Kalekume bat naiz, gara. Nire lagunak eta ni. Gure lehen korrikaldiak semaforo eta obretako baranda artean egin genituen. Asfaltoaren kontra lehen ubelduak. Oroitzen dut ama esaten kontuz ibiltzeko, zementuak egindako urradurak belarraren aurka egindakoak baino zikinagoak direla. Arkupedun plaza laranjatan izan ziren gure lehen muxu eta zigarroak. Den-denek zuten, salbuespenik gabe, ditxosozko kartela: Prohibido jugar con la pelota.
Ez da nire oroitzapen-sortan dudan tontakeria bakarra. Berriki, egunkari batean azaldu du Javier delako batek grafitien lakraren aurrean duen kezka. Proposatu du esprai poteak erosterakoan nortasun agiria eskatzea, modu gupidagabean hiria zikintzen duten horiek errazago atzemateko.
Espazio publiko, urbano, hiritarrean sozializatzeak hamarnaka arau exijitzen ditu. Pentsa, udaltzainak etortzen ziren eskolara absurdukeria horietako hainbat azaltzera. Kalekume izatetik hiritar izatera pasatu gintezen zen ideia. Alabaina, Erving Goffman soziologoak ohartarazi zuen: egunerokoan ez dira tontakeriak existitzen. Xehetasun hutsalenak ere informazio izugarria eskain diezazuke. Zer dago baloiaren debekuaren atzean? Nire lagun antropologo eta psikologo sozialek eman didate gako-hitz bat: espazio publikoa.
Nire hiriko udalaren hitz faboritoetako bat da. Orobat, hiritarron ongizatea eta segurtasuna bermatuko omen duten neurriak iragartzeko darabilte. Lehen belarra zena peatonalizatu, jardinak hesitu loreek luzitu dezaten, Infernuan Amenabar enpresaren kargu etxeak eraiki, nik zer dakit. Normalean, 3D-n diseinatutako irudiekin iragartzen dute zein inbertsiorekin hobetuko duten espazio publikoa, ingeleseko workbook bateko pertsonak baino zoriontsuago izango diren hiritarrentzat.
Andrés di Masso psikologo sozialari irakurri diot promesarekin zabuka dabilen kontzeptua dela espazio publikoa. Beti saltzen duenaren eta den horren arteko kontraesanean. Haren hitzetan, ideal normatibo bat du bere baitan, hau da, hiriak eta hiritarrek nola izan beharko luketen proiektatzen du.
Proiektu erakargarria izan ohi da lehen begi-kolpean: bulebar zabalak, kale txukunak, zarata neurrian, kontsumorako eta atsedenerako parada eta, noski, konfliktorik eza. Alabaina, normatiboa, arauemailea den neurrian, espazio publiko abizenak kaleari arauak jartzea eskatzen du. Arauak, bijilantzia eta kontrola. Eta, noski, ideala zikindu edo asaldatuko duen edozein praktika eta pertsona arrastoan mantentzea.
Hala, bankuak diseinatuko dira bertan esertzeko, baina ez bertan gaua pasatzeko. Iturriak ura edateko, baina ez garrafak betetzeko. Espaloian egon zaitezke, baldin eta ez bazaizu nabari ez duzula beste inora joateko aukerarik. Kuadrillan bil zaitezke, baina zure azal kolorearen arabera identifikatuko zaituzte «badaezpada». Eta azken buruan, kalea denona da edo ez da inorena leloetatik urrun, soilik klase jakin batek du espazio publikoa habitatu eta enbarazu egiten diona zokoratzeko eskubidea.
Manuel Delgado antropologoaren hitzetan, «botereak kalea zelatatu behar du, espazio publikoan ordena mantentzen dela ziurtatu eta inbertsio pribatuari ateak irekitzeko». Inguru urbanoa inbertsoreentzat ahalik eta txukunen mantentzeaz ari da. Alegia, kalea erakargarri egin, eraikigarria izan dadin. Izan ere, Delgadorekin batera, geografia urbanoan aditu den Nuria Benachek dio sekulako aldea dagoela agintariek espazio publikoa eraldatzeko duten entusiasmoaren eta merkatuari mugak jartzeko aurkezten duten ezintasunaren artean. Hiriko arazo larrienen erroak bigarrenean badaude ere. Espazio publikoak gutxi du publikotik, dio Delgadok. Kapitalismoan kalea lurzoru bilakatzen da, besterik ez.
Kalekumea naiz, gara, edo akaso ginen. Nire lagunak eta ni. Nik maite dut kalea. Kariñoa diet plaza laranjei eta ajatu ahala akuarela pastelen kolorea hartzen duten fatxadei. Nahi nuke kalejirak egiteko kale bat, eta irribarre egiten duten izartxoak paretetan. Debekatuta baloiarekin jolastea. En fin. Orduan drogatu egingo gara, erantzuten zion pintada ospetsu hark.