Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Biziari leihoa

2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Lanean oinarritutako egunerokotasunak dakarren bizia hari hau izan daiteke. Holakoetan harat honatak hitzordu profesionalek baldintzatzen dituzte. Lagunekin ezin bazkaldu; dena den lagun gehiagorik ez du. Irringarria da: oraindik deitzen dio «lagun hoberena» urtean behin ikusten duen lizeoko lagun horri. Haren haur baten gazama da. Horrek harremanari garrantzia ematen dio. Urteak daramatza haur horren urtebetetzeendako opariak postaz igortzen. Uko egiten badio, laguntasuna puskatu eginen da. Orduan bere ardura ttipia betetzen du. Laguntasunaren potea aldatu, ongarriz berriz bete eta urtean behin ureztatu. Lurretik kanpo haziak handitzen dira. Arnasteko, ontzi berri baten bila joaten da. Artifizialki saloiko xoko batean balira bezala. Loratzen eta loragabetzen.

Gehiagorik ezin du eman.Jendarteari ematen baitio anitz, lanean ekoizten duenaren bidez. Misio humanitarioek badute zentzua. Eta horretan kalkula ezineko denbora ematen ari da. Zergatik arratsaldeko seietan lanetik itzuli? Zeren egiteko? Ulergaitza zaio jendeak 18:00etatik aitzina oheratu bitarte egiten duena. Erosketak astean behin, gero zer? Haurrak badituzte, ados, zaindu behar dira. Bizia lanaz betetzen da. Ez da besterik.

Behin joan zen mendira. Ez, bi orduz joan zen ibiltzera norabait. Behar izan zuen urte batez bitan egin, ohartzeko on egiten ziola oihaneko xendren gozatzeak. Gozamen murritza, ez baita normala egunero pausa ttiki bat hartzea. Ez baita ere normala asteburutan lanik ez egitea. Ez baita normala tragoak lagunekin hartzea. E-mailak igortzen dizkie lankideei igandetan, arratseko bederatzietan. Besteei frogatzen ote die langile ona dela holakoak egitean? Edo bere buruari sinetsarazten ote dio langile nekaezina dela?

Biharamunean bere lankideek badakite ezin dutela iragan duten asteburua haren aitzinean aipatu. Denak isilik egoten dira. Espalda makurturik daramate ordenagailuen parean. Lankide batzuk hasiak dira ber gisan egiten. Asteburuek orain egun bakar bat dute. Zergatik ez ote dira gai izaten ahal, horiek ere, nagusia bezainbat lan egiteko? Nagusiak ez du hain malurus iduri; eta zein argia den! Zenbat gaitasun metatu ez dituen urte gutitan! Nahiz eta bere bizi sozialak inbidiarik ez sortu, mirestekoa da. Agian hau da lan honetan ona izateko bidea. Dena eman denbora batez, eta gero ikusiko. Urte batzuk sakrifikatzea azkenean zer da? Kapital bat osatu behar luke etxe bat erosteko, eta horrentzat konpetentziak irabazi. Gaur 20:00etan aterako da lanetik. Eta asteburu osoan lan eginen du.

Orain bi urte hor dela. Lanean. Nagusiak ez dio soldata emendatzerik proposatu. Normal, ez dute sosik aski. Beste egitura batera joan nahiko luke, baina galduko du hemen emandako guztia? Pasabidean nagusia gurutzatzen du, ehungarren aldiko, zaporerik gabeko agur bat botatzen dio. Egunero bezala. Akitua iduri duela azpimarratzen du. Beste egun bat igaroko da. Horrela asteak. Noizbait, ikastaroan hartuko dute pertsona bat. Pertsona berri horren arduraduna izanen da. Eta bere asteburuen berri ez dio emanen. Kaiolan egondako xori honek ez baitu gehiago kantatzen, eraikitzen duen habia hari beretik korapilatzera doa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.