lizar begona

Bizitza min denean: ihes-hodiak

2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Zu zara kotxeko atzerako ispiluan dauden bi begi triste, zu zara S.O.S. ahoa itxita barrurantz oihukatu duena, zu zara ispilu batean gorroto duzun guztia, zu pantailaren luzapen hipermetropea, zu zara herstura-suge edo -bola edo -korapiloa, zu zara astelehenak jandako gauza hori, zu zara zeure buruaren borreroa eta biktimarik handiena era berean, zu zara errutinaren erdiko izaki egongaitz eta izangaitz hori. Zu, bigarren pertsona singular izua, munduaren hiru A handien erantzun somatikoa: Antsietatea, Anestesia eta Amnesia.

Bizitza min denean batzuetan ihes-hodiak halabeharrez bilatu behar dira. Horra Pizarnik, adibidez. Oinazetik eta oinazeari idazten zion poeta handia. Horra Fadwa Tuqan, «poesia palestinarraren ama», lurralde jasangaitz baten bihotzean oraindik ere idazteko kemena/premia izan zuena.

Zita berezia izan genuen aurreko larunbatean Bilbon, «Ez gara inor» jardunaldiaren baitan. Bazterreko eraikin batean elkartu ginen poesiaren bueltan hausnartzeko. Norbaitek pentsa lezake mundu frenetiko eta gaizto honen tripetan nola egon gintezkeen edertasunaren inguruan berbetan. Baina batzuetan ihes-hodiak halabeharrez behar dira.

Heziketa poetiko eta estetikoaren beharraz aritu ginen, poesia ez baita edergarri bat, pentsamendu kritikoa eta munduaren inguruko ikuspegiak sortzeko lehengaia da. Askotan erdeinatua, nerabeek maiz memoriaz ikasi behar dutena. Esango dut: hezkuntzan sentsibilitateari ez zaio leku duinik ematen. Irakurle eta idazle aktiboagoak izango genituzke poesia modu aktiboan eskolaratuko balitz, hizkuntza denon eskura egongo balitz umetatik.

Poesia irakurtzeko espazioen inguruan ere mintzatu ginen. Nora eta nola nahi den testua ekarri, zirkuitu instituzionaletatik at leku propio eta undergroundagoak sortzeko beharraz. Lagunartera ekarri, intimo, kutre, kursi edo politiko nahi bada. Norberak bere begiz eta haragiz. Gramatika, semantika eta sintaxia barrukoz kanpora jarri eta hizkuntza berrietan azaldu errealitatea. Bakarka edo kolektiboan ihes-hodiak bilatu.

Batzuetan elitista eta hermetikoa da poesiaz izaten den pertzepzioa, eruditu gutxi batzuei zuzentzen zaien generoa dela uste izaten baita. Irakurle potentzialengandik aldentzen du horrek, balizko konplexutasun logikoarekin topo egingo den beldur. «Nik ez dut poesia ulertzen» izan ohi da lehenengo h/barrera. Sare itxia eta inkomunikatua bailitzan irudikatu lezake batek poeta kolektiboa. Idazle-irakurle arteko aldea areago handituz. Eta zer esan poesia+euskara ekuazioari buruz.

Athleticeko jokalarien palko beretik ozen esan nahiko nuke poesiak duen ezaugarri agian deseroso baina politenetakoa ulermenaren muga horiexek direla, logikaren larru eta muturretan kokatzen delako maiz. Interpretaziorako tartea uzteaz gain, irakurlea aktibo bihurtzen du, errealitate zantzuekin norbere puzzlea muntatzeko aukera ematen du eta historiari beste inondik egin ez daitekeen ekarpena egin diezaioke.

«eskerrak
inork
ez dien
poetei
kasurik
egiten

horri esker
aske dira
nahi dutena
idazteko

baita
poesia
ez diren
gauzak
egiteko
ere»

Ulu egiteko bolondres bila, Harkaitz Cano

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.