Clifton R. Adamsek 1929. urtean argazki bat atera zien St. Petesburgoko (Florida) solarium baten atean jarrita zeuden bi emakumeri. Barruko eguzki hori sendagarria omen zela eta bizitza luzatzen omen zuela zioen bien gaineko testu batek: Let the sun bathe your body. Curative. Live giving zetorren idatzita ate gaineko kartelean. Ez dakit zehazki zer, baina zerbait iradoki dit irudiak.
20ko hamarkadan jarri ei zen modan azala belztearen kontua. Irakurri dut Coco Chanelek nobedade estetiko hori ekarri zuela Kosta Urdinean oporretatik itzuli zenean. XVII. eta XIX. mendeen aurretik azal beltzarana lanaren seinale zela esaten da, bereziki aire librean egiten ziren behar gogorren adierazle. Industria iraultzan espazio itxietan lan egitea gero eta ohikoago bilakatu zen. Eta nago zerikusirik izango duela horrek nolabaiteko plazera eta gozamenarekin egiten den loturarekin. Baina ez muturrekoegia, eh: zuri jendearen opor-garaiko brontzeatu sotil hori soilik.
Eguzki Zaharra aipatzen zuten kanta batzuen menturan galdu nintzen duela ez asko, eta luze bilatu gabe atoan sortu nuen klasiko batzuen zerrenda txiki bat. Handia zaio nonbait izar hau gizakiari ze (gorputzean astro zantzuak erakutsi nahi izateaz gain), zenbat, zenbat kanta mitiko ekiari:
Janis Joplinen lorea, o, eguzkiaz maitemindu zena.
«Once in a green time a flower
Oh, fell in love with the sun.
The passion lasted for an hour
And then she wilted from her loved one».
edo galdetu Leteri elur osteko ekiari buruz,
«Izotz-ondoko eguzki, neguaren parre
olerkiak noizpait hiri goratzarre,
emeki duk itxaroz piztu garai-larre
udaberri-lamiek larreon batzarre».
edo George Harrisonengana zihoan astro hura doo-doo-doo negu hotz, luze eta bakartiaren ostean. Edo Ray Daviesi zergalariak diru guztia eta yatea kendu zizkionekoa, eta egun eguzkitsu batean alferrarena egiteak salbatu zuenekoa. Edo akordatu Laboaz eguzkia, iluna eta izotza gure baitan zetzala hamaika aldiz errepikatzen. Edo Bill Withers eguzki-izpirik gabe geratzen zenekoa bere maitaleak alde egiten zuen bakoitzean. Edo Serraten Herri Zuri-ko jende zaharra muskerrak bezala ahoak eguzkitara irekita hil zirenekoa.
Eta amaigabe samar segi nezake, baina.
Orain hemen gaude, udaren atarian, ipar-hemisferioko punta honetan, hibernatu osteko sentimenduz, solstizioa ospatuta. Karrera bateko abereen antzera, beroaldia noiz helduko. Akaso Niña Coyote eta Chico Tornado bezala, zain:
«Eguzkiari itxoiten
ahal baino hobeak izaten
gure izenak jakin gabe
hobe genuke guztia erre».
Baliteke susmoa besterik ez izatea baina agian denok behar dugu astro beroa tarteka, esku ahur eta oin zoletan sentitzeko, larru zein azal osoz ukitzeko. Narrastiak lez bere argitara etzateko gau partean erortzen den arte. Lainoek estaltzen digutenean ere, horra gizakia: izarra nola edo hala harrapatzeko imintzio etsian. Dela gorputzez, sinboloz, hitzez edo kantuz.
Baina Clifton R. Adamsen argazkiari azkenengoz begiratuta, ematen dit solariuma izan zela izarra gure egiteko giza maniobra desesperatuenetakoa.