mikel elorza

Burbuilak ponteetan

2025eko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pasatu diren jai egun hauen hasieran programazioan ikusi nuen, Espainiako telebistan, Pasioa eta aintza izeneko saioa zegoela. Konturatu nintzen erotismoaz ez zuela jardungo, pasioa eta grina tira, baina aintzarena ez bainuen ongiegi ezkontzen erotikarekin. Erlijioaz zen, Aste Santuaz. Pasioarenak nahasi ninduen; gaztelaniazko pasión astesantutar hori euskaraz nekaldi dugu. Eta iruditzen zait euskarak bete-betean asmatu duela nekaldia deitzen Jesus izena zuela esaten duten pertsona haren heriotzarako bideari, eta horren inguruan ematen duten kalakari. Prozesioak eta kristoak, ze nekosoa!

Jada ez dela hainbestekoa? Bai. Egunok opor egun bilakatu dira eta gehienentzat esanahi erlijiosoa galdu dute, eta Espainian oporretan dabilenak nozituko (gozatuko inork?) badu ere, esango nuke erritua eta ikuskizuna gehiago dela, bizimodua ardazten duen elementuren baten parte baino. Ukaezina da egungo gizartearen, gurearen bederen, desakralizazioa.

Baina ardaztu izan du, ardaztu izan duenez. Eta eragina latza da, latza denez. Orduan Erromak eta egun Israelek okupatua daukan Belenen jaio omen zenaren nekaldiari Frantzisko izena hartu zuen zubigilearen heriotza batu zaio, eta kandelak ahitzen ari zirenean, hara, argizari karga berria mainstream izaten jarraitzeko. 

Zientoka urtetan beldurra eta iluna bere boterearen zimendutzat eduki dituen Elizak ez ditu garai onenak bizi, beraz. Argi falta latzetik argi estroboskopikoen estresera banpez pasatu garela dioenik izango da, baina ni pozten nau abitu-usaina nagusi ez izateak. Ez naiz ni aholkurik ematen hasiko, baditu doktoreak Elizak, baina haien bezeroen adin batez bestekoa ikusita, zerbaitetan hasi beharko lukete. Edo agian ez. Agian bezerorik gabe baina botereguneetan ondo kolokatuta segitzearekin nahikoa dute: eskolen jabe izaten uzten zaie, akordioak dauzkate hobari ekonomikoak izateko, inbertsioak mundu osoan… Ardi barik ere, artzainen patronalari eutsiko diote larreen jabe diren bitartean.

Baina ematen du kontuak aldatzen doazela. Bestelako fede batzuek ordeztu dute kristautasunarena. Jendeari ostiak koloretakoak gustatzen zaizkio, eta ponteetako ur bedeinkatua baino nahiago burbuilak. Lurrekoak guda irabazi dio zerukoari. Eta gehienek beste bizitza batera arte zain egon gabe akitu nahi dituzte hemen indarrak eta gogoak eta grinak oro. Badaezpada. Eta izatea inportantea izango da akaso,  baina arima kantu melengak egiteko hitz bilakatu da, eta edukitzea bihurtu da fede eta xede. Paradisua eurotan neurtzen da eta zeruko ateek ez daukate ez giltzarik ez giltzaririk, visarekin irekitzen dira (tira, hori lehen ere bai, zeruak lehen ere first class tiketa bazeukan). 

Baina kasu, artzaintza ere iraungi, fedeak behea jo eta bere burua autodisolbatu edo birfundatzeko asmorik baleuka Elizak, aurrena entrega ditzala armak ez bada ere ebatsi dituen ondasun guztiak; eta onartu «utzi haurrei niregana etortzen» dotrina oso muturrera eraman dutela. Hasteko.

Pasioa eta aintza-rekin hasi dut artikulua, eta ohartu naiz erlijio berri horietako baten goiburua izan zitekeela; egun munduan fededun gehien dituen erlijioetako batena: futbolarena! Pasioa, aintza, errituak, ospakizuna, kongregazioa, anaitasun galtzarbetarra… Fedabideen konplizitatearekin, Radio Mariaren uhina baino urrunago iristen da baloiaren hotsa, eta hori ez da broma! Eta berdin da nekoso eta gogaikarria sinesten ez duenarentzat (diot nik). Gaur egun zailagoa begitantzen zait futbolarekiko ateismoa bestea baino. Hil berri den Frantziskoren panegirikoa egiten ari zen kazetarietako bati entzun diot Argentinako pertsonarik ilustreena zela. Bai? Futbol-elastiko bat, 10 zenbakiduna, askoz jende gehiagoren bedeinkazioa jasotakoa da Bergoglio baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.