Ez du inork hasten ezer porrot absolutuaren bila. Zuloa irteera izan zen batzuetan, eta poztu egin ginen, baina aitor dezagun irteeraren bat zegokeelakoan sartu ginela zulora. Ezagutzen ditut porrot ziurtatudun proiektuak, porrotera bideratutako bizitzak, porrot egindako asmoak, porrotaren beldurrez hasi gabeak. Ezagutzen dut porrota bilatu duenik. Porrot publikoak arrakasta pribatu eta porrot pribatuak arrakasta publiko ere bilakatu ditugu, zaizkigu, dizkigute, dizkiegu. «Porrot handi bat tamainako anekdota bat da» esaten da orain. Hala beharko du.
Urtean-urtean alokairuaren prezioa, lana, pisukideak, hiria eta armairua ordenatzeko era aldatzeaz nazkatzen ari den laguna. Harremana irekitzeak ezegonkortasun emozionala eta ezegonkortasun emozional horrek frustrazio ideologikoa ekarri dizkion sasi-monogamo ohia. Harremana ilusioz ireki arren hori ere monogamia kapitalista berritzeko modu bat baizik ez delako gatazkak dauzkan ustezko guztizko monogamo ohia. Hori egiten ez amaitzeko modurik ia bururatu ere egiten ez zaiona. Harreman sexual egonkorrik ez izatea erabaki duena. Bizitza-eredu monogamora eroriko litzatekeelako beldurrez, bere buruari berekin larrutan egiten duten guztiekiko ezer sentitzea debekatzen ari zaion auto-sabotatzailea. Eraiki duen bikote-harremana beste edonorengan gorrotatuko lukeen bikotea. Eurengan ere gorroto duena. Erabat ongi azaltzen ez dakien inbidia bat sentitzen duen hirukoteko kidea. Harremana juridikoki ireki arren, inoiz beste inorekin liatzen ez den bikotea.
Heterosexualitate zisa gehiegi bilatu uste duelako amorratzen hasi den transa. Bere zakila, bere alua, bere ileak, bere eskuak, bere aurpegia gorroto dituena. Berrogei urteko gizonekin oheratzen den hamabosteko marika. Grindreko ligatzeko moduak gogaitu duena. Normalizatu duen azalekotasunetik irteten ez dakiena. Harreman intentsoegi batetik irten eta astebetera beste batera sartzen amaitu duen bollera. Molde heterosexualeko zeloak sentitzen dituena. Berekin liatu diren guztiekin maitemindu dena. Bollera izan nahi duen marika. Marika izan nahi duen bollera. Patroiak eta rolak naturalizatzen ari garelako susmo txar hau.
Parrandan beti jende berarekin amaitzen duelako nekatu den queerra. Jende berria ezagutzeak pereza ematen diona. Bizitzera Madrila joan behar izan zuena. Itzuli nahi bazuen ere, itzuli nahi izan ez duena. Besterik gabe gizon batekin liatu eta zoritxarrez harekin maitemintzen bukatu duen bollera. Azkenean bizitza osoa hura zaintzen igaroko duena. Aita ospitaleratu dutenean hura zaintzeko baja hartu duena, lagun batekin hori sekula egingo ez lukeen arren. Lagunak bikoteekin bizitzen eta ezkontzen eta arratsaldeko planik ez egiten hasi zaizkion disidentea. Lagun denak guraso bihurtzen hasi zaizkiona. Guraso egin dena. Bakarrik sentitzen dena. Bakarrik geratuko delako izu dena. Behar duenean nork zainduko duen esaten ez dakiena. Bizitza heterosexuala kopiatzen bukatu duen bikote queerra. Lagunekin zahartu nahi duena baina berekin zahartu nahi duen lagunik edukiko duen ez dakiena. «Ni ez naiz eroriko, ezta?» esan eta erori egin zena.
Badirudi porrotera kondenatuta daudela bizitza heterodisidenteak. Arrakasta heterosexuala den neurrian, beharko egon. Nekagarriak dira bizi-praktika queerrak, desesperanteak, frustrazioz beteak... are, hala ez balira, ez lukete zentzurik edukiko ziurrenik.
Bai, ziurgabeak izango dira heterosexualitate monogamotik irteten diren bizimoduak, harremanak, gorputzak, ekintzak, eta beti egingo dute, batera ez bada bestera, porrot. Hori bai, porrot, baina beti modu ezberdinean. Zer egingo diogu, bada! Anekdota dibertigarriak aterako ditugu behintzat. Heterosexualitatea beti da aspergarria modu berean.
Nik pentsatu nahi nuke merezi duela, edukiko duela irteerarik zuloak; eta bestela, lasai, lagunok, ikasiko dugu zuloan bizitzen. Muxu asko eta uda on.