Idazten hasi baino lehen, testua ez da existitzen. Leku ezezagun batetik sortu egin behar da. Idazle batek hitzak lapurtu behar ditu, eta gero ipini bata bestearen aurrean, bestearen aurrean, bestearen aurrean. Esaldiak. Paragrafoak. Azkenean, testua. Hasi eta bukatzen den gorputz bat. Prozesua beldurgarria da. Edozein idazleri hala iruditzen zaio, benetan, eta kontrakoa esaten badu gezurretan ari da.
Nobela bat idazteko tratamendu bera jarraitzen da, eta batzuetan egunkari baterako artikulu bat baino askoz ikara handiagoa sorrarazten du. Luzeagoa delako, kapa gehiago dituelako, orrietan zehar tonu eta erritmo bat mantendu behar delako, irakurlearen espektatibak bete behar direlako, entretenigarria izan behar delako, sakontasun bat aurkeztubehar duelako, sinesgarria izan behar delako, liburu dendetan ehunka ale saldu behar dituelako.
Idaztearen beldurrak idazketa bera geldiaraz dezake. Hamaika ideia buruan eta batek ere ez dirudi egokia. Agian, horregatik erabaki zuen Kirmen Uribe idazleak bere eleberri famatuenean, 2008ko Bilbao-New York-Bilbao nobelan, nobelaren beraren idazketa prozesua islatzea: zintzotasunez, aldez aurretik abisatuz bere arbasoen arrantzale-bizimodua aldarrikatu nahi zuela, nobelaren tradizio modernistatik ihes eginez, istorioa modu linealean kontatu gabe, mundu oso bat, mende oso bat, Euskal Herritik Estatu Batuetara doan hegaldi batean kapsulatuz.
Pentsamendu nahasiak ozen esaten ditugunean anabasa txukundu daiteke. Hori da Uribek hartu zuen abiapuntua. Urte bat geroago, testuak Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen. Harrezkero, hamalau urte igaro dira, liburua hainbat hizkuntzatara itzuli da eta, aurreko astean, Estatu mailan egin den XXI. mendeko 100 liburu onenen zerrenda batean sartu zuten, eta 37. postuan kokatu. Ez dago gaizki. Noizean behin, kanpotik datorren baiespena gustura hartzen da. Idazkera desataskatzeko balio dezake. Bestela, dena idazleontzat da isiltasuna, ideia kaotikoen txukunketa bakartia. Maiz gertatzen ez diren kasu hauetan harrotasuna sentitzea saihetsezina da: adibidez, Cate Blanchett aktore australiarrak The New York Times Magazine aldizkarian esaten duenean Uriberen Udako gau epela poema erabili zuela Tár film berriaren interpretazioan inspirazioa aurkitzeko. Tira, atzerriko babesak bihotzak berotzen ditu, batez ere ordu gutxi geratzen zaizkizunean testu bat entregatzeko eta buruan ideia suelto batzuk besterik ez dituzunean. Ni ez naiz Kirmen Uribe, ez dut Cate Blanchett ezagutzen, baina nolabait identifikatzen naiz haiek biekin. Parabolatxo garaikide hauek aurrera egitera animatzen naute, idazle bezala, euskaldun bezala.
Antzekoa gertatu zait aste honetan. Xabier Irujo ikertzaileari elkarrizketa egiteko aukera izan dut. Diktadurarengatik Caracasen erbestean jaiotako euskalduna, egun AEBetan bizi da eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikerguneko zuzendaria da. Atzerritik, euskal kultura eta memoriaren alde lan egiten du: frankismoaren erbestean Argentinan sortu zen Ekin argitaletxearen funts osoa digitalizatuz; Iparragirreren bertsoak ingelesera itzuliz; edo Gamazadaren 130. urteurrenerako ikerketa lanak prestatuz. Kanpotik, Euskal Herriko egoera linguistikoa modu baikorrean ikusten du, eta AEBetan euskal hizkuntza eta kulturarekiko dagoen interesa azpimarratzen du. Sinetsi egin beharko diogu. Pentsatu beharko dugu, idazten hasi eta testua existitu baino lehen gertatzen den kaos horretan, hor kanpoan egonen dela norbait gure lanaz interesatuko dena, eta beldurra sentituko dugu, baina sentsazioa beti hobea izango da orri zuria baino.
ARKUPEAN
Beldurra-New York-Beldurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu