Udari agur esateko han eta hemen izan dugun eskaintza kultural zabaletik bertakoena, hurbilekoena, geratu zait gogoan; Tolosako GU musika taldearen kontzertua. Igande eguerdi epel idiliko baten eta jazz-funk doinuaren arteko harmonia perfektua. Puntako musikariak oholtzan, eta aurrean askotariko publikoa. Toki, ordutegi eta plan ezin hobea familia askorentzat; zuzeneko musikaren gose diren eta haurrei kulturarekiko konexioa transmititu nahi dieten gurasoentzat, zer esanik ez. Taldeko bost kideekin batera, Zesuma taldeko Malbadi anaiak gonbidatu dituzte. Eta jo dituzten abestien artean batek hala dio: «Uoooo, zer nabil hemen? Galduta noraezen. Baserritar bat Madrilen». Sting-en Englishman in New York abestiaren bertsioa.
Zuzenean lotu dut bi aste beranduago, bihar, Tolosan bertan, auzo bateko festetan oso bestelako giroa sortuko duen show batekin. Izan ere, baserritar hura Madrilen edo Parisen bezain lekuz kanpo irudikatu dut bisitatuko gaituen Leticia Sabater Euskal Herrian. Ez preseski jatorriarengatik. Bere ibilbidean lehenengoz izango omen da Gipuzkoan, zer eta Titi cómeme el toto biraren barruan —itzulpena egitera animatzen denarentzat iruzkinak zabalik—.
«Finantzatu gabeko ekitaldia» oharra daraman puntu bakarra da egitarau osoan. Edonola ere, kontua da ekitaldia antolatu duen auzo elkartean egon dela kide bat halako pertsonaia bat ekartzeko ideia izan duena, eta beste hainbat berau aurrera eramatea erabaki dutenak. Erraz imajina ditzaket mahai baten bueltan barre algaraka izandako balentriaz, eta elkarren artean autojustifikatuz, «zergatik ez dugu ekarriko ba?». Adierazpen askatasunaren izenean balitz bezala.
Zenbat plaza bete izan ote ditu morboak eta ikusminak antzeko kasuetan. «Gustuko ez duena ez dadila joan», pentsa dezakete batzuek. Are, «zuek ez al zaudete ba zentsuraren aurka?» erantzun besteek. Antolatzaileek, hala ere, badute ardura bat auzokide, herritar edo hiritarrei begira. Errealitate eta interes kolektiboak aintzat hartu beharko lituzkete; izan administrazio publiko edo auzo elkarte. Egitarauetako kultur aniztasunak hori izan beharko luke oinarrian. Herritik eta herriarentzat. Festa eredu parte-hartzaile eta inklusiboak ez dira alferrik aldarrikatzen. Zorionez, salbuespenak salbuespen, oraindik ere badira auzoei bizitza emateko beraien bizitzen zati bat eskaintzen duten pertsonak, erantzukizunetik ari direnak musu-truk lanean.
Ziur aski nahi eta interes partekatuen artean, konpartituena, ondo pasatzea izango da. Baliatu besterik ez dugu gozamen momentuak kultur transmisiorako erreferente eredugarriak plazaratzeko —eskualdean, Euskal Herrian eta nazioartean ez dira ba egokiagoak egongo—, feminismoa, euskara eta kultur aniztasuna sustatzeko, eta tokian tokiko nortasuna dantzan jartzeko. Gazteek, edariaz gain, kalitatezko eskaintza kultural bat ere edan dezaten, eta haurrek, barraka eta petardoen zaraten gainetik, erakargarria zaien bestelako edukiren bat ikusi eta entzun dezaten.
Oholtza gainera gonbidatu duten artistak kulparik ez luke, zapaltzen ari den lurreko nortasun eta balioei entzungor egingo ez balie. Bertakoak beraien jaietan arrotz sentiaraziko ez balitu. Galdera da: bera sentituko ote da arrotz? Dela beste hizkuntza bat entzuten duelako. Dela publikoaren jarrera bestelakoa delako ohiko destinoetan topatzen duenarekin alderatuta. Edo, kasurik onenean, jabetuko delako hemen ez direla ongietorriak zabaltzen dituen irudi eta mezuak.
Guri, aldiz, festa ereduaz eta hauen antolaketaz hausnartzeko balioko badigu, gutxienez zerbait irabaziko dugu.