Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Biotipo eta biotopo

2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Iritsi ziren, milaka, eta bi besoak jaso zituzten marra zapaltzean. Edo erori egin ziren ziplo. Ez dut sekula Behobiatik Donostiarako bidea korrika egin eta ez dut egingo, argi daukat. Charriots of Firefilmeko soinu banda ozen ipinita ere, Behobian geratuko nintzateke. Ez dakit korrika egiten, hori da nire Itaka txikia, odiseak maite ez ditudan honetan beti hor geratuko den irla.

Vangelis zenaren soinu bandarik gabe ikusi nituen telebistaz atletak Bulebarreko zuzengunean sartzen. Inbidia puntu erraldoi batekin begiratzen nituen, Pasaia eta Herrerako marra zuzen amaigabea den hormigoizko desertuan erreparatu ezinda eta Mirakruz gainak giharretako minari ematen dion azken ziztada hilgarria kontuan hartu gabe.

Hego haizea izan zen eguneko protagonista, bai korrikalarientzat eta baita telebistaren seinalearentzat ere. Euskaraz ikusi nahi eta ezin: etxean ETBren seinalea galdu egiten zen eta irudiak joan eta etorri egiten ziren. Bigarren aukera bat bilatzen hasi eta hara, Donostiako telebista kate batek ere eskaintzen zuen lasterketa. Gaztelania batuan, noski. Irudiei soilik erreparatuko bagenie, salbu ginateke. Atletak Errenteriako kaleetan harrapatu nituen eta, handik aurrera, Donostiako erdigunera arte urrats bizian ikusi ahal izan nituen. Lasterketa eskaintzen zuen telebista katearen audioari jaramon eginez gero, aldiz, kontakizunak beldurrezko film baten antza hartu zuen.

Garaileen bi izenak ikasi nituen: Nan Oliveras eta Cristina Silva. Gizonezkoaren biografia osoa ikasi ahal izan nuen lasterketaren nondik norakoak ematen ari ziren bi hizlarien, gizonezkoak biak, ahotsetan. Nan Oliveras Oloten jaio zen, triatleta da aspaldidanik eta 1,75 metro neurtzen ditu eta 63 kiloko pisua du, hala ez dirudien arren (hori ez diot nik, telebistakoek esan zuten). 300 euro balio duten zapatilak ditu eta oinetako hauek 150 kilometroko iraupena dute. Zapatilak alde batera utzita, Oliveraren biotipoa zein den ere jakin ahal izan nuen: «Indartsua eta arina, zezena bezalakoa».

Oloteko mutila Gros auzoko Nafarroa etorbidean zen bitartean, Cristina Silva Mirakruz gainera iristear zegoen. Korrikalariak biotipo baino, biotopo zirudien bi esatarien ahotan: «Hilda doa, ezin du gehiago eta sufrikarioa ikusten da bere aurpegian» bezalako esaldi ederrak eskaini zizkioten. Zezena ahuleziaren aurka. Hori gutxi balitz bezala, Silva pasatzen zuten gizonezko guztien izenak esaten zituzten, lehenengo zihoan emakumezkoa gainditzea sari itzela balitz bezala.

Ez nuen ezer jakin Cristina Silvaren inguruan, kataluniarra dela izan ezik. Neronek begiratu behar izan nuen lerro hauek idatzi aurretik Zuricheko maratoian espainiar estatuko lehen emakumezko atleta izan zela eta, adibidez, urrian Bartzelonako Cursa de la Mercè lasterketa irabazi zuela.

Kataluniako emakumea iritsi zen halako batean Bulebarreko zuzengunera. Zoritxarrez, Mirakruztik behera pasa zuen gizonezko bat zorabiatu egin zenhelmuga marra zanpatu bezain pronto eta Cristina Silvaren garaipeneko argazkian Gurutze Gorriko langileak ere agertzen dira, zorabiatutako atleta artatzera joanak baitziren.

Telebistako hizlariek, oraingo honetan helmugan zegoen emakumezko bat gehituta, bi gauza esan zituzten: «Irribarretsu ikusten dugu eta ez dirudi korrika ibili den bera denik» eta «Ea ailegaera errepika daitekeen, irudi itxuroso bat izan dezagun».

Itxura lasterketa osoan egindako lana da, baita Gurutze Gorrikoek eskaintzen dutena ere: bi bihotzeko eta 125 ondoez artatu zituzten. Hala ere, erabakia hartu dut: korrika hasiko naiz telebistako esatari guztiak itxurosoak direnean. Bitartean, 300 euroko ultrazapatila horiek erosteko aurrezten hasiko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.