elixabete garmendia lasa

Bizipoz zulatua

2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Igande goizean, zer suma, Oñatin. Eta hartan, Bizipoz izeneko tabernarekin topo. Ez zegoen zalantzarik, hara sartu beharra zegoen. Kafe goxo bana terrazan, tankera guztietako jendez inguratuta; tartean familia zabal bat, exotikoak eta dotoreak janzkeran, afrikarrak agian? Haien artean ere, umeengan bereziki, bizipoza sumatzen zen.

Datorren larunbatean, etzi, Bizipoza jaia ospatuko omen dute Hernanin. BERRIAk zekarren albistearen arabera (2024-04-17): «Elkarteen elkarte bat da Bizipoza. [...] Euskal Herri luze-zabaleko haurren eta familien 38 elkartek osatzen dute. Askotariko gaiak lantzen dituzte: gaixotasunak, sindromeak, familia ereduak, kultur aniztasuna...».

Aspaldian erreparatu gabe nengoen bizipoz/bizipoza hitzari, eta konturatu naiz zazpi-zortzi hizkik osatzen duten berba hori zeharo borobila dela, aho betean esan, eta barrua askatzen duten horietakoa. Frantsesez konplikatuagoa da —joie de vivre—, baina beti izan dut gogoko esamolde hori ere.

Hitzen eta esaeren jokoan jarraituz, hara beste bat, benetan esanguratsua: Arnasa betean. Zinearen mundua ondo ezagutzen duten Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia kazetariek egin berri duten dokumental oso gomendagarriaren izenburua da. Filmaren gidari eta leitmotiv gisa, itsas azpian igerian dabiltzan hiru neska, arnasari eutsiz ere, koreografia benetan dotorea irudikatzeko gai direnak. Funtsean, herri honetan emakume zinemagileek aurkitu duten bide malkartsuaren berri ematen du dokumentalak: garatu ahal izan dituzten obrak, bidean zintzilik utzitako proiektuak, jasandako oztopoak... Hogeiren bat zuzendariren testigantza jaso dute Gaztelumendik eta Zufiak, haien artean Isabel Herguera, Helena Taberna, Ana Diez, Bego Vicario, Mireia Gabilondo, Lara Izagirre, Maider Oleaga, Arantza Santesteban, Maddi Barber, Alauda Ruiz de Azua, Esti Urresola... eta abar.

Zine zuzendariez gain, ikertzaile bat dago Arnasa betean filmean: Pilar Rodríguez, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, Euskadiko Filmategiak argitaratutako Euskal emakume zinemagileak (2022) liburuaren koordinatzailea. Argitalpen horretan deskubritu nuen Yannick Bellon (Miarritze, 1924-2019) zuzendaria, Luisa Etxenikek hari buruz idatzitako artikuluari esker. Iratxe Fresnedaren atalak, berriz, gogora ekarri zidan Mirentxu Loiarte (Iruñea, 1938), Irrintzi (1978) pelikula laburraren egilea, politikoki konprometitua. Azken batean, Euskal Herrian edozein motatako zinea lantzen ibili diren —eta dabiltzan— emakumeei buruzko vademecum bat da Rodríguezek koordinatutako obra. Eta horrela, emakume-zinema binomioari dagozkion beste hainbat istorio, zertzelada eta analisi topa daitezke argitalpen horretan; esaterako, Maria Jose Olaziregik egiten duen baieztapen hau: «Ikuspegi sistemikotik, emakumeek euskaraz egindako filmek osatzen duten polisistema periferikoa da, gizonek sinatutako eta gaztelaniaz filmatutako euskal filmek duten zentraltasunarekin alderatuta». Periferiara kondenatuta, beraz, generoaren eta hizkuntzaren aldetik. Epai zorrotza bezain errealista.

Bizipozera itzulita, gaur 50 urte Portugalgo Krabelinen Iraultzatik. Jose Afonsoren Grândola, vila morena gogora. Beste noizbait ere kontatuta daukat Iruñeko kartzelan harrapatu ninduela albisteak, zer eta Iparralderako muga zeharkatu nahian zebiltzala polizia espainiarrak atxilotu zituen bi neska portugaldarrekin. Zorionez, diktadura gainditutako beren herri berritu-ra itzuli ahal izan zuten laster. 

Bizipoza, dena dela, zulatuta daukat —daukagu, ormaiztegiarrok—: lagun bat, herritar ekintzaile nekaezina bera, hutsunea uzten duen horietakoa, galdu berri dugu bat-batean. Bizipozak bere mugak ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.