norabait turismoan doakigun bitartean. Denoi gertatu izan zaigu gure speech onenak mikrofonoa isilarazirik zegoen bitartean eman ditugula. Konturatu orduko, elkarrizketaren gaia beste bat izaten da beti.
Eremu profesional zein pertsonalean, aurrez aurrekoan zein digitalean, konexio eta komunikazio arazoak hor daude.
Diagonaltasunaren praktika hau bereziki kezkagarria da botere harreman gero eta desorekatuagoetan gorpuzten denean. Adibide bat. Ez dakit zein den polizia akademien gaur egungo programa, baina polizia lanaren ehuneko handienak hitz egitea izan beharko luke eta susmoa dut, gizartea bigorexikoagoa den bezalaxe, gero eta fisikoagoa dela curriculuma, kontzeptuaren zentzu gimnastikoenean. Gorputzarekin (eta objektuekin) ordezkatzen dela azalpena, gorputza baliatuz gauzak azkarrago ulertzen eta barneratzen direlakoan.
Irakurri nuenean oso argigarria suertatu zitzaidan Max Grief-ek Against everything bere artikulu bildumako idatzietako batean esaten zuena: «Poliziak ukitzeko gaitasuna du. Herritarrok ikustearena izan beharko genuke. Galdera da zergatik ez den maizago lehen planora ekartzen ikustea eta ukitzearen artean egon beharko lukeen zerbait: hitz egitea. Hitz egitea da demokraziaren oinarria». Iazko urte hasieran irakurri nuen eta berehala etorri zitzaidan gogora berriz, George Floyd eta Black Lives Matter mugimenduaren beroan.
Berriz datorkit gogora orain.
Gure kaleetan ere ikusten ari gara botere harremanak ezarritako ukitze ahalmenarekin osatzen direla diagonalak, azalpen hitzaren eta, beraz, demokraziaren, kaltetan.
Gure gizartean gailendu den etengabeko denbora faltaren sentipen horrekin zer egin. Denbora behar delako aurreiritzi eta ukitzeak hitz eta ulertze bihurtzeko. Denbora behar delako eta gogoa. Baina ez dugu ezertarako denborarik eta ez dugu ezertarako gogorik, gure harremantzeko moduari ezarri dizkiogun itxiera eta etxeratze-agindu propioak baizik.
Horretarako, hobe isilik.
ARKUPEAN
Diagonaltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu