Karlos Aizpurua Etxarte.
ARKUPEAN

Berriak jaio ginen

2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Gaur jokatuko da Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala, Saran. XXIX. eskolartekoa da aurtengoa, lehendabizikoa 1989an jokatu baikenuen, Donostian. «Baikenuen», bai, plurala ez da maiestatikoa. Ordurako eskolartekoa herrialde batzuetan jokatzen zen, baina ez zen Euskal Herrikorik; horregatik izan zen lehendabizikoa 1989ko hura, nahiz bederatzigarrena dela dioen saioa jasota dakarren liburuxkak.

Euskal Herrikoa deituagatik, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariak baizik ez ginen aritu lehendabiziko hartan. Orduan ezagutu genituen bertsotan ari ziren bizkaitarrak; Igor Elortza eta Unai Iturriaga izeneko bi ziren haien artean. Gipuzkoarrok ezagutzen genuen elkar, aurreko urteetako herrialdeko eskolartekotik. Juan Mari Lopez eta Joxe Munduate final hartan ziren; gaur plazan gutxitan ari badira ere, orduan saio batzuk egiten zituzten belaunaldi berriaren ordezkari gisa. Ez ziren bakanago ariko Unai Agirre, Iñaki Zelaia eta Jon Maia; horiek ere Carmelo Baldako final hartan ziren.

Geroztik ez du euri gutxi egin; eta urak bezala, bakoitzak bere bidea egin du. Bide desberdinak izanagatik finalista batzuek zerbait partekatzen genuen: berriak jaio izanaren sentsazioa. Halaxe bataiatu du Jon Maiak bere azken liburua: Berriak jaio ginen.

«Bertsolaria jaio egiten da» hura gaindituta zegoelakoan geunden, baina noizbehinka ohartarazten ziguten batzuek ez genuela pedigririk, bertso eskolakoak ginela; aski merezimendu bagenuela gure amak euskararik jakin ez edo etorkin auzo batekoak izan arren bertsotan txukun xamar egiteagatik, baina ez ginela harkaitzetako ur.

Egia zen; batzuek ez genuen pedigririk. «Bertsoak eta trikitixak ikasi biot ala? Hainbeste ahalegindu bihar naiz euskalduna izateko?» kantatuko genuen eztarriak urratu beharrez Hertzainak-en kontzertuan. Eta biharamunean Land Rover-ez inguratuta ariko ginen bertsotan, aizkolariak bukatu eta harri-jasotzailea hasi bitartean. Eta inoiz saio ondorengo tragoan hizkuntzari buruz oharren bat egingo ziguten: hitz baten esanahiaz galdetuko ziguten arrapostuaz axolagabetuta, generabilen euskara ez zela lehengo bertsolariena eta abar.

Ez zen hiztegi kontu soila. La Polla Records-en kantak entzuten genituen erlijioko klaseetan. El Jueves genuen irakurgai kuttun. Garagaradoa ez zen gure droga bakarra, eta sagardotegia ez zen gure unibertsitatea, Universidad del Pais Vasco hura baizik. Kuadrillakoak auzo herri industrialekoak izanik, haiekin perfekzionatu nuen gaztelania, nahiz denak ikastolakumeak ginen. Silvio Rodriguezen kantu osoak genekizkien batzuek; The Police-n letra guztiak bestetzuek. Bat izan ezik, uste dut kuadrillako gainontzekoak ez direla sekula bertso saio batean izan; ezta BECen ere.

Denborak laguntzen du galtza beltzean hari zuria ikusten. Sasoi hartan bertsotan genbiltzan gazte batzuon bizipenak, iturriak eta giroa ez ziren gure aurrekoek izandako bertsuak. «Jaioko dira berriak», idatzi zuen Xenpelarrek; baina batzuk berri jaio ginen. Herri eta bertso eskola berekoak izanagatik, Juan Mari Lopez eta biak kupel desberdineko sagardoa ginen. Batzuk eroso sentituko ziren entzule baserritar eta gizonezkoari kantari, nire belarritakoaz jabetu orduko begietan gaitzespena irakurriko nion hari. Beste batzuk Martins-ak jantzita fandangoa dantzatzen bezala sentitzen ginen «zure oiloak arrautzak bizilagun honen lurretan errun ditu eta bereak direla dio» bezalako gaiak jartzen zizkigutenean.

Beharrik kantuan segitu zuten orduan jaiotako hainbat berrik, baina batez ere berri jaiotako hainbatek. Agian horiei esker ez da bertsolaritzaren katerik eten, nahiz pedigridunik ia ez den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.