Karlos Aizpurua Etxarte.
ARKUPEAN

'BIXABI'

2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Bi Xabi. Bata joan daiteke; bestea ez dator. Egunotan bien izenak dabiltza realzaleen ahotan.

Jesukristo hil zeneko adinarekin, kristoren maila ematen dabil Prieto. Eta Sacristanek pozik egon behar. Hala ere, aurten erretiratzekotan da Prieto. Prieto dudan eta estu Errealzaleak: Oi, Kapitain! Ene Kapitain! Ez iezaguzu esan gure bidaia gorabeheratsua amaitu dela!

Zaleek kantu bidez eskatu diote berriki segi dezan. Aurrekoan, «Xabi, gera zaitez!» oihuak entzun ziren Anoetan, partidako 10. minutuan. Ia maketatzaileak segidako lerroa 10. lerroan kokatzen didan, nire «Xabi, gera zaitez!» hau ezin egokiago gera dadin.

Futbolari ibilbidearen 90. minutuan dela uste duenarentzat, batean izan ezik denboraldiko partida guztietan aritu izana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Futbolari bikaina da Prieto. Pernandoren egia. Aldiz, jokabidez zait eredugarrien, Errealeko dendan salgai ez den atxikimendua oparitu baitigu, baita Erreala bigarren mailara azkenekoz jaitsi zenean ere. Jokaldi hori jadanik ez da marrazten aldageletako arbeletan. Arkonada, Zamora eta enparauen enbor bereko ezpala da Prieto. Gaur egun garai batean baino ulergarriagoa zaigu harrobiko jokalariek hanka egitea talde «handi» baten eskaintza potolo baten karietara. Haurrei club irabazle eta galaktikoen kamisetak oparitzen dizkiegun garaiotan, milioietako proposamenik egingo baligute gutako nork ez luke onartuko? Ba, Prietok. Harentzat, dena ez da dirua eta tituluak.

Gerorako laga du donostiarrak bere jarraipenaren kiniela betetzea, falta diren partidak irabaztea soilik baitu buruan, «hurrengo sasoian Europan lehia gaitezen». Gaitezen. Plural maiestatikoz adierazi du Europan aritzekotan nola nahiko lukeen: realean, ez Ajax-en. Europaren harira, Prieto aurkia bada, Alonso da ifrentzua. Europarako jauzia egin zuen Tolosakoak, eta geroztik, loria besterik ez du ezagutu. Trebea izateaz gain, beste zerbait ere beharko da gerturatutakoan ere urrutiko intxaurrak hamalau izan daitezen, eta ez lau. Galde bestela Illarramendiri. 14 eta 4; Alonso eta Illarramendiren zenbakiak, hurrenez hurren. Liverpoolera joan zen lehenik tolosarra, eta Real Madrilera gero. Handik Bayern Munich-era; bertan utziko dio futbolean jokatzeari. Hondar urtea Errealean egitea itxaroten genuenoi Vladimir eta Estragonen aurpegia geratu zaigu.

Alonso iraganean oroitzen hasita nago. Hara begiratu doia, eta han zen baloia. Jokoa ez ezik oreka banatzen zuen. Taldekideen erreferentzia, pase luzeen maisua, joko iturri agorrezina. Real Madrilen hasi zelarik bere jarrerak ninduen harritu, aurrez ez bainion intentsitate hori ezagutu: jokaldia mozten bortitz, arbitroekin protestan lotsabako, eta inoiz falta itsusiegiak egiten ere bai. Horretara ohitu ninduen arte Real Madrileko edozein jokalari baino «madridistago» begitandu zitzaidan; zakurrek nagusien antza hartzen dute omen.

Alonsoren titulu meta ikaragarria da, bizitza bakar batean lortzeko gehiegitxo. Nekez sortuko da hainbeste titulu irabaziko dituen euskal futbolaririk. Ingalaterrako liga izan ezik, jokatu dituen estatuetako ligak eta kopak irabazita ditu. Eurokopa birritan irabazi zuen, eta behin Munduko Kopa, Espainiako selekzioan zela. La roja-ri buruzko iragarki batek harrapatu ninduen jokoz kanpo. Espainiako beste jokalari batzuekin ageri zen Alonso, bere larruari tiraka, eta larrua urratu ahala Espainiako elastikoa azaleratzen zen. Eta azeleratzen ni. Hori bai larrutik ordaintzea!

Iragarkiaz geroztik gutxiagotan jantzi nuen bizkarrean Alonso idatzia zuen Liverpooleko tee-shirt-a, arrebak oparitu zidana, Alonsoren jokoaren zale amorratua nintzela jakitun. Datorren urtean Xabirena erosiko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.