Ez dago halakorik, nik dakidala, Euskal Herriko unibertsitate publiko, ez pribatuetan. Galdetu dut. Ala beharbada bada halakorik baina ez dit inork aitortu nahi izan, elkarte sekretuek hori dutelako. Sekretuak direla. Ez direla ofizialki existitzen. Ukatuak direla. Trufarekin hartuak maiz. Baina sekretuak izan arren, azkenean famatuak egiten dira nolabait. Eta elkarteak norbanako baten borondate bilakatu. Hala ere, antza denez eta momentuz behintzat, Euskal Herriko unibertsitate desberdinek elkarte sekreturik gabe hasi dute aurten ere ikasturtea eta sinetsi beharko dut hala dela. Edo ikertzen jarraitu, ea kafetegiko aulkiak berotzen dituzten ipurdi horien azpian erritual ilunak eta mundua menperatzeko asmo ezkutuak dauden, eta ez esfortzu txikienaz kredituak gainditzeko plan magistralak.
Hizki grekoek izendatzen dituzten anaitasun eta ahizpatasunak dira beharbada elkarte ez hain sekretuen artean ezagunenak, haien juerga, sexu eraso, arrazakeria eta bestelako gehiegikeriengatik batez ere. Estatu Batuetako unibertsitate giroko pelikula deszerebratuetan ikusiko zenituen. Tradizio eta itzal luzeagoa dute Sigma Phi edo Delta Kappa Epsilon bezalako izenak ez dituztenek. Yale Unibertsitateko Scroll and Key (Paper-biribilkia eta Giltza) edo Wolf's head (Otsoaren burua) iradokitzaileak, adibidez. Hemen Lagun Onak edo Denon artean deituko lirateke. Edo Bilbao Bizkaia Basque University Secret Society Lab, izenak jartzeko irudimen faltari eta berrikusi beharko genituzkeen herri honen konplexuen erruz.
Skull and Bones (Kaskezur eta Hezurrak) da izen xarmangarria duten elkarteen artean zaharrena (Yale, 1832) eta interesgarriena. Besteetan sartzeko meritu akademikoren bat edo beste egin behar da gaur egun, baina Skull and Bones-en ez da derrigorrekoa. Irizpide meritokratikoaren faltak kapitalismoaren ginkanan arrakasta izateko dagoen osagairik garrantzitsuena bermatzen du: bereziki azkarra ez den elite itxi baten goxotasunean egiten diren harremanak. Ez da zaila elkarte sekretuen partaide ohien artean izen esanguratsuak topatzea. Senatariak. Epaileak. Urte batzuk beranduago eskandaluren batean inplikaturik ikusi nahiko zenituzkeen gizon zuri boteretsuak. Bush familia.
'Hilobia' deitzen da Kaskezur eta Hezurren egoitza den eraikin zaharra, eta elkarte sekretu baten egoitzak (eta nire etxeak, baina hori beste kontu bat da) izan beharko lukeen itxura omen du: Monster familiaren mansioaren eta Ingalaterrako klub baten arteko nahasketarena.
Gaur egun, anakronismoa da bertan distira egiten duen ezaugarri bakarrenetakoa.
Eta Madame Pompadour izenez ezagutzen den eskeletoa.
Eta bost minutuko atzerapen bat.
Beharbada bost minutuko atzerapen hori da Kaskezur eta Hezurren Hilobiak gordetzen duen altxorrik preziatuena. Kaskezur eta Hezurren egoitzan Kaskezur eta Hezurren ordua erabiltzen dutelako, egoitzatik kanpoko ordua baino bost minutu atzerago. Berandu zabiltzanaren sentipenik gabe, une batez bada ere, atzerapen hori aukeratu ahal izatea, ondorengo urteetan beste esparru batzuetan gertatuko denaren asmo-adierazpen bat iruditzen zait. Inolako ondoriorik gabe munduaren martxatik pauso batzuk atzerago ibili ahal izateko pribilegioaren adierazpena. Aurretik joaten utzi diezaiokete munduari, ea zer gertatzen den. Ea nola hanka sartzen duten, oraingoan ere, arriskatu baino beste erremediorik ez dutenek. Eta ikusitakoaren arabera, zinismo osoz, erabaki bat edo beste hartu. Arnasa ahalbidetzen duen espazio eta denbora bat du elite batek. Margena. Margenen barruan, borondatearen kontra eman ohi dira denbora-jokoak. Azkarregi doan mundu batean egokitu ezinik, gosaldu gabe, bost gutxitako gauzak puntuan egiten.
Ados, beharbada ez da elkarte sekreturik Euskal Herriko unibertsitateetan. Edonon daude ordea eliteak. Gaurko eta etorkizuneko pribilegioak. Beste guztiak kaskezur eta hezur bilakatu daitezke egunen batean eta hilobia izan dezakete egoitza. Letra xeheekin idatziak.
ARKUPEAN
Bost minutuko atzerapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu