ARKUPEAN

Birikak bete

Garazi Kamio Anduaga.
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Arnasketa mota bereziak egin ostean, 171 metro egin zituen itsasoan behera Audrey Mestrek duela hogei urte. Karibe itsaso garden eta ikusgarrian murgildu zen apnea itogarrian, munduko errekor berria ezarriz. Alta, ez zen lortutako marka berriaz otu ezta profitatu ere: itsas azalera igoarazi behar zuen airezko globoaren mekanismoak huts egin zuen eta erreskadan etorri ziren hutsegiteen ondorioz bertan zendu zen urpekaria.

Bere senarra irten zen bere bila, itsas azalera igotzen ez zela ikusita, baina itsas ondoraino iritsi eta berriz bueltan igotzerako beranduegi zen. Bikotekideak kritika ugari jaso zituen, besteak beste, soinean zeraman botilatik Mestreri oxigenoa eskaini ez izana. Ekintza hau egin ez izanaren arrazoiketa eman behar izan zuen alargun berriak: sakontasun horretan oxigenoa emanez gero, birikak lehertu lekizkioke apnea egoeran zegoen urpekariari.

Hala ere, arduragabekeriaz hitz egin zen, jelosiaz eta gorrotoaz eta, nola ez, epiko bihurtu zen munduko errekorra hautsi bai baina bertan geratu zenaren bizitzaren istorioa.

Ipar Hemisferioko kultura supremazistan epika beharrezkoa den osagaia da, heriotzaren isiltasunak maiz edo gehienetan beldurra sorrarazten baitigu. Itsasoan murgiltzen garenean belarrietatik sartzen zaigun soinu itogarri bezain lasaia da era berean Eutanasia legea: dikotomia hautsezina. Denok nahiko genuke lasai eta oinazerik gabe hil, baina askotan ez dugu gaiaren inguruan hitz egin nahi. Adituen arabera, Eutanasia legea kudeatzen duen mahaira ez da eskarien %80a iristen, eskaera egiten duena ebazpena egin aurretik hiltzen baita. Gizartean dugun informazio faltari egozten zaio Eutanasia legea ez erabiltzea. Izan ere, norberaren borondatez eskatutako heriotza izan zutenak %0,1 izan ziren EAEn eta %0,2 Nafarroan. Eutanasia legea gizartearen gehiengoak txalotu zuen bere garaian, baina heriotza den tabu-horma izugarria eraisteko ez da nahikoa izan. Gertukoen azken arnasaren ostean eraikitzen ditugun dolu esaldiak erabiltzen ditugu etengabe eta lasaitasun geruza fin bat sortzen dugu gure baitan zendutakoak amaiera lasaia izan badu. Baina hobe norberaren azken arnasa ez aipatzea, korrika etor liteke eta.

Epika eta lasaitasuna nahasten ditugu jazotakoaren arabera eta beti distantzia kontuan hartuta. Azken batean, distantzia baita birikak bete eta arnasten jarraitzen laguntzen diguna. Alfonsina Storni poeta argentinarraren heriotza etor dakiguke gogora: akabera goxoa eta xaloa irudikatu zuen Horacio Quirogak, baina, egiazki, Stornik jauzi egin zuen Mar del Platako portutik eta itota hil zen. Ez zen itsas zaldirik ez koloretako izakirik izan bere inguruan, poeman esaten den bezala.

Mestrerena eta Stornirena bi adibide besterik ez dira, norberaren azken hatsa urrundu nahian irakurri eta konturatzerako, birikak berriz airez betetzen hasteko. Storniri buruzko poema kantautore batek baino gehiagok abestu izan du eta Mestreri buruz dokumentala sortu zen eta uraren hondo ilunak grabatzeko James Cameronen laguntza izan zuten egileek.

Diotenez, Titan itsaspekoaren istorioak ere dokumentala izango du. Mediterraneoan edo Atlantikoan birikak urez beteta hil direnek aldiz, ez. Lehenengoek diruz betetako izen-abizenak zituztelako beharbada edo bigarrenak gehiegi zirelako, menturaz. Edo azal iluna itsas ondo ilunean galdu egiten delako gure begien bistatik. Hauen heriotza, Eutanasia isilaren antzekoa da: urrun eta isilpean geratzen dena.

Mediterraneoko eta Atlantikoko kanpaina hasi da, hegaluzearena balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.