Iragan berri diren departamendu bozen garaian, Hego Euskal Herritik gehiago begiratu zen Andaluzia aldera, eta hori arazo bat da Euskal Herri bat badagoela azpimarratzen dutenen ikuspegitik. Baina egia da ere, hauteskunde horiek ez dutela interesik piztu Ipar Euskal Herrian berean ere. Horren lekuko da izan den abstentzio handia. Abstentzioak mesede egin ohi die abertzaleei. Frantziako bi alderdi nagusiak ez daude osasun hoberenean, eta horrek azal dezake boz-emaile anitz ez mugitu izana. Horren ondorioz, abertzaleen pisua handitu da ehunekoetan.
Ukaezina da gero eta handiagoa dela abertzaleen eragina Ipar Euskal Herriko bizitza politikoan eta hauteskundeetan. Horrek, ordea, ez du euforiarako tarterik uzten. EH Baik bataz beste, %16ko emaitza lortu zuen lehen itzulian, eta %2koa EAJk. Erran nahi du boz-emaileen %80 ez direla abertzaleak. Eta abstenitu zirenetan, bazena abertzale anitz?
Duela 50 urte erabat marginala izatetik kontuan hartzeko indar politiko bihurtu dira abertzaleak. Baina, mende erdi horretan, ez da lortu herria abertzaletzea. Oraino egoera horretan izateak pozteko arrazoi gutxi ematen du. Are gutxiago, Baiona, Angelu eta Miarritzeko emaitzek, ez baitira %10era heltzen ere. Barnealdean %20 inguruan ibiltzea baikorra da?
EH Baik 2008 eta 2011ko kantonamendu bozetan baino 1.821 bozka gehiago lortu ditu aurten. Alain Iriartek 2008an lortu zituenak gehituta, 3.426 bozka gutxiago izan dira. Hain zuzen, Alain Iriart ez zen abertzale etiketarekin aurkeztu aurrekoan, eta EH Baiko hautagai bat bazuen lehiakideen artean. Kontseilari nagusi hautatu zuten lehen itzulitik. Orain, EH Bai etiketarekin aurkeztu da, baina hautagaitza ireki modura; bere kidea, Beskoitzeko auzapeza, ez da abertzalea. Beraz, analisia egitea aski konplikatua da. Errobi-Aturri kantonamendua aparte utzita, EH Baik aurreko kantonamendu bozetan baino 879 bozka gutxiago lortu du aurten, lehen itzulian. Abstentzioak abertzaleei ere kalte egin die edo abertzaleek ez dute lortu bozka berririk. Bata ala bestea, ez dira baikorrak.
Bigarren itzulian, abertzaleek Frantziako alderdi sozialistaren sostengua jaso dute; eta jende anitz poztu da horregatik. Bistan da, sozialistek ordainez espero dutela abertzaleen sostengua beste hauteskunde batzuetan, nahiz eta sostengu horren truke ez duten deus emanen, beti bezala. Bestetik, sozialisten sostenguak ez ote du erakusten abertzaleen gaur egungo programa politikoak ez dituela anitz ikaratzen?
Bi itzulitako hauteskunde sistemaren ondorioa da diskurtsoak leundu behar direla eta akordioak egin behar direla, irabazi nahi bada. Horregatik lortu ote dute abertzaleek joan den bozetako balentria? Badira hogei urte herriko kontseiluetan sartuak direla, gehiengoen taldean edo oposizioan. Zein da horren fruitua, kasu batean eta bestean? Zein da Pauen egon diren kontseilari nagusi abertzaleen lanaren balorazioa?
Funtsean, departamendu bozak menpekotasun bikoitz baten adierazle dira: Ipar Euskal Herriak ez dauka boteregunerik, eta hurbilenekoa Biarnokoekin partekatu behar du, gutxiengoan egonik. Baina Paueko kontseiluak berak ere ez dauka botererik, eskumen bakar batzuk kudeatzeaz aparte. Parisek dauka aginte guztia, eta hori islatu dute departamendu bozek, baita abstentzioak ere. Bozketa sistema beste menpekotasun adierazle bat da, boterea Frantziako bi alderdi nagusien eskuetan gelditzea duelako helburu. Horregatik, joko-zelai eta joko-arau horiek eragin handia daukate abertzaleen mezuan eta agenda politikoan. Zer galtzen da? Zer irabazten?
ARKUPEAN
Bozen beste irakurketa bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu