Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Desio duguna gara

2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Esaldi ia berbera behin eta berriro agertu zait irakurraldi oso desberdinetan. «Jaten duguna gara» dio urliak, nutrizioarengarrantziaz diharduen artikulu nahikoa axaleko baten. Handik gutxira, «zaintzen duguna gara» dakar sendiak zaintzari buruzko ikerketa oso burutsuan. Batetik besterako igarobidean, Jon Maiaren Kantu bat gara entzuten da etxean, kantatzen duguna garela gogoratzeko. Halako baten Jose Antonio Marina pentsalariaren Desio amaiezinak liburura iritsi naiz, eta bertan irakurri dut deseatzen duguna garela, mugiarazten gaituzten desioek azaltzen dutela nor garen, non gauden eta nola iritsi garen hona. Giza historia garaian garaiko itxaropenak eta beldurrak ulertuta konprenitu daitekeela dio Marinak, eta berak barne-bulkada horiek pentsamendu filosofiko eta antropologikoaren galbahetik pasatzea proposatzen du, psikohistoria egiteko.

Emanuele Felice ekonomialariak, bere aldetik, Historia benetan aldarazten duena garai bakoitzean herritarrok zoriontasunaz dugun ikuspegia dela dio, eta argi horretatik begiratuta, ulergaitz zaiguna errazago ageri omen da.

Eustatek maiatzean kaleratu dituen jaiotzen eboluzioari buruzko datuek ez dute inor harritu, zaharra baita kopuru berriek erakusten duten argazkia. Joera argia da: gero eta ume gutxiago jaiotzen da gurean, eta lehen umea izateko adina atzeratuz doaz biologikoki ama izateko sasoian dauden emakumeak. Berritasunik ez da izan datuen analisian, eta beste behin ere —oraingoan udaberriarekin—, negualdi demografikoaren alarma gorriak piztu dira.

Arrazoizko ongizate-mailalortu duten gizarte guztietanjaiotza-tasa baxuen joera hori geldiezina dela baieztatzen dute datuek. Baina besterik ere erakusten digute, besteak beste, azaleraren azpian gauzak zeharo aldatu egin direla jadanik, zorionez.

Umeak izan ala ez erabaki ahal izateko gaitasuna ez da debalde izan gure munduan, eta prezio altua ordaindu behar izan zuten gure aurrekoek, bai ama izatearen patuak hazitako emakumeek eta baita patu horren kontra altxatu zirenek ere. Memoria laburrekoak gara, antza. Edonola ere, askapen-prozesu hori luzea eta malkartsua izan dela diogunean, ezkutatu egiten dugu burutu gabe dagoela oraindik. Munduko toki askotan amatasuna ez daaukera bat eta, antza, gurean ere askok begi onez ikusiko lukete halaxe izatea, krisi demografikoaren ingurumarian hatz akusatzaileaz idazten diren mezuek iradoki dutenez.

Ilargia seinalatzen duen behatzari begiratzen diogu, ikuspegi osoak zorabiatu egiten gaituelako. Umerik gabeko herriei buruzkoa izua eragiten duen pelikula dela uste dugu, baina funtsean gure seme-alabak biziko diren munduari buruzko luzemetraiaren trailerra baino ez da, izatekotan. Hobe genuke kontakizun osoari erreparatzea, sakoneko joera horiek nola edo hala bideratzeko modua aurkitu ezean, etxean metro koadro gehiago utziko dizkiegulako oinordetzan, baina baita makina bat arazo ere.

Gaur egun alderik alde zeharkatzen gaituzten krisi ia guztietan bere garaian modernitatearen argitan eskuratu ziren konkisten B alderdia ikusten ari gara. Ongizatearen eskutik krisi klimatikora heldu ginen, iritzi-askatasunak gorroto-diskurtsoak bidezko egin zituen, oparotasunak gaitz berriak sortu dizkigu eta neurririk gabeko kontsumoak planeta erabat idortu du. Askatasuna alde bakarreko txanpona dela uste genuen, baina denborarekin borrokan lortutako eskubideen albo-ondorioak ez genituen aurreikusi, edo ez ditugu onartu nahi.

Oscar Wilderen ahotan jarri ohi da herri-jakintzak lehendik emana zuena: «Kontuz desioduzunarekin, deskuiduan bete daiteke eta».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.