Denboraren Kapsulen Nazioarteko Elkartearen arabera (bai, existitzen da, ez dut nik asmatu) zera da denboraren kapsula bat: garai jakin bateko bizitza nolakoa zen ordezkatzeko objektu jakin batzuk gordetzen dituen kontenedore bat. Objektu horiek espreski aukeratuak izan direnez, nire zalantzak ditut benetako ordezkaritza bat ote diren ala eman nahiko genukeen irudiaren nolabaiteko proiekzio bat. Xaloa, apala, egunerokotasunaren txikikeriaz beteriko modestia faltsu baten bodegoia. Ez da makala Nazioarteko Elkarteak hogeita hamar urtean zehar, kapsula sortzaile eta bestelako bolondresei esker jaso dituen denbora kapsulen kopurua. Urkiolako parketik gertu dagoen kapsula pribatua kenduta, Euskal Herrian aurki daitezkeen gutxiak ikastetxeetan sortu dira. Gasteizko Mendizabalako lanbide heziketako ikasleek bat sortu zuten 2011-2013 inguruan eta 2014an beste bi sortu zituzten Baionako Largenté Lizeokoek, hamar urtetara irekitzeko mandatuarekin, iaz beraz. Auskalo zenbat ikasle ohi egongo ziren irekiera zeremonia horretan, halakorik izan bazen. Auskalo zenbatek pasako zuten lotsaren eta nostalgiaren arteko nahasketa nerabe bezain eterno hori.
Nazioarteko Elkarteak ez du lotsa eta nostalgia eragiteko gai den denboraren kapsula mota arruntena jasotzen hala ere: independentziaren gerra biziraun duten gurasoen etxeko nerabezaroko logelak. Zutik mantendu diren armairuak eta urtetan ireki ez diren kaxoiak dituztenak. Mitomaniak artaturiko bihotz hautsien eskamak aurkitu daitezke bertan, gaur egun ezagun estatusa duten lagunekin egindako parranda bateko argazkiak, parte hartzeagatik (ez irabazteagatik) jasotako kirol dominak. Dena bere horretan dago eta, aldi berean, dena da desberdina. Hori da denbora kapsula hauek dutena, irekitzean, garai jakin bateko bizitza baten ordezkariak diren objektuek gaur egungo gure bizitza ere islatzen dutela, funtsean betikoak izaten jarraitzen dugula baieztatzeko. Nire nerabezaroko logela betiko hustea egokitu zitzaidan orain dela gutxi. Gauza asko zakarretara bota nituen baina nire gaur egungo etxera eraman ditut beste hainbat ere. Ezin izan diot eutsi denbora, espazio eta beste edozein logika desafiatzen duen memorabilia gordetzen jarraitzeari. Ez kezkatu nigatik, lotsa hor dago oso fuerte nostalgiak ito ez nazan.
Irudikatzen ditugun denbora kapsula gehienak lurpean aurkitzen dira, erreferentzia den zuhaitz baten aldamenean, baina, egia esan, espazioan zehar bueltaka ditugu ezagunenak. Voyager I eta II zundak 1977an eguzki sistemaren kanpoko muga aztertzeko asmoz abiatu ziren eta bidean norbait topatuz gero erakutsi dezaketen urrezko disko bana daramate, dagoeneko apur bat zaharkiturik gelditu diren gizakion inguruko informazio eta edukiekin. Garai eta estilo desberdinetako musika sartu zuten (Mozart-etik Chuck Berry-ra), naturaren soinuak, lurra eta gizakiak deskribatzen dituzten irudiak eta kosmosean dugun kokapena, bisita txartel gisa edo. Orduko Nazio Batuetako idazkaria zen Kurt Waldheim-en mezu bat ere bazeramaten, gure eguzki sistematik bakearen eta adiskidetasunaren bila ateratzen ari ginela argituz badaezpada. Zertarako bestela. Apaltasuna eta itxaropena aipatzen zituen aurkezpen gutun hartan, eta zer nahi duzue esatea, turismo marketin kanpaina bezala oso ondo, baina sekulako dezepzioa adierazteko modukoa da Tripadvisor-en gaur egungo planeta hau. Urrezko diskoek berrogeita hamabost hizkuntzatan grabaturiko agur desberdinak jasotzen dituzte (ez, ez dago euskarazkorik). Poloniarrek ongietorria ematen zuten beraien mezuan. Bisitan etortzeko gonbidapena luzatzen zen mandarin txineraz. Arabiarrek izar arteko lagunak agurtu eta denborak batu gaitzan espero zuten. Hebreeraz «bakea» besterik ez zuten esaten.
Ea norbait hitz hauek lotsa eta nostalgiarik gabe entzuteko gai ote den inoiz.