Ana Malagon.
ARKUPEAN

Bola-jokoa

2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
The Week aldizkariko artikulu batean irakurri nuenaren arabera, bakardadea totalitarista da. Beste gauza askoren artean totalitarista izan daitekeela esango nuke nik. Onartuko dizut kontratakoa pentsatu izan dudala batzuetan, maiz gertatu izan baitzait norbaitekin egon ostean nire baitan bizi den faxistatxoari mundu guztia akabatzeko gogoa esnatu izana. Baina antza denez lagunik ez izateak, isolamenduak eramaten zaitu totalitarismorantz eta ez besteak jasan behar izateak, herriko festetako koadrila egunean, departamentu arteko lantaldean edo atariko bizilagunen seihilabeteko bileran adibidez. Hala izango da.

Survey Center on American Life erakundeak eginiko ikerketa oso itxaropentsu baten arabera, gero eta lagun gutxiago dituzte Estatu Batuetako biztanleek.Lagunik ez duen gizonen batezbestekoa %15ekoa da. %10ekoa, emakumeena. Eta lagunak dituzten horiek lagun gutxi dituzte, ez pentsa. Ikerketak ez du ezer esaten, baina ziurrenik ez dira «lagun gutxi baina onak» izango ere. Estatu Batuetako datuak diren arren, batek ez du oso azkarra izan behar fenomeno hori mendebaldetsuki globala dela ondorioztatzeko. Totalitarismorantz goazela beraz, bakoitza bere aldetik baina guztiok elkarrekin.

Gizarte bakoitzean, orain arte komunitarioak ziren espazioen bilakaerari erreparatuz gero, totalitarismorako bide bakarti (edo bakardaderako bide totalitarista) honen seinale desberdinak aurki ditzakegu. Horren lekuko izan omen da, pandemia aurretik ere, Estatu Batuetako bolatokien topaleku izaeraren gainbehera. Inoiz baino jende gehiago ibili izan da bola-jokoan, baina talde sena galduta, ez dago txanda itxarote garagardotsurik, ez pelikuletan ikusi ditugun jaka distiratsurik. Beste norbanako baten aurka ez bada, norbera bere buruaren kontra aritzeko joera dago bola-jokoan, zutik gelditu den birla bakar hori madarikatzen.

Bolatokien adibide hau erabiltzen du Robert D. Putnam politologoak Bowling Alone-n (2000), 50eko hamarkadatik hona, kapital soziala murrizten eta parte-hartze politikoa desagertzen joan dela azaltzeko. Ziklikoki errepikatzen dira bakardadearen bilakaera politikoaren ikerketak eta ziklikoki botatzen zaio gizartearen ajeen errua teknologia jakin bati. 1930 urte inguruan irratiarekin kezkaturik zebiltzan, horrek komunitatea eta elkartasuna suntsituko zuelakoan. Gero telebista etorri zen alienatzeko tresna gisa. Gaur egun, internetek eta bideo-jokoek betetzen dute elkarbizitza eta demokraziaren nemesiaren paper hori askoren ustetan. Dena beti konplikatuagoa delakoan nago. Oraingoan alde bat dagoela esango nuke hala ere. Telebistak eta irratiak sortu zuten konpainiarena baino gehiago, intimitate, adiskidetasun eta zintzotasun anonimoaren ilusioa ekarri digula sareak. Ezizen eta katu baten abatarra duen norbaiten inguruan «laguna da», «ezagutzen dut» esatera heldu gara. Ilusio hori ez dut uste txarra denik berez, ilusio bat (beste ilusio bat) dela onartzen dugun bitartean behintzat. Gure interneteko lagunak ez direla gure lagunak, beste zerbait direla. Mugimendu sozialak ere ez direla gauza bera, ez sarean, ez kalean. Beste zerbait dira gaur egun gure betiko adiskide gehienak ere. Ez dakigu oso ondo zer. Ez dakigu oso ondo zergatik.

Harremanetan faltan zaigun informazioa osatzeko irudimenak duen garrantzia azpimarratzen zuen The Week-eko artikuluak. Irudimena ere, beste gauza askoren artean, totalitarista da. Gure eskutan hartzen dugu pala ezagutza zuloak aurreiritziz betetzeko, idealizazioekin ez bada, susmo konspiranoikoekin. Irudimenik ez duela esaten duenak ere badu irudimena horretarako. Irudimenean onberak izan gaitezke gure kontraesanekin, arrazoia izan dezakegu beti, askatasun osoa eta erantzukizunik ez. Munduan gertatzen den guztiaren biktima injustu edo bidezko borrero bilaka gaitezke. Buruan asmatzen dugun horretan beti asmatu, zutik gelditu den birla hori gure barruko oihartzun ganbaran entzuten den ahobakartasuna izorratzen tematzen den arren. Eskerrak zutik gelditu den birla bakar madarikatu horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.