Hego Euskal Herrian albistegia bat eta bakarra zenean, eta beraz espainola —Maite Ubiriak eta Franck Dolosorrek berripaper honetan esan berri dituztenak akuilu—, eta albistegiak familian ikusten ziren garaian, irailaren 11k Txilera eramaten gintuen. Albistegiez gain, bestelako lotura emozionalak zeuden herrialde harekiko —Argentinarako baino areago, esango nuke, eta desagertuen eta errepresioaren basan ez zeukan inolako inbidiarik Plata itsasertzekoak—, Pinochetek aurpegia jartzen zion diktadore krudelaren figurari, eta Salvador Allenderen heriotzak garai oso baten irudiak markatzen zituen.
Beste gertakari historiko asko bizi izan ditu munduak, momentuan hark adina inpaktatu gintuztenak tartean, baina gutxi dira data bati lotuak, eta beraz urteroko akorduan, geratu direnak. Batek daki zergatik, eta akaso orokortu nahi dudan nire pertzepzio oso partikularra da irailaren 11n urtero gosaldu edo bazkaltzen ginela Palacio de la Monedako irudi zuri-beltzekoekin, Victor Jararen ahots eta ahaireekin.
Denboraren etorriak, jakina, oroitzapen kolektibook maiztu egiten ditu, eta desagertu egiten dira eta berriak sortzen. Sarraski eta triskantzetan non aukeratu beti dago. Kasu batzuetan, gaurko eguna bitxia da horretan, ordeztu egiten dira.
Hego euskal herritar amorratuak izanik gehienok, Kataluniara ere eraman izan gaitu gaurko egunak, baina esanen nuke garai batean, XX. mende amaiera eta XXI.enaren hasiera, ez zela hainbestekoa Diadaren oihartzuna. Une batez, proces-arekin, lortu zuen gaurko eguneko pole position-a, eta oraindik ere garra piztuta dago, baina desproces-ean gabiltzalarik, sua itzaltzen doa, brasa errauts bihurtzen.
Txilerako atentzioa ordeztu zuena I-11 izan zen, jakina. Dorre Bikiak. USA under attack. Ordura arte gure kulturan baliatzen ez genuen data seinalatzeko laburdura ere saldu ziguten, data horrekiko gurtza saldu diguten bezala. Hegazkinen ekintza newyorktar ikusgarriak historiaren norabidea aldatu zuela esaten da, historiak aurrez ezarritako norabidea balu bezala, baina ukaezina da izan dituen ondorioak oso kontuan hartzekoak direla, mundua diferentea dela harrezkeroztik.
Ez nator, baina, gertakari historikoaren eta haren ondorioen azterketa egitera.
Egun seinalatuez hitz egitera baizik.
AEBtarrak jo zituzten eguna da oroitzekoa —egun gaizto gisa, alegia; terroristek egun gogoangarri gisa gogoratuko dute, diot nik, baina gu usatarren lubakian gaude—. Egun horretakoak dira biktimak. Ez dezagula ahantz, ez gaitezen tronpa.
Hilabete barru gogoraraziko baitute beste data seinalatua, U-7a. Data hori sarrarazi nahiko dute (urte osoa horretan daramate) dolu kolektiboaren egutegian. Ekintza gaiztoa egun horretakoa. Ordukoak biktimak. Ez dezagula ahantz, ez gaitezen tronpa.
Genozidioari ez diogu jarri datarik. Borreroen egunek ez dute datarik.
Egia esan, ez da erraza palestinarren sufrimendua eta erasoa seinalatuko lukeen eguna hautatzen: urteko 365ak izan daitezke. Zein baino zein mingarriagoa, latzagoa.
Norberak erabakiko du urriaren 7an zer oroituko duen, nik garbi daukat: gizateriak aspaldian bizi izan duen lotsarik handienaren abiatze-eguna.
(Aste honetan bata bestearen segidan jasotako informazioen ondoren —Kenyan bikotea hil su emanda, Gasteizen 76 urterekin aiztokada jaso, senarrak antolatutako bortxaketa kolektiboa...—, ezin esan gabe utzi emakumearen aurkako biolentziari data aukeratzen ere ez dagoela zaila: edozein egun izan daiteke, izaten da).