Miren Aranguren Etxarte.
ARKUPEAN

Bide onetik

2016ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Hamaika egun besterik ez dira pasatu apirilaren 9an Gasteizen egin zen manifestazio eta mobilizazio egunetik, eta ematen du desagertu eta diluitu dela jada han gertatuko guztia. Kontrol sozialerako estrategia paregabea dugu distrakzioa, zalantzarik gabe, jendartean arazo garrantzitsuetatik atentzioa desbideratu eta informazio hutsalarekin betetzen baikaituzte sare sozial eta bestelakoen bidez. Informazioak gainezka egiten digu ,eta gure bizipenak ere informazio nahas-mahas horien arabera ditugu, gertakari garrantzitsuak ahaztu eta momentuan gertatzen denean soilik jartzen dugu arreta.

Ziur naiz, dena dela, han egondako guztien barrenean arrasto ahaztezina utzi zuela Feministok Prest! ekimenak, eta nahiz eta gaur, komunikabideetan lehen lerroan ez egon, feminista askok ez dugula hain erraz ahaztuko. Niri, Euskal Preso Politikoen dispertsioa dela eta, urrutitik bizitzea tokatu zitzaidan, zehazki 768 kilometrotara. Eta penak, inpotentziak eta Gasteizen egoteko gogoek nire gorputza zeharkatu arren, aztarnak utzi zizkidan han gertatutakoak. Eta ikusi eta hausnartu nituenak konpartitu nahi ditut zuekin.

Gasteizen egin zen mobilizazioa. Euskal Herrian bazter bazterrean dugun hirigunea. Baina bai gasteiztarrek zein Euskal Herriko Mugimendu Feministak argi erakutsi zuten Gasteiz ere herria badela eta herri hau ertzetatik eraiki behar dela, baimenik eta barkamenik eskatu gabe. Akaso errazagoa eta erosoagoa izango litzateke herri honek dituen mobilizazio ohiturak jarraitzea, baina erdigune berriak eraikitzean bide berriak sortu zirela uste dut. Betiko bideek toki ezagunetara bakarrik eramango baikaituzte.

Oraindik zirrara sortzen dit han ikusitako aniztasunak. Lurralde askotako feministak ikusi nituen, bizipen, ibilbide, adin, jakintza, identitate... anitzekin. Euskal Herrian bizi garen emakumeak pluralak garela benetan aitortuta ikusi nuen, eskubide eta estatus sozialari dagokionez desberdinak garela jakitun. Eta argi daukat aniztasunaren kudeaketa hori ez dela batere erraza. Horizontaltasuna eskatzen du, entzuketa aktiboa, errespetu ariketa sakona, benetako «gutasun» bat eraikitzeko hautua. Emakumeak historikoki etsaitu eta banatu gaituen tradizioa puskatzeko ahalegin kontzientea. Eta banatuta, ahul eta aurrez aurre ikusi nahi gaituzten horien guztien aurrean, probatu zen, borroka moldeetan ere oso anitzak izan eta gure artean desadostasunak sortu arren, indarkeriaren aurka emandako erantzun bakoitza aldarrikatu nahi zela. Erantzun guztiak beharrezkoak izanen baititugu aurrera begira, indarkeria matxistarik gabeko mundu bat eraikitzeko. Eta, bide batez, aho batzuk ixteko.

Aniztasun hori diskurtso eta praktikan antzemateaz gain, bidelagun izan zuen erabateko erradikaltasuna. Mugimendu Feministak betidanik aldarrikatu izan du erradikaltasuna, jakin badakigulako errora joan ezean, gauzak ezer gutxi aldatuko direla. Baina ez datoz beti eskuak emanda aniztasuna eta erradikaltasuna, askotan deskafeinatu izan baititugu aldarrikapenak, indarrak metatzeko.

Indarkeria sexista oso gai dramatikoa da, errealitate gordin eta gogorra. Baina Emma Goldmanekbere burkide bati esan bezala dantza eta borroka uztartzen ez dituen iraultza batek ez du merezi, bateragarriak baitira poza eta konpromisoa, politika eta ondo pasatzea. Gure komunitateko poza eta ilusioa ardura politikoz egin behar dela erakutsi zen, badugulako nahiko hauts gris bestela ere. Zelako irribarreak, zelako begirada konplizeak!

Batzen garenean gauzazoragarriak egiten ditugu. Mila esker!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.