Joseba Sarrionandiak, hitzen alkimista horrek, mendebaldeko tradizioko berbak eta Nafarroa Behere-Zuberoakoak nahastuz hizkera literario guztiz propio bat asmatu bazuen bere gazte-sasoian, gero, beste joera baten abiarazlea ere izan zen, Hnuy illa nyha majah yahoo liburu gogoangarri hartan Kiromantzidxe deritzan poema txundigarria atera zuenean, hor erakutsi baitzigun ahozko euskara, bere laburdura guztiekin, literaturarako tresna erabilgarria izan zitekeela. Olerki horrek honela dio pasarte batean: «euskeldun jaidxo eskero / esta arritzekue gero / suerte eskasas bisitzie / euskeldune saaratarra ixetie / indidxue ixetie / ero baltza ixetielakue da».
Fatalismoa eta zapalduaren umore beltz samarra darizkion esaldi horretan herri menperatuen internazionalismoa irakurri dugu denok beti, baina nire buruak izen bat ere ipini dio orain, nahi gabe: Beñat. Eta izen-abizenak nahi izanez gero, Beñat Hach Embarek Irizar. Beñatek Mohamed Salem Hach Embarek izan zuen aita, Espainiaren menpeko Saharan jaioa, Fronte Polisarioaren sortzaileetakoa eta Francoren garaian kartzelan egona; Marokok beren lurralde gehiena okupatu ondoren haren kontrako gerran ibilia, lehenik, eta bere herriaren ordezkari diplomatiko gisa hainbat herrialdetan enbaxadore, gero; ohore baino endredo gehiagoko enbaxada, imajinatzen dut; 2005ean hil zen. Ama, berriz, Gurutze Irizar Fatimetu, Ormaiztegiko alaba, ikasketaz erizaina, gaztetan Tenerifen lanean zebilela saharauiak ezagutu, eta haiekiko elkartasunez borrokan engaiatua, marokoarren napalm bonben pean eta Tindufeko kanpamentuetan gaixoak eta zaurituak artatzen ibilia; bertan bizi izan zen ia hamabost urtez, eta bertan hazi zuen bere lehenengo alaba ere, Garazi. Bigarren umea jaiotzerako sorterrira itzultzea erabaki zuen, eta Ormaiztegin jaio zen Beñat.
Hizketan adituz gero, Goierriko euskara ezagutuko diozu. Aurpegiari erreparatuz gero, berriz, Afrika iparraldeko traza hartuko diozu. Hala aurkezten du bere burua ere Twitterreko perfilean: «Mairua naiz behelaino artean». Horrez gain, eta besteak beste, euskal kulturan errotu eta konprometituriko gazte argi eta langilea duzu: hainbat komunikabidetan kolaboratzailea, Zuzeu albistegi digitaleko erredakzioko kidea, Bertsolari aldizkariko koordinatzailea... Egunotan, baina, lan kultural horiekin zerikusirik ez duen arrazoi batengatik atera da Beñaten izena prentsan.
Izan ere, Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrak eta Esteban Orbegozo azpeitiarrak zigortu egin berri dituzte, 2014an Loiolan gazte independetisten atxiloketa galarazteko antolaturiko erresistentzia baketsuan (herri harresia deitu ziren ekitaldi haietako batean) parte hartzeagatik. Jende husten ari ziren ertzainetako batek min hartu zuen jarduera hartan, eta Hach Embareki eta Orbegozori leporatu nahi izan zieten lesio hura. Horren froga arrastorik ere ez zegoenez, akusazio hura alde batera utzi zen, baina erantzukizun zibila egotzi diete, eta orain 25.000 euroko gastuei egin behar diete aurre.
Kiromantzidxe delako poeman, lehenago aipatu dugun pasartearen aurretik, horrela dio Sarrionandiak, errumaniar buhame esku-irakurtzailearen ahotik: «gobernue / bere indder gustidxekin dator / seure kontra / polisidxek juesak bankeruek danak / seure atzetik / kontuek atara sein ete da ba / sure erru larridxori / orraikiño nungotarra sara baña».
Euskeldune, saaratarra, indidxue, baltza ixetie... Horra hor zure bekatuak, Beñat. Eta, Beñati eta Estebani lagundu nahi dieten irakurle guztientzat, kontu korronte bat ere zabaldu dute.
ARKUPEAN
Beñat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu