Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Boterea

2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Asmakizun batek hala dio: Zer da daukanari eman eta ez daukanari kendu behar zaiona? Ez zaitzatela izenburuan engaina, ez da boterea erantzun zuzena. Eta, hala ere, pasa berri diren hauteskundeek hori gogorarazi didate. Ez ote diren hori, hauteskundeak, finean. Boterea lehendik zuenari ematea, ez daukanari kenduz. Azken batean, hor egoteko aukera eta zilegitasuna daukan edonor da boteretsu. Izan ezker, eskuin, berde, gorri, laranja zein more. Gorbatadun zein gorbatabako. Halakoetara dedikatzeko boterea behar da. Bizirauteko nahiko lan daukanak, edo are, boto eskubiderik ere ez daukanak ez duen botere bat. Eta hauteskundeak badira hori ere, botoen bidez, botere hori delegatu, emateko, berresteko modu bat.

Baina asmakizunaren erantzuna arrazoia da. Arrazoia da daukanari eman eta ez daukanari kendu behar zaion hori. Baina zer da arrazoia izatea? Zein lotura dute arrazoiak eta egiak? Matematikan erlazio zuzena dute: egia duenak arrazoia du. Eta egia matematikoak ere nahiko errazak dira definitzen. Onartutako printzipio batzuetatik, adostutako arau logikoak erabiliz ondoriozta daitekeen zerbait. Hori da egia.

Egia zer den badakigu, beraz. Baina, eta egia zer ez den? Hor konplexu bihurtzen da kontua, baita matematikariontzat ere. Ez-egia dena gezurra da, definizioz. Baina egia al da ez-gezurra? Alegia, noraino dira bi ezezko baiezko baten baliokide? Jon Lopategik zuzendu ohi zizkigun «gaur erez ez da etorri» bezalako esaldiak. Bi aldiz ezin zela ezeztatu, ez zela zuzena hori. Baina, ulertzen al du inork esaldi horretatik baietz, gaur etorri egin dela? Ezetz esango nuke. Edo pentsa, adibidez «ez ez da», «ez da ez» esaldiekin pasa zena, koma tartean jartzeko posibilitate guztiekin. Nahasmena sortzen du, eta ez da gutxiagorako.

Matematikarien gehiengoak baietz onartzen du, bi ezezko baiezko baten baliokide direla. Beraz, zerbait gezurra ez bada, egia da. «Absurdora eramanez» bezala ezagutzen den argumentazio mota da. Badira gutxi batzuk hori onartzen ez dutenak. Izan ere, onartzeak zenbait ondorio kuriosotara garamatza. Adibidez, posible da ekuazio baten soluzioa existitzen dela demostratzea, soluzioa zein den jakiteko gaitasunik ez izan arren. Baina ez gara matematikariok honetan aditu bakarrak, politikariek ere sarri egiten dutena da, soluzioa existitzen dela saldu, soluzioa nola eraiki jakin ez arren.

Gauza konplexuak dira, beraz, arrazoia, egia. Ezaguna da arrazoia demokratikoa ez denaren esaldia, edo egiak ez dakarrela justizia, automatikoki. Badakigu zerbait horretaz Euskal Herrian. Schopenhauerrek liburu bat dauka arrazoia izatearen artea izenekoa. Eztabaida bat nola «irabazi» jakiteko estratagemak emanez. Baina orduan, arrazoia egia izatea da, ala arte bat? Justiziarik ez dakarren arte bat? Nork ez du erabat garbi ez zeukan postura bat defenditu eztabaida batean arrazoia izan nahi izate hutsarengatik?

Ez daukagu garbi arrazoia izatea zer den, baina astetan zehar ikusi (eta ikusiko) ditugu politikariak han hemen, kanpaina eta debatetan arrazoia beraiek (eta batez ere besteek ez) zutela demostratu nahian. Xahutu dituzte energiak, hitzak, diruak horretan. Baina ez daitezela konfunditu. Guk igandean ez genien arrazoirik eman, boterea baizik. Arrazoia, ematekotan, inkestaren bati emango genion.

Boterea eman genien, eta botereak ez dakit lotura zuzenik duen arrazoiarekin. Baina badu lotura zuzena ardurarekin, eta lanarekin; nahiz eta sarri ahaztu egiten dugun. Arrazoia eta egia izaten tematu beharrean, hobe genuke, daukagun botereaz jabetu eta eskatzen duen arduraz lanerako erabiltzea. Eta honek denontzat balio du, ez politikarientzat bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.