Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Datak

2017ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Nork ez ditu Erasmus programaren ingurukoak entzun? Baina gehienetan jaia eta nahasmenduarekin baino lotzen ez dugun egitasmo horrek, erabat ezezagun egiten zaizkigun bestelako ondorio eta zirrikitu bitxiak ere badauzka. Jakin dugunez, iaz Bruselan egindako kalkulu baten arabera, azken 30 urteotan programaz baliatu diren lau milioi europarren artean, hirutik batek bikotea lortu omen du Europako herrialde batean, berea ez duen beste batean. Eta kalkulatu zuten, halaber, milioitik gora direla bikote horietatik jaiotako umeak; etorkizunerako laguntza ikaragarria kulunkatzen dabilen Europako Batasunarentzat. Esan dezakegu, beraz, eta ez da txantxa, ez dagoela politika eraginkorragorik europar herritartasunaz jabetzeko Erasmus programa baino. Eta horregatik besterik ez bada ere, uste du hasiera batean Parisen eta gerora Erroman 1951n jarri ziren Europar Batasunerako lehenengo harriek merezi izan dutela.

Eta Erasmusen 30. urteurrenarekin batera, euroaren 15.a edo Maastrichteko hitzarmeneko 25.a ekarri nahiko nituzke gogora, Europar Batasunaren 60. urteurrena betetzen denean, abagune gogoangarritzat baititut. Eta ospatzeko, Erroman bildu dira egun batasuna osotzen duten herrialdeak, hasieran zirenak baino askoz ere gehiago, baina ez hasieran ziren guztiak. Halere, eta ospakizunaren garrantzia aitortuz, esan behar dut harritu egin nauela han erabili diren hitz eta ekintzen epeltasunak. Zer ikusirik gutxi Schumanek Parisen sortutako hastapeneko altzairu eta ikatzaren batasunean esandakoekin. Gaur esan balitu, ez lukete gaurkotasun handiagorik izango. Munduko bakea, zioen, ez da lortuko aurrean dauzkagun arriskuak eta eurengandik babestu behar gaituzten ahaleginak neurri berekoak ez badira, eta, europarren arteko benetako elkartasuna sortze aldera, ezinbestekoa zela herrialdekiko ekimenak bakanak eta zehatzak izatea, orokortasuna alboratuz. 60 urte pasatuta, ostera, nahiko urrun gaude itxaroten genuen europar nortasun integratzaile eta solidario hartatik. Badago lana, sistema politikoa eta europar proiektuan ezinbestekoa den herritarron konfiantza berreskuratu behar bada.

Eta proiektuaz, urteurrenaz eta dataz, ezin pasetan utzi Iruñean 1977an EAJren denbora berrietarako ospatu zuen lehen aberri batzarraren 40.a. Onartu behar dut jakin-minez bildu nintzela orduko txostengileen ohol gainean esango zituzten hitzak entzutera, eta ikustera, jakina. Eta esan behar dut ez zidatela huts egin, ez eurek, ez eta esandakoek ere; zeren, urteak urte, ideien argitasun eta sendotasunek inoiz baino tinkoago baitiraute. Eskarmentua eta jakinduria topera! Eta konprobatu nuen arlo politikoan jarritako zutabeek eraiki duten etxea sendoa dela, eta ez duela gaurkotasunik galdu arlo sozialaren modernotasunak. Eta egiaztatu ahal izan nuen egindako bidea orduko «abarketa lanari» esker moldatu eta jorratu zela, han sortutakoak ez zeukala parerik, eta munduan zeuden mugimendu eta pentsaerak kontuan izan bazituzten ere, geurera begira eginda zegoela. Gizartearen garapena eta gaurko errealitatea ikusita, asmatu zutelakoan nago.

Eta ibilbideak eta daten artean, apirilaren 8koa; berari so. Benetan garrantzitsua ekarriko omen diguna azken-aurreko pauso honek. Armadunek armak entregatuko dituztela agindu digute. Gero, armak erabiltzeko sortutako organizazioa bertan behera uztea besterik ez da geldituko. Ea 40 urteren buruan, burua besterik erabiltzeko hautua burutzen duten, eta kapaz garen bideak elkarrekin egiteko; oinetakoak gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.