Frida Kalho Minaren Heroi izendatu zuten askoek. Berau dugu, zorigaiztoa artean bilakatu zuen XX. mendeko ikono feminista garrantzitsuenetako bat. Ez bakarrik bere gurutze-bidea birsortze prozesu iraunkor batean bihurtu zuelako, baizik eta emakume izateko eredua, modu estoiko batean zalantzan jarri zuelako. Haren gaixotasun eta zoritxarreko istripuaz gain, emakume eredu hegemonikotik ihes egiteak eta gorputz normatibo bat ez izateak sortzen dituen zauriak sufritu baitzituen. Nolanahi ere, azken min hauek ez zuten haren adoretasuna ezaugarritu. Ez zuten horregatik heroi izendatu. Patriarkatuaren atzaparrei aurre egitea ez baita nahikoa heroi izendatzeko.
Esperientzia emozional subjektibo bat omen da mina; gehienetan latza eta desatsegina, askotan jasanezina edota onartezina, beste batzuetan, gozamenarekin lotutako bidaia. Ezin uka, fenomeno oso konplexu baten aurrean gaudela eta prozesu fisiologiko zein psikiko anitz biltzen dituela. Baina ez horiek bakarrik.
Historiak utzi dizkigun pentsalari askoren eztabaida gai izan dugu mina eta bizitzaren arteko lotura, mina eta sufrimenduaren artekoa. Bizitza mina baita, bizitzeak berak baitakarrelako mina sentitzea, ez al da hala? Baina intuizio dramatiko honek ezbaian jartzen gaitu pertsonak; mina sentitzea ezinbestekoa bada bizitzan, honen esentzia izateraino, minetik aska al gaitezke? Bizitzarik ba al dago minik gabe? Bizi nahi izateak, sufrimendua nahi izatera eramaten al gaitu? Bizitza desio badugu ezinbestean desiratuko dugu mina sentitzea? Zein da gozamena eta minaren arteko oreka, orekarik baldin badago? Minak ezinbestean sufritzera al garamatza?
Beti pentsatu izan dut gizakiok naturalki errefusatzen ditugula oinazeak eragindako bulkadak. Uste dut, gehienetan, minarekin lotu izan ditudala eta ondorioz sufrimenduarekin. Baina egon badaude, nire ustea eraitsi duten hainbat esperientzia, mina eta sufrimendua ardatz, gozamenarekin lotzen ditugunak: gorputza limitera eramaten duten mendi igoerak, parrandak edo Bondageak eta dominazio praktikak, tatuajeak, maratoiak edo luzeagoak diren lasterketak. Denak ordea, ez dira hautazkoak eta eragiten dituzten zauriak ez dira azalekoak.
Gaixotasunak, galerak, aitortzarik ezak, errepresioak, beldurrak, arau-usteak, geure buruarekiko gorrotoak, justiziarik ezak... minaren kartografia bat osatzen dute gure gorputzean. Landu ezean betirako tatuatzen zaizkigu barren barrenean. Horregatik deritzot urgentea horien guztien lanketa politikoa. Saioa Iraolak, Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak, berriki esan zituen hitzak egin nahi ditut nireak: «[…] saminak, minak, orbanak, zauriak sendatzea prozesu indibidual eta kolektibo bat dela pentsatzen dut eta, horregatik, espazio anitzetan osatze prozesu paraleloak bideratzeko beharra dugula sentitzen dut; terapia indibidual, pertsonal eta intimizatuak, kolektibizatzeko eta duten dimentsio politikoa egikaritzeko». Justiziaren eraikuntzaren parte baitira, min guzti horien aitortza, zilegitasuna eta konponbidea ematen saiatzea.
Bizitzaren parte izan daiteke mina, baina ni, behintzat (eta ni bezala, beste asko) ez nago tragedia patriarkal hau onartzeko prest. Ez nago gizon zuri boteredun jainkotuen patura kondenatuta izateko prest. Eta horregatik, minak izendatu, aitortu, legitimatu eta erresistentziaren bidez osatze prozesuak martxan jartzen jarraitu nahi dut.
Larunbat honetan, Hamabi eraso, hamaika erantzun lelopean manifestazio nazionala ospatuko dugu Gasteizen. Indarkeria sexistak utzitako minak aitortu eta bizitza eta duinki bizitzearen alde oihu egiteko prest baikaude. Horretarako bai. Minaren heroiak baino bizitzaren heroi izan nahi dugulako.
ARKUPEAN
Bizitz(e)aren heroiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu