Txori beltzek urdailean habia egin zizuten aspaldi, eta orain arrautzak errun dizkizute azalera osoan. Baso sasitsu bat eta belar txarrez betetako larreak hazi zaizkizu eztarrian arnasten duzun bakoitzeko. Hezetasuna, onddoak eta goroldioa bronkioetan. Piraña sarda bat eta krustazeo motelak trakean behera, sakon barruraino. Zure birikaldeak ozeano artifiziala iduri.
Baina mekanika mundutarrean zaratarik atera gabe ibili nahi duzu, ez dadila antzeman barruko zera hori. Beste auto bat gehiago zara autobidean. Gaur ere itxura ona duzu, lanerako jantzi zara, kremak, desodoranteak eta koloniak bota dituzu. Baina barruan daramazu inork ikusten ez dizun ekosistema min hori. Inframundu bat.
Mekanika mundutarrean arrunt bizi nahi duzu, normal agertu, baina denbora azkarregi dabilen erresuma bat duzu azal azpian. Alde guztietara eta norabiderik gabe barreiatzen den beldur tentel-inkoherentea. Arrain exotikoz betetako akuario okzidental bat; eta aurrean eskola irteera bateko ume multzoak betazalak ixten ez dituzten ezkatadunei kristal joka. Baldosa hotzeko itxarongela handi bat, betiko zain dagoen jendez betea. Pabiloi zahar bat. Eta dena larrialdi egoeran, dena krisian. Alarmak, alarmak, alarmak.
Eta zu beste engranaje bat baino ez zara astegun buruzuri betean. AP-8ko kotxean sartuta lanera bidean eta Lukieken abesti bat irratian:
«Futbol saio, Gran Hermano, Coca Cola ta autotxokes/ Karta joko, pornografia, aste santu ta Espartako/ Emoiztazuz behar dodaz ta/ Automata izan, ta ez galdetu/ Zegaittik zaran alienatu hutse».
Inertziak zaramatza, egunak erreplika segida bat dira. Normaltasuna eta diplomazia. Errendimendua eta etekina. Irribarrea eta mozorroa. Abiadura eta antsietatea. Mekanikaren inertzia akigaitzak zaramatza, eta zuk bakarrik duzu azal azpiko inframunduaren berri, zuk bakarrik dakizu non duzun eztarritik urdailerainoko beltzunea.
Hipokratesena etorri zaizu akordura.
Liluragarri zitzaizun lau humoreen teoria hipokratiko hura, medizina dokumentuen artean poesia nola. Zure barne habitatari egokitzen zaion esplikazio zahar bat.
Corpus Hippocraticum-aren arabera, gorputzeko lau likidoren arteko orekak markatzen zuen osasuna: odola, flema, bilis horia eta zurea, bilis beltza. Eukrasia zeritzon lau elementuen arteko harmoniari. Odolak bizitza, alaitasuna eta izaera baikorra sinbolizatzen zituen, flemak lasaitasuna, pasibotasuna eta oreka emozionala, bilis horiak oldarkortasuna, sumina eta energia, eta bilis beltza malenkoniarekin lotzen zen.
Kitzikatzen zintuen pentsatzeak haragi eta hezurren epistemologiaz haratago (eta fisiko-psikiko dikotomiatik at) medikuntza eta psikologia modernoak baztertutako sineskera holistiko hori existitu izan zela noizbait. Errenazimentura arte gizartean aski hedatua izan zena.
Iruditeria zaharrean bilis beltzak gorputzeko sustantzia fisikoari egiten zion erreferentzia. Baina sinbolikoa ere bazen. Jariakinak malenkoniatsuen gorputzak hartzen zituela uste zen, eta, ondorioz, gaixoek mundua ilun eta astun ikusten zutela.
Tristura sakona, arrazoirik gabeko beldurra, loezina, eta pentsamendu obsesiboak nagusitzen zirenean, likido beltza besteen gainetik gailentzen zela esaten zen. Teoria zaharra da, baina gaur ere gaitz garaikidearen metafora eder-gordina izan zitekeen. Zure arrangura modernoaren irudi fisiologiko bat, agian. Ze orain ez da humoreez hitz egiten, baina bai antsietateaz. Izen berriek ordezkatzen dituzte zaharrak, baina ondoeza bera da.
Itxurazko ordena mundutar honek sortzen dituen inframunduak, pabiloi emozionalak, akuario artifizialak, sasi eta onddo patologikoak, barru ekosistema bizigaitzak. Mundua beste bat da, baina mina historikoa da: izan antsietatea, izan bilis beltza.