Karlos Aizpurua Etxarte.
ARKUPEAN

Borreroak milaka aurpegi

2017ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
E z nion sekula holako larritasun aurpegirik ikusi lagunari, holako kirio dantzarik. Kontaketa nondik hasi ere ez zekien koitaduak. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa zen, Gipuzkoakoa, kanporaketa edo finala zenetz ez dut gogoan, duela hogei urte inguru gertatu zen. Txapelketako saioa amaitu ondoren, bertso eskolako irakasleak hamabost urteko ikasleari proposatu zion herrira autoan itzultzea, ikastolako autobusean beharrean. Nire lagunak biak ezagutzen zituen, ikaslea eta irakaslea. Ikaslea, auzo herrikoa zuen, laguna, bertso girotik ezagutzen zuten elkar. Irakaslea, nahiago inoiz ezagutu ez balu, urte batzuk lehenago bera bortxatzen saiatu baitzen.

Ikasleak onartu zion proposamena irakasleari; ados zegoen herrira arteko bidea haren autoan egiteko. Abiatu ziren halako batean. Herrira iristear zirelarik ordea, mendirako bidea hartu zuen irakasleak. Eta ikaslea konturatu, harritu eta aipatu. Eta nora zihoazen galdetu, behin ez, birritan. Irakasleak ez zion kasu zipitzik egin ordea. Ilunabarra ez urrun; euria ari zuen goian eta behean. Mendiko pista batean barrena ibili ziren, irakasleak autoa bazterreko txoko batera eraman eta bertan geratu zuen arte. Erauntsia kanpoan. Eta erauntsia autoan. Motorra itzali orduko egin zizkion lehen ukituak. Garrasiak. Gurean ere zakurrak oinutsik. Eta ausikika. Berriz ukituak, atxikiak, mehatxuak. Bultzadak eta oihuak. Atea ireki eta ihesari ekin zion ikasleak; korrika, negarrez, euritan. Non zegoen ere ez zekien, baina etorritako bidetik atzera egin eta errepidera ailegatzea lortu zuen, eta handik herrira, arnasestuka.

Bertso eskolara joateari utzi zion ikasleak. Asteburuetan ez zuen kalera jalgi nahi. Eta gauero zituen amets gaiztoak. Hala ere, isilik gorde zuen gertatutakoa; harik eta irakaslea etxera deika hasi zitzaion arte. Dardar batean jarri zuen ahots hark, eta hitzen zinismoak. Telefonoa tanpez eskegi arren, gau hartan ez zuen begirik bildu. Ez zuen loaren beharrik amets gaiztorako. Biharamunean, angustiak eta ezinegonak gainezka egin zioten eta dena kontatu zion nire lagunari, hatsantuta, negar batean. Bere burua ispilaturik ikusi zuen nire lagunak kontakizun hartan. Izan ere, urte batzuk lehenago berarigertatutakoa isilpean zuen gordea. Zauria mintzo zitzaion ordea; harrezkero ez baitzen gai izan sexu harremanez gozatzeko.

Salaketaren hariak txirikordatzen hastea deliberatu genuen: gurasoak, Ertzaintza, abokatua, bertso giroa... Gurasoak uzkur, ez zutela eskandalurik nahi, azken finean «ez zela deus gertatu». Etsipena. Hala ere, salaketa jarri zuen alabak; handik gutxira erretiratu zuena, erretirarazi ziotena, hain segur.

Erasotzailearen bertso girotik ezin sinestezko komentarioak heldu zitzaizkigun: «beti gertatu izan dituk horrelako tirabiratxoak», «irakaslea familiako aita duk eta ez dik bizitza izorratzerik merezi»... Batzuek erasotzailea laguna zuten, bai, eta zer? Ez zen hura adiskideak behar zuen laguntzarik egokiena. Auzo lotsa. Eta kakuxaia; putzaren hurrengoa iruditu zitzaigun erasotzaileak bertso eskolako irakasle izateariuztea.

Irakasle ohia, Kakux eta Nietzsche muserako laugarrenaren zain daude, zu ote zara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.