Fisikoa zein metaforikoa izan, norabidea aldatzeko aukerarekin lotzen dugu beti bidegurutzea, baina lehengo norabidean jarraitzeko aukera ere eskaintzen digu, berez, gehienetan behintzat.
Bihar Hegoaldean izango diren bozak direla eta aipatu (eta aipatuko) du batek baino gehiagok bidegurutzearena. Gaur hausnar eguna da, ordea, eta ezin horretaz deus esan: irentsitako lasto-hitz guztiak marruskatu eta listukatzearekin konformatu beharko.
Finantza krisia lehertu eta zortzi bat urtera, hortxe goaz (garamatzate), antza bidegurutzerik ez duen bide estu eta sasitsuan aurrera (edo). Hasieran, bazirudien krisia eragin zuten gorbatadun lapur esku-zuriek larrutik ordainduko zutela beren akzioa, baina arian-arian boterearen haria hartu zuten berriro, eta, sinesten lanak baditu ere, orain eurak ari zaizkigu eurek eragindako krisitik ateratzeko bidea erakusten. Ez dute horretan (ere) irudimen handirik erakutsi. Funtsean, estrategia bakarra onarrarazi (barka: proposatu) digute: murrizketak hemen, murrizketak han, murrizketak nonahi gerriaren bueltan (gure gerriarenean, jakina, ez eurenean).
Murriztu beharrak (sic) penatuko balitu bezala agertzen zaizkigu murriztaileak, baina bistan da poz-pozik daudela, krisiari esker hankartean jartzen zaien guztia egiteko modua aurkitu dute eta. Beti mantra bera darabilte: «Lanpostuak eta baliabideak murriztuko ditugu, baina eskaintzen dugun zerbitzuaren kalterik gabe, beti ere». Besterik ezin bada, kaka irentsiko dugu, zer erremedio! Ez, ordea, kaka ederra dela dioen propaganda.
Unibertsitatean ezagutu nuen estrategia hori, Bolonia Planarekin. Alemanian unibertsitatean aritua naizenez, aurki ohartu nintzen jukutriaz. Alemaniako irakasleen antzera aritzea eskatzen ziguten, baina haien baliabideen laurdenik gabe eta, batez ere, laurogei ikasle eta gehiagoko taldeekin. Horra ekina ezinez desegina.
Hezkuntzaren beste mailetan ere, jarreraz eta gaitasunez izugarri ona den jendea etsipena hartuta ikusten dut, erreta, eguneroko martxari jarraitu ezinda, burokrazia eta formalismo antzuan itota. Wert ministro ohiarena da errezeta, Espainiako epaileek berretsi berri dutena: irakasle bakoitzak eskola ordu gehiago eman, eta kito!
Osasun alorrean ere, antzera. Plantillak eta baliabideak murrizten badira, gaixotasunak murrizterik ez dagoenez, lehengo lan bera gutxiagoren artean egin beharko dute sendagile, erizain eta enparauek. Baldintza horietan, inoren osasuna zaintzeko ahaleginean tematzeak norberak osasuna galtzeko arriskua dakar, bistan denez.
Bizi guztia gizarte langintzan aritu den lagun baten bidez jakin dudanez, berez uki ezina behar lukeen esparru horretara ere iritsi dira murrizketaren onurak. Aurreneko urratsa: zerbitzua erakundeek eurek eskaini beharrean, azpi-kontratatu egiten da (ikus-entzunezkoetan eta beste esparru askotan aspaldi deskubritu zituzten azpi-kontratatzearen abantailak). Gero, gizarte langintzaren izatearen kontrakoak diren arauak ezartzen dizkie azpi-kontratak azpi-kontratatutako langileei: esaterako, bezero bakoitzarekin denbora muga jakin bat (demagun, 45 minutu) gainditzeko debekua.
Aurrekoan, nire lagun horrek ordu eta erdiko kontsulta egin zuen pertsona batekin, haren egoerari bereziki larria iritzita. Zerbitzuaren kalterako ari zela eta, berehala kaleratu zuten nire laguna.
Horra lau adibide, lauak hemen gurean gertatuak. Gurutzebide horretatik ateratzeko hurrengo bidegurutzearen zain gera gintezke noski, baina hobe genuke lehenbailehen bide berri bat egiten hasi eta bidegurutzea guk geuk sortzea, guri komeni zaigun lekuan, komeni zaigun norabidean eta komeni zaizkigun lagunekin.
ARKUPEAN
Bidegurutze bat gurutzebidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu