oihana arana

Deseroso noalako idatzi dut hau

2024ko urriaren 4a
05:00
Entzun

Liburu batzuk udan irakurtzekoak dira eta beste batzuk ez. Kategorikoegia irudituko zaizue, akaso, nire tesia. Baina ez zait zalantzan jartzeko modukoa iruditzen.

Udan irakurtzeaz ari naizenean, hondartzan irakurtzeaz ari naiz batik bat. Hondartzan, oraindik bizitza ona zer den ez dakigun eta hondarraren gainean etzatea ideia ona dela uste dugun burugabeok, etzanda irakurtzen dugu normalean. Deseroso egoten gara eta une oro aldatu behar izaten dugu postura; bizkarreko mina daukagulako, eguzkiak begietan min egiten digulako, liburua esku bakarrarekin eusteak besoa nekatzen digulako, ile bustiak liburuko orriak tantaka bustitzen dituelako... nik zer dakit. Ez gara hondartzan etzanda irakurtzea deserosoa dela onartzeko kapaz eta aitzakiak behar ditugu.

Horregatik diot liburu batzuk bakarrik direla udan irakurtzeko aproposak. Deseroso egonda ere gustura irakur daitezkeenak. Udan saiakerak irakurtzen dituzuenoi irudituko zaizue friboloegia nire irakurketa eta esango duzue uda dela irakurtzeko ganorazko tartea ateratzeko gai zareten urte sasoi bakarra. Nik ez dut sinisten hondartzan adi egoteko gai zaretenik, nik ez dut sinisten gorputzak nola egon ez dakien uneetan orrialde bera behin baino gehiagotan irakurtzen duzuenik.

Honekin ez dut zuen ohituren inguruko ondoriorik atera nahi. Nire helburua ez da nire ohiturak zuen egin ditzazuen. Gorputza dagoen moduak, jarrerak, posturak... egiten dugun horretan eragina duela esaten ari naiz.

Gorputzetik irakurtzen, idazten, entzuten... dugula esaten dugunean, ez gara metaforikoki ari. Metaforak ondo daude, baina pertsona batzuen marko politikoa gutxiesteko eta, beraz, pertsona horiek infantilizatzeko zerbait metafora bat dela esatea ez dago ondo. Gorputzetik sortzeaz edo gorputzetik jarduteaz ari garenean, gogo-gorputz dikotomia hausteko ahaleginean oinarritzen da gure praktika. Arima, esentzia, barrua, garuna, arrazionala... kontzeptuei ez diegu nahi gabe muzin egiten. Baliagarriak ez zaizkigulako eta murriztaileak direlako baizik.

Gertatzen den guztiak eragiten du gure gorputz indibidual eta kolektiboetan. Eta guk ere espazio horretatik gertarazten ditugu gauzak. Garenaren eta ez garenaren arteko muga ez du azalak markatzen. Eta ez naiz usainaz eta izerdiaz ari, ez naiz lagunen etxeko dutxetan ileak uzteaz bakarrik ari. Are gutxiago arimaz. Bizi ditugun garai teknologikoetan garen hori guztiz ukigarria dela pentsatzea bera ere zentzugabekeria da. Gorputza oinarri politiko gisa markatzeak gauza asko esan nahi ditu. Eragite eremuak, praktika konkretuak, helburuak... aldatzen ditu. Baina ez datza horretan gaurko nire hausnarketa.

Hondartzan etzanda liburu konkretu batzuk irakur daitezkeela esaten hasi dut artikulua. Eta nahiko argi daukat gorputz jarrerek eragin handia dutela gure egiteko moduetan. Kapitulu laburrak dituzten eleberriak irakurtzen ditut nik hondartzan. Autobusetan ere ezin dut edozer irakurri; autobusean poemak irakurtzen ditut. Ipuinak bidaia luzeagoetan. Eta gainontzeko gauzetarako ere ez pentsa... Narrazioak idazmahaian idazten ditut. Poemak edonon. Bertsotan hobeto egiten dut zutik banago. Poema adierazgarrienak sofan oker-oker eginda nagoenean idazten ditut. Pentsatzeko oinez ibili behar dut derrigor, egiten dudan distantziak buruhaustearen tamaina neurtzen laguntzen dit. Negar egiteko eserita egotea gustatzen zait; barazkiak mozteko hanka bat banketan pausatzea...

Artikulu hau ere ez litzateke hau autobusean ordenagailua altzoan hartuta idatzi izan ez banu. Erosoago banengo ulergarriagoa zatekeen testua, orbelari buruz edo hitz egin izango nizuekeen. Baina tira, gai hau jorratzeko modu egokiena zela iruditu zait.

Ez dakit ondorio garbirik atera daitekeen esan dudanetik... datorren uda hasi baino lehen hondartzara joateko aulki bat erosi behar dut, hori bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.