Jone Amonarriz

Bizirik mantentzea

2024ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

Begietara begiratzen dizudanean itsaso urdin eder bat ikusten dut. Urak bare daude, marea behean eta ortzi muga betiko lekuan. Denbora hondar ale zenbatezinetan galdua da, baina tik-tak, tik-tak, egongelako ordulariaren penduluak tarteka zure etxean kokatzen zaitu. Joan zinen baina hor zaude. Ez dakit ezagutzen nauzun, badakit, ordea, hurbil sentitzen nauzula, sentitzen gaituzula. Guk zu beti izan zaitugun bezala.

Begietara begiratzen dizudanean udazkeneko paisaia intentso batera bidaiatzen dut. Kolorez aldatzen da egunetik egunera, batzuetan berdexka dago, bare, besteetan marroi-gorri, bizi. Iraganeko haizeek astintzen zaituztenetan, nahiko nuke ilea bere lekuan jartzea bezain erraza balitz burua ere bere onera ekartzea. Ez dakit erabat ezagutzen nauzun, baina badakit hurbil sentitzen nauzula, sentitzen gaituzula. Guk zu beti izan zaitugun bezala.

Amonak, ama-onak. Urteak eman dituzue ingurukoak zaintzen, hezten, mimatzen. Laguntzen, elikatzen, gidatzen. Denboraren perspektibak erakutsi dit irakatsi diguzuen guztiaren balioa, eta bai, jakin dugu zuen burmuinetatik tantaz tanta ihesi doan big data-ren zati garrantzitsu bat xurgatzen. Eskerrak. Hain izan zarete eskuzabalak, ezen dena eman baituzue buruak, edo, hobe esanda, eritasunak laga dizuen arte. Pentsa, oraindik ere, zuen maitasuna jasotzen jarraitzen dugu eskutik heltzen dizuegun bakoitzean, begirada bakoitzean. 

Alzheimerra eta dementziak funtsean hutsuneak dira. Hutsuneak gaixoaren burmuinean. Hutsuneak ingurukoen bihotz eta bizitzetan. Isiltasun triste bat. Mugimendu falta. Itsaso bare bat. Edo udazkena bera. Antidotorik eza ere hutsune garrantzitsua da. Urtean gutxienez bizpahiru aldiz irakurtzen ditugu titularrak botika eta tratamendu posibleen inguruan; itxaropenez batzuk, mesfidantzaz besteak. Azkena, joan den astean. Lecanemab, alzheimerraren garapena lehen faseetan %27 astirotu dezakeen botika onartu berri du Europak, aurrez ukatu eta gero, albo ondorioak eta prezio altua tarteko. AEBetan pazienteko urtean 26.500 dolarreko kostua du farmakoak. Beraz, uste dut Osakidetzan, denbora batean behintzat, ez dela eskuragarri izango.

Zientziak aurrera egiten du beti baina gizarteak eta politikek atzera askotan. Sendagaiak behar ditugu kalitatezko bizitzak izateko, eta ez etenik gabeko biziezinak kronifikatzeko, are gutxiago bizirik mantentze hutsagatik eta pertsonen duintasuna zapalduta negozioa egiteko baldin bada. Zaila da amaierak onartzea, baina are zailagoa agoniazko egoera bati bukaerarik ez ikustea. 

Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu. Irakaspenez betetako urteak ari dira izaten; baita asko hausnartzekoak ere. Etorkizunera begiratu eta hainbat galdera datozkit burura. Ikerketen indartzearekin eta industria farmazeutikoaren baimenarekin, iritsiko al da inoiz tratamendu efektiborik osasun sistema publikora? Uztartuko al dituzte behar bezala gaixoen eskubideak osasungintzako printzipio etiko eta moralekin? Malgutuko ote dira borondate aurreratuen mugak, norberak ahalik eta askatasun handienarekin erabaki ahal izan dezan? Eta duintasunak irabaziko al du lekurik dementziekin lotutako heriotzetan?

Denborak emango dizkigu erantzun batzuk eta guk geuk idatziko ditugu besteak, eta beti akordatuko gara zuekin. Emakume nekaezin bi zaudete nire buruan, lorez beteriko balkoi banatan. Indar hori beti mantenduko da bizirik ene baitan. Maite zaituztet buru-bihotzez. Artikulu hau irakurri gabe ere badakizue hori. Esaldiak dioen moduan, bihotzak ondo gordetakoa buruak ez baitu ahazten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.