Bost zenbakia matematika maite ez eta elkar ulertzera kondenatuta geunden garaian gehien maite nuen zenbakia zen. Matematika-irakaslearen alabak nahiago izaten zuen letren artean igerian ibili eta bere logika anker eta nanoarekin bosteko taula goitik behera menderatzen zuen, zenbakien amaiera 5 edo 0 izaten zelako. Gure gizartean badu bost zenbaki horrek erakartzen gaituen zerbait eta efemeride kontuetan abilak direnek aizkorak ondo zorrozten dituzte aspaldiko kontuak berriz ere memoriaren itsasertzera ekartzeko.
Badoa ziztu bizian otsaila eta badator hurrengo hilabetea inauteriz jantzita. Aurten martxoak bost zenbakia dakar berarekin, zifra hori bera betetzen duen urteurrena baitator ate-joka. Etxean sartuta egotera behartu gintuzten garai hura gertatu zenetik bost urte betetzen baitira martxoan: erabat ezezaguna egiten zitzaigun gaixotasun hark mundua eta gure gizartea geldiarazi zituen eta nolabait esatera, aro berri baten hasiera izan zen hura.
Barre egin dezagun indartsuago eta enpatikoago izango ginela zioten esaldi haietaz. Arratsaldeko zortzietan txalo egitea errituala bihurtu zen garaian nahiko beldur genuen enpatian pentsatzen hasteko. Indartsuago bai, norberak berea egiteko indar gehiago baitu orain, ondoan duena bertan dagoela konturatu ere egin gabe. Azken batean, pandemia batek ez du inor indartsuago egiten; bizitza ikusteko betaurrekoak aldaraziko ditu beharbada baina betaurreko horiek bakoitzak berea soilik ikusteko dira beti.
Hasi dira jada han eta hemen komunikabideak elkarrizketak egiten, orduko esperientziak lehen lerrora ekartzen eta egun gutxi barru ikusiko ditugu berriz ere hirietako kaleak hutsik erakusten zituzten irudiak. Errepikatuko dira jendea musukoa soinean duela agertzen diren argazkiak eta eskoletan ikasleek egin behar izan zituzten errutina haiek. Etorriko zaigu ezinegonaren harra sabelera batzuoi, eta dantza egingo du batera eta bestera arnasa sakon hartzen dugun bitartean. Beste batzuei, aldiz, garai haietako bizipenak berriro ere hitzez adierazteko tenorea etorriko zaie eta nostalgia-zantzu bat ere adieraziko dute. Bat edo bestea izan, egon gaitezen prest datorren irudi-bonbardaketari begira.
Berrogei zenbakia ere bost zenbakiaren multiploa denez, zenbaki horrek ere badu lekua hitzen amaraun honetan: gaur berrogei urte betetzen dira Oiz mendiko hegazkin-istripua gertatu zela. Hegazkinean zihoazen 148 pertsonek galdu zuten bizia eta, galeraz ari garela, etika ere Oizen behera amildu zen, abioi hura bezala. Interviu aldizkariak zuhaitzetan zintzilik zeuden gorpuzkien hainbat argazki argitaratu zituen gertatu zen txikizioa ondo baino hobeto azpimarratzeko eta erakusteko. Etikaren marra gorriak behin eta berriz zapaldu ziren, ez baitzen argitaratutako argazkien afera izan hautsak harrotu zituen bakarra. Oiz menditik Bilbora eraman behar ziren gorpuak identifikazio-lanak egin zitezen eta horretarako boluntarioak eskatu ziren. Joan zen jendea arrapaladan, batzuk asmo onez eta besteak okerragoz. Heroinak bete-betean jo zuen Euskal Herria eta diru bila zebiltzan gazte ugari hurbildu ziren Oiz ingurura lanera, gorpuzkietatik erloju eta eraztunak lapurtzeko.
Pentsaezina zaigu gaur egun halako zerbait gertatu eta aldizkarietako argazkilariak zuhaitzetatik zintzilik dauden gorpuzkiei erretratuak egin eta egin ikustea. Alde batetik etikoa iruditzen ez zaigulako eta, bestetik, guk geuk eskura dugulako gure sakelakoan argazki-kamera eder bat. Eta gogoan izan pandemia bat bizitakoak garela eta beraz, nahi duguna egin dezakegula gure gauzekin. Besteek diotena eta egiten dutena, niri bost.