Zortzi urte nituen 1978ko sanferminetan polizia armatuak German Rodriguez gaztea hil zuenean. Honi buruz dakidana, hortaz, bigarren eskutik jasoa da. Zortzi urterekin, izan ere, udako kronikek ez dute festaren ezta dramaren kolorerik izaten, kresalaren usaina eta eguzkirako Nivea krema-kutxa urdinarenak baizik. Memoriarik izan gabe iritsi zaizkit, denboraren eta ahanzturaren zirrikituetatik gertakari horien oihartzunak.
Artean grisak ziren tiro egin zutenak, geroago Polizia Nazionala bihurtuko zirelarik. Uztaileko arratsalde hartan zezen-plazara sartu ziren, presoen askatasuna pankarta soilez aldarrikatzen zutenen kontra sua erabiliz. Ikaratzeko modukoa izan omen zen, zaurituak nonahi, jendea korrika, izuturik. Berehala jakin zen triskantza horren berri Iruñea osoan, telefono super modernoen beharrik ez baitzegoen horretarako: ahotik ahora pasa zen, eta erdigunera zabaldu zen protesta ziztu bizian, gero eta bortitzagoa. Hiriko jaiak ziren, eta beraz, Iruñea jendez lepo zegoen (hori ez da asko aldatu urte hauetan guztietan). Nahas-mahas zebiltzan kaleetan bertakoak eta atzerriko festazaleak, gazteak eta zaharrak, makina bat haur ere tartean. «Ez izan hiltzeko beldurrik» esan omen zien poliziei agindua ematen zienetako batek, aste honetan bertan German Rodriguez gaztearen anaietako batek kontatu duenez. Kalapita honen erdian, izan ere, metrailadoreen tiro-segidatik batek buruan jo zuen hogei urteko gaztea. Zuri-beltzezko irudiak dira horren lekuko, eta baita bertan zirenen kontakizun lazgarria ere.
Joan den astean, Nafarroako Parlamentuan gertakari horiek ikertzeko eskarian bat egin dute ordezkatuta dauden indar politiko guztiek, Partidu Popularrak izan ezik. Zehatzago esanda, egun horietan jazo zenaz dauden artxibo eta ikerketa guztiak desklasifikatzeko eskatu dute, 40 urte eta gero ondorio penalik izango ez badu ere, behingoagatik egia ezagutzeko balio beza.
Lehen aldia da alderdi ia guztiek gisa honetako pauso bat elkarrekin eman dutena. Ia horrek asko esan nahi duela iruditu zait, ezezkora lerratu den alderdiaren ispilua baita, aski argia.
Ni nintzen zortzi urteko umeari orain ez zaio batere kostatzen garai horretako gertakarien inguruan irudi koloreduna eskuratzea, denborarekin, neke eta sufrimendu handiz bada ere, osatzen joan baita orduko gama kromatikoa. Kontakizunaren lerroan, alta, hutsarteak daude, nabarmen askoak, gainera. Odolez zipriztindutako argazkiak ikusten ditugu orain, zuri-beltzekoen aldean, eta dakigunaren apurrak nahikoak dira ia horrek urte askotan ezkutuan gorde duen putzu beltzaren sakontasunaz ohartzeko.
Nafarroako Parlamentuko eskariak 1978ko sanferminetako gertakariak desklasifikatzeko deia da, eta nahitaezko urratsa da, bide luzeago baten hastapena izatea nahiko nukeena. Iragana da behingoagatik desklasifikatu behar duguna, ezagutzera eman eta argitara ekarri. Argi-fokua jarri zezen-plazako korridoretan gertatu zena ezagutzeko, jendartera tiro eginez hiltzeko beldurrik ez izateko agindu zuenari begietara begiratu ahal izateko, bide-bazterretan lurperaturik jarraitzen duten milaka kontakizunak entzun ahal izateko.
Ez gara zortzi urteko ume mukizuak, aspaldi utzi genion adingabe izateri, iragana ezagutzeko eskubideaz soildu egin gaituztenek nahi ez badute ere. 63 urte beteko zituen German Rodriguezek aurten. Erretiroa antolatzen hastea zegokion, ez Orreaga etorbidean, Entzierroaren monumentuaren ondoan, oroitarri baten izatea. Egia ezagutzea dagokigu, ez iraganari zirrikitu batetik begiratzea.
ARKUPEAN
Desklasifikatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu