Oihana Aranak idatzi zuen gorputzak eragina duela egiten dugun horretan. Eta «gorputzetik irakurtzen, idazten, entzuten… dugula esaten dugunean, ez gara metaforikoki ari». Gorputza eta pentsamendua bereizezinak direla ere ari zen esaten.
Gorputza eta pentsamendua ezin dira bereizi; eta ni, irakurle, gaixorik nago zutabe honetan. Gorputza eta pentsamendua ezin dira bereizi eta nireek 38 gradutik gorako langa pasatu dute egunotan. Zeri buruz eta nola pentsatu/idatzi behar dut orain?
Sukarrik ez banu, beste zutabe bat litzateke hau. Oraintxe bertan beldur apur bat ematen dit ea zer atera daitekeen termostatoa hautsi zaion gorputz-buru honetatik. Dezimak igo ahala tximino hiperaktibo bat da nire kontzientzia: saltoka-saltoka eta norabiderik gabe. Ez galdetu zergatik, Lo echamos a suertes kantua burutik kendu ezinik ibili naiz. Rumba bat erostea ongi legokeela otu zait gero. Eta azkenik, inongo abisurik gabe, La Pollaren kantuak etorri zaizkit.
Alabaina, izaretan izerditan pentsatu-sentitu ditut, akaso, pare bat buelta merezi duten kontu batzuk. Adibidez, norbaiten nobia izateko sentitu dudan bulkada. Ez ulertu gaizki, ez du ezer txarrik maitasun istorio bat desiratzeak. Ez nago maitasunaren kontra. Baina errealitatea da jende asko gabiltzala, hamaika zirkunstantziagatik, bikotea eta bikote-desira zentroan edukiko ez duten biziekin amesten. Eta, aizue, ez dago batere gaizki. Ez politikoki, ez emozionalki. Solteria egongela goxoa izan daiteke, munduak kontrako mezua bidaltzen badizu ere. Are, gehienok bizi izan dugu, besteen edo norbere azalean, nobia paperak dakarren faktura. Zuk ere hartu dituzu kafeak bihotz hautsiekin. Zuk ere badituzu matrimoniotik ezin atera bizia eman duten amona eta amak. Nik ere badakit beste garai bateko ni batek 38ko sukarrarekin ere egingo zuela korri bikotearen esanetara. Ez dut hara bueltatu nahi.
Lara Gilek planteatu du bikoteen abolizioaren aukera. Ez da sekulako erokeria, familiaren abolizioaz dezente pentsatu dugula kontuan hartuta. Edonola ere, Gilek berak onartzen du ez dela erraza. Ez mundu honetan, non afektuak eta zaintzak, intimitatea eta kariñoa, modu ia esklusibo eta pribatuan (eta dinamika kapitalistei erantzunez) familiara eta bikotera bideratzen diren.
Ez da gauza erraza. Bereziki, gau hotzetan edo igandeetan. Familiarekin afalduko ez duzula erabaki eta bakarrik pasatzen duzun Gabon gauean. Parrandatik zu izan ezik denak eskutik helduta bueltatzen diren ordu txikietan. Edo sukarrak jota eta bakarrik zaudenean. Ez dakit bikotea izatea pribilegio bat den, dakidana da batzuetan zaila dela hortik kanpo kokatzea. Eta ez dela asko hitz egiten gaiaz. Batzuetan, zuk ere nahi duzu obligaziotik bada ere mimoak egingo dizkizun norbait. Amari dei diezaioket. Hark konplituko du, beharko balitz, kamisoia kendu ere egin gabe. Baina badakit alabentzako zopak ere toki subalterno batetik egiten direla.
Gorputz-buru kongestionatu honek idatz lezake, besterik gabe, nahi duela zaindu eta zaindua izan. Baina zaintza izan dela feminitatearekin konflikto gehien sortu izan didaten gauzetako bat; baita bikote testuinguruan ere. Ez ditut mimoak, akonpainamentuak, esponjaz igurtzitako gorputzak eta zaintza deitu zaien praktikak abolituko. Feminismo materialistak azaldu du ez garela horretaz ari zaintzaz ari garenean (edo bestela, irakurri Uma Ulaziaren liburua). Nik nahi dut zaindu, zaintza existitzen ez den mundu batean. Eta nahiko ez banu ere, spoiler, bizi honetan ez dago zaurgarritasunaren kargu egitea beste alternatibarik.
Ez dakit zer idatzi, baina idatzi behar dut zerbait. Sara Torresen poema txikiak dio gorputz triste batek ere obeditzen duela norma, beregan sinistu gabe. Ohe azpira begiratu dut eta, hara, ez nengoen bakarrik. Han txakur eder bat, adi bezain patxadatsu, ni zaintzen. Eta zutaz idazten badut? Zergatik ez, Torresek poemario oso bat du bere saltxitxa txakurtxoari buruz. Beste baterako utziko dut. Ibuprofenoa hartu eta plumiferoan bilduta irtengo gara. Itsasertzetik abiatuko gara hiriaren bihotzera, ibai albotik. Erromantikoek egiten duten paseoa da, noranzko inbertituan. Ez dakit inoiz askatuko dudan bikote-familia-zaintzak sortzen didan katramila. Bitartean zurekin praktikatuko dut, ezinegona sortzen ez didan toki batetik, zaintzailea eta zaindua izatearen plazera.