Garazi Kamio Anduaga.

Cover

2024ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun

Alexia Putellasenak bezalakoak zituen, marka-marka eginda, gimnasioan ordu mordoa sartu izanaren ondorio garbia. Bartzelonako jokalariak pasa den larunbatean erakutsi zituen bezala erakusten zituen abdominalak berak ere, eta noizean behin atzamarra pasatzen zuen koskor guztien gainetik, sabelean ondo nabarmentzen zitzaion txokolate tableta gihartsuan forma laukiak azpimarratuz.

Urteak pasatu dira Michelangelok ere zizelkatu ezin izango zukeen gorputz hura ferekatzen ez dudala. Ez da zilegi aspaldiko kontuez aritzea, baina hilabete hauetan berriz iritsi dira nire bizitzara, tupustean eta aurretik ezer esan gabe; guztia ni ederki izorratzeko asmoz.

Bi hamarkada baino gehiago pasatu dira waterpoloko entrenatzaile izan nintzenetik. Bartzelonako Olinpiar Jokoetan deskubritu nuen kirola, eta ordutik hona nire bizitzaren erdigune izan da. Orduak eta orduak pasatu ditut partidetako bideoen analisiak egiten, jokaldi zein taktika berriak asmatzen eta harrobiko jokalariak lortzen. Dena taldearen alde eta waterpoloak gure herrian merezi duen ospea eta aitortza izan zezan.

Hogei urte ziztu bizian pasatzen dira eta argi dagoena da gizartea erabat aldatu dela garai hartatik hona. Nerabeen kasua da horietako bat: duela bi hamarkadatako gaztetxoek eta oraingoek ez dute zer ikusirik. Horrela ikusten baitut nik garai hartako gure harremana. Bera ez zen gaur egungo gaztetxoak bezalakoa: oso heldua zen bere adinerako, baina baita hauskorra ere, azken batean nerabea baitzen. Mutiko berezia zen oso, adeitsua eta kirolean saiatua. Diziplina ondo barneratuta zeukan mutila zen eta begien aurrean irekitzen zitzaion etorkizunaren bidea waterpoloan izan zitekeela oso argi nuen.

Harreman berezia genuen, gutxi batzuek ulertuko duten horietakoa. Argi daukat erreferente heldu bat bilatzen zuela eta ni nintzela heldu hori, nahiz eta orduan ni ere emakume gazte bat izan.

Nire etxera gonbidatu nuen behin, waterpoloko partida bat ikustera. Biok bakarrik egon ginen eta egun hartatik aurrera bion arteko lotura areagotu egin zen. Muxuak izan ziren hasieran eta abdominalen ferekak ondoren. Hortik aurrera, nik nahi nuen jolasetan murgiltzen ginen. Maiz etorri zen etxera hurrengo urteetan, waterpoloa unibertsitate ikasketengatik utzi zuen arte. Gure harremana ere hor hoztu eta amaitu zen, eta urte hauetan guztietan ondo gorde du hitzartu genuen sekretua: gure artekoa inori ez esateko eskatu nion, jendeak ulertuko ez zukeelako eta waterpoloan izan zezakeen etorkizuna zapuztuko litzaiokeelako. Bi hamarkadaren ondoren kontu eske datorkit orain, aurretik astirik izan ez balu bezala. Garai hartan ez zuen txintik esaten biok egiten genuenaren inguruan, ez zuen kontrako hitzik. Eta hori, gustuko zuelako zen. Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik. Badakit nire izen ona zikindu nahi duela eta ziur naiz atzetik beste norbait ere badagoela. Hori gutxi balitz bezala, bertsolari batek eta beste batzuek ere nire kontrako txioak idatzi dituzte.

Euskal gizarteari esan nahi diot nire kontrako jazarpena dela hau guztia eta biktima neroni naizela. Hogei urtez atzera egitean garai hartako gizartea eta harreman motak hartu behar ditugu kontuan eta, noski, orduan isildu zenak ez du lekurik egun.

Nazka sentitu dut aurreko lerroak idaztean, baina zein erraza den bertsio bat idaztea, esaldiak buruan ondo iltzatuta ditugunean. Txioek, bertxioek eta bertsioek norabide berean egon beharko lukete eta argi izan biktima nor den, pertsonaia aldaketarik egin gabe. Benetakoek balio baitute eta ez cover sinpleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.