Bere aukera bakarra zen, bizitzan beste behin pasatuko ez zitzaion trena. Berrogei urte luze pasatu dira baina oraindik batzuen memorian dabil igerian Gabrielle Andersen-Schiess, Los Angelesko estadio olinpikoko helmuga-marra herio batean pasa ezinean dela. Irudia sekula ikusi ez duzuenontzat, hemen argibide txikia: Suitzan jaiotako atletak maratoia prestatu zuen, 1984ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko. Alpeetan gora eta bera ibili zen 42 kilometroak ondo kalkulatzen eta bideratzen, baina, uda heldu zenean, Kaliforniako berotan urtu zitzaion indarra. Bere gorputzak ez zituen Los Angeleseko beroa eta hezetasuna onartu eta, hori gutxi balitz, lasterketaren erdialdean paratu zuten hidrataziorako postua ikusi ez eta urik gabe geratu zen. Bere irudia ezaguna egin zen munduan, ia zutik mantendu ezinda iritsi baitzen helmuga-marrara, deshidratazio eta desorientazio zantzu nabarmenekin. Baina iritsi zen, hori da kontua. Seuleko Olinpiar Jokoetan parte hartzerik izango ez zuela jakinda, trenari eutsi eta bere helburua lortu zuen, lasterketa amaitzea, alegia.
Andersen-Schiessen irudiaren antzekotasun komikoa Pedro Delgadok eskaini zuen Frantziako Tourrean. 1989an Luxenburgon hasten zen Tourra urte hartan, eta Delgado, aurreko edizioa irabazi ostean, lasterketa irabazteko faboritoen artean zegoen. 89ko Frantziako Tourreko aitzinetapa 7,8 kilometroko erlojupeko froga izan zen, eta ateratzen azkena izan zen Delgado. Azkena atera zen, bai, eta atzerapenarekin gainera, irteera ordua baino 2 minutu eta 40 segundo beranduago irten baitzen. Asko hitz egin izan da egun hartaz, despistatu hutsa zela Delgado eta hor galdu zuela bigarren aldiz Tourra eskuratzeko aukera. Hiru hamarkada eta erdi pasatxo pasa dira egun hartatik eta Segoviako ziklistak patxadarik handienarekin kontatzen du orduan jazotakoa:
Irteera-gunera garaiz joateak autografoak sinatzea eta prentsako langileak ondoan izatea ekar zezakeen eta aldi berean bere kontzentrazio-gaitasuna urritu. Beraz, irteeratik urruntzea erabaki zuen eta hitz eta pitz ibili zen beste txirrindulari batekin, lasai ederrean. Inguruan erlojurik ez eta soinean zeraman ordularia arrunt arraroa omen, eta ordua ezin kalkulatu ibili zen. Garrasika ere hasi omen zitzaizkion taldekideak, eta, berak, txilioka ari ziren haiek ipurdi estutzat jota, ez zien jaramonik egin. 2 minutu eta 40 segundoko atzerapenarekin etorri ziren lotsa eta arduragabekeria.
Oroitu naiz kirolaren inguruko irudi hauetaz azken orduotako albiste berezi batekin. Lanbideko langile bat kaleratua izan da 61 urterekin, azken 16ak bitarteko langile moduan. Drama da, bai, baina letra txikia ere badu, Delgadoren ibileren antza hartzen duena: lanpostua galdu du eskatzen zaion hizkuntz-eskakizuna betetzen ez duelako. Ez daki euskaraz eta bere lanpostuaren profilean beharrezkoa zen, eta hortxe galdu du Tourra. Noski, Euskal Herriko hainbat komunikabidetan biktima modura agertu da, Pedro Delgadok eskumuturreko ordulariarekin bezala, gure hizkuntzarekin moldatzerik izan ez duelako.
Gogora etortzen zaizkit egungo gazteak, akabatu beharrean ikasi eta ikasi ari direnak, gero eta zailagoa den lanpostu-maratoian oker-oker eginda aurrera egin nahian. Lanbideko langilea eskuinetik aurreratu dute hainbatek, eta berak errua ulergaitza zaion ordulariari egotzi dio. Hobe kulpa beste bati bota, norberak egin zezakeenari erreparatu gabe. Hizkuntz-eskakizunaren atzera kontaketa beti izan du gainean eta aspaldi da aitzinetapa hasi zela.
Honi ere, garai batean akats larria zen itzulpen hura bezala pasa zaio azken trena: bihar eta berandu.