Inaki Galdos

Carballo berri bat

2024ko martxoaren 26a
05:00
Entzun

Miguel Pelay Orozco zenak kontatu zigun bere Pelota, Pelotari, Frontón lan ederrean, aldi berean Jesus Ecenarro elgoibartarrari jasoa. Esku pilota desafioa jokatzen ari ziren herriko kontzejupean bi bikote elkarren kontra, diru asko tarteko. Halako batean, atxiki garbia egin omen zuen hauetako batek, enpresa-gizona bera. Sekulako eztabaida sortu zen eta gure protagonista ikusleei galdetzen hasi. Jendea uzkur iritzia emateko, agian galdetzaileari errespetu handiegia ziotelako. Ez ordea Albitxuri izeneko baserritar batek. Zer izan zen galdetu eta ez zuen honek zalantzarik izan epaia modu bitxian emateko: txingarra izan balitz, lehenago botako zenukeen.

Hileten ondorengo solasaldiek maiz eskaintzen dute aukera aspaldi ikusi gabeko jendearekin berba egiteko, baso erdi batzuen bueltan. Pasa den astean Juanito Osak utzi gintuen Oñatin eta bera agurtzera hainbat jende bertaratu zen, garai bateko pilotaren mundukoa. Esku pilotako atxikia izan zuten hizpide halako batean, garai haietako euren bizipenak tarteko. Elgoibarko pasadizoak erakusten du betiko kontua dela hau, baina gauza jakina da duela bost hamarkada hasi zela polemika bizia pilotan harrika egitearen inguruan eta laurogeiko hamarkadaren hasieran lortu zela pilotalekuak garbitzea; ez betirako eta ez erabat, bistan denez, baina bai egoera arriskutsu baten aurrean planto egin eta ziaboga egiteko moduan. Une gogorrak izan ziren pilotaren munduan, tartean sufrimendu pertsonal handiak, epaile askorenak adibidez, baina egin beharrekoa egin zen. Denek onartzen dute Javier Carballo zumaiarra izan zela orduan lidergoa, ausardia eta begirada luzea erakutsi zuena.

Oraindik egoera larritik atera ez bada ere, susperraldia bizitzen ari da zesta-punta. Oso ondo egiten ari dira gauzak hainbat eragile han-hemenka. Berrikuntzak eta haize freskoa ekarri dituzte batzuek euren txapelketa eta liga berriekin, komunikatzeko gaitasun handiarekin batera. ETB egiten ari den apustua ere txalogarria da. Baina ez da dena urre kolorekoa. Adituek diote zikin samar dabilela jokatzeko modua oro har. Are gehiago, ez dago oso aditua izan beharrik ikusten diren gauza batzuen aurrean asaldatzeko. Arazoa onartuta ere, badago jendea zesta-puntaren inguruan, esaten duena orain modalitatea berrindartzea dela premiazkoa eta ez dagoela astirik, indarrik, beharrik, ur handiagoetan sartzeko. Beste askorentzat, ordea, ezinbestekoa da frontoia garbitzea, neurri batean bada ere. Gero berandu izango omen da.

Juan Inazio Zulaika puntista ohi eta adituak podcast interesgarria sortu du duela hilabete batzuk, Zulaika´s Txik Txak. Bai berak eta bai bere solaskide diren Fernando Elola, Pakito Lujanbio eta Mikel Gaztañagak iragarria dute monografiko bat arazoaren inguruan. Irrikaz gaude entzuteko. Bitartean, orain arte esan dituztenak laburbilduz, hiru zertzelada. Bat, arazoa ez da berria, garbi eta zikin jokatzearen inguruan 1918an Kuban izandako polemika bat ere aipatu izan du Gaztañagak adibidez. Bi, hainbat jende, Elgoibarko ikusle haiek bezala, uzkur, errespetuz sumatzen da iritzia emateko, gaia deserosoa dela jakinda: puristatzat hartuko gaituzte, ardoa ozpintzen ari garela aurpegiratuko digute eta abar. Hiru, agian garrantzitsuena: erabakiak hartzekotan, nork eta nola hartu? Ba al dago gaur egun autoritatea, sinesgarritasuna, ospea, lidergoa duenik erabakiak hartu eta hauek ezartzea lortzeko, are gehiago antolakuntza hain zatikatua duen mundu horretan? Agian Javier Carballo berri baten beharra du orain zesta-puntak, lehen esku pilotak izan zuen bezala. Sortuko ahal da!

Eta bai, jabetzen naiz agian arraro samarra egingo zaiola norbaiti gaurko arkupe hau pilotari eskaini izana eta ez politikari, ohitura dudan legez. Arkupea kontzejupe gaur, beraz. Ez da lehenengo aldia hala ere. Baina bai, euskal pilota kirol hutsa baino askoz ere gehiago dela uste dugunik ere bagara. Horregatik hainbeste kezka, hainbeste buruhauste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.