Arau berria onartu du Espainiako Gobernuak eta behartzen ditu hotel, turismo-etxe, bidaia-agentzia, kotxe-alokairu enpresak eta beste, non bidaiari, bisitari edo turistek izena ematen duten, bezeroon datu gehiago hartzera. Lehen datu mordoa hartzen zuten, orain gehiago. Sektorea asaldatu egin da. Asaldatu da, nagusiki, lan gehiago egin behar dutelako, denbora gehiago eskaini beharko diotelako fitxa bakoitzari, eta, batzuen aldetik bederen, bezerooi galdera deserosoak egin beharko dizkigutelako. Jendeak erantzun nahiko ez dituenak agian, eta trabatuko du harremana.
Segurtasunaren izenean.
Askok orain jakingo zuen (edo ez daki) datu horiek ez direla fitxa huts bihurtzen, bezeroen datu-meta alferrikako bat. Datuok plataforma batean sartzen dira, zuzenean Poliziaren ordenadoreetara; ez Hotelen Konfederazioaren webgunean, Poliziarenean baizik. Eta, beraz, izen edo karnet-zenbaki susmagarri bat baldin badago, bilatua baldin bada, klik egiten du sistemak, argi gorria pizten da. Eta zure asteburuko txangoa txainku gerta liteke.
Segurtasunaren izenean, hortaz, bada denbora hotel eta kotxe-alokairu eta abarrak polizia-kontrolaren adar bakazionala bilakatuak direla. Legez derrigortuta haien ostatuan nork lo (edo) egiten duen anaia handiari esatera. Salatari sare Itzela uniforme gabeek osatua!
Askatasunaren aurkako enegarren erasoa da, kontrol erabateko programatuaren beste urrats bat, baina ez nau bereziki inkomodatzen. Gehienon bizitzak aspergarri samarrak dira —ikuspegi kriminal batetik erranda—, eta ez dut uste nireari begira, kasu, denbora gehiegi pasatuko duenik inork. Denbora pixka bat bada, gainera, gure ibilera guztien berri baduela Googlek, telefono eta txartelen eta bestelako algoritmoen bitartez. Eta ez dakit, egia esanda, zerk eragiten didan beldur handiagoa, Googlek edo Poliziak.
Mafia eta delinkuentzia antolatuaren aurka egiteko hartu dela neurria argudiatu du Barne Ministerioak. Erraza daukate: begira dezatela euren kontaktu-zerrendetan, guasap taldeetan, agendetan… hantxe dauzkate munduko delinkuentzia antolatuaren buru eta guru guztiak!
Nor arma trafikatzaile handiagoa Ukraina, Palestina, Siria, Sudan eta zerrenda luze bateko gerrak piztu, berotu eta mantentzen dituen talde industrial-militarra baino? Munduko negozio zikin guztien diruak nortzuk gorde, banatu, kudeatu eta gizentzen dituzte? Nortzuk dira delitu antolatu serio guztiak laguntzen eta bideratzen dituzten teknologien jabeak? Party-ak partekatzen dituzte, arraioa!
AEBetako gobernu berriko kideek zenbat diru duten datua ikusi nuen lehengo batean. Alimalekeria. Eta konstatazioa duela 6.000, 3.000, 1.500, 500, 100 eta 15 urte bezala, dirudunek hagintzen dutela. Disimulu tarte batzuk izan dira, baina ez: dirudunek hagintzen dute, eta hala ez denean hagintzen dutenak dirudun bilakatzen dira. Plutokrazia deitzen zioten greziar zaharrek, aberatsen gobernantza. Berriagook ere hala ikusten dugu, diferentzia l letra erori egiten zaidala hitza ahoskatzean.
Eta bien bitartean, noiz hasi zen akordatu ere egiten ez garen Siriako gerrak, amaitua ez zena, Alepotik dakar notizia. Al-Assad osaba Putini laguntza eske, salafistak suelto, kurduak inoiz eten ez diren turkiarren erasoak jasaten, Israel bere eromen genozidan oilartuta, AEBetatik aldekoago haizeak —posible bada— jotzen duelarik… Ekialde Hurbila beti bezain urruti.
Mundua hankaz gora, inguruan mugituko gara oporretan, badaezpada, urrutiegi joan gabe. Askoz toki seguruagoa baita gurea. Supersegurua. Non eta senar edo bikotekideari testosterona gehiegi gogortzen ez zaion. Toki hipersegurtatua, herritarrok datu-base hutsak bilakatu garen aroan.