Bere liburu berria aurkezten ari da Eugenio Ibarzabal egunotan: Muñagorri, el conde y las condesas (Erein). Duela urte batzuk Sotatarrei eskainitakoaren antzerako estiloarekin idatzia: familia batek gordetako artxibotik abiatuta, familia horretako kideen biografia (batez ere) politiko mamitsuak osatu eta aldi berean garai bateko kronika sakona eskaini. Oraingoan ere galbahe akademizistari iskin eginez, lizentzia literarioren bat barne, baina historia zorroztasunez kontatuz.
Azkoitiko Zalduntxoekin hasten du kontakizuna eta lehen karlistadaren ondoren bukatu, pixka bat berandutxoago. Tartean, jakina, gertaera garrantzitsu asko, gure historian sekulako arrastoa utzi dutenak: Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorrera, Konbentzioaren gerra, okupazio napoleonikoa, Bergarako besarkada eta abar luzea. Ia mende bateko ibilbidea, Julio Caro Barojak mende anker gisa bataiatu zuena.
Liburu korala da oso, baina bi protagonista nagusi ekarri ditu Ibarzabalek bere orrialdeetara. Alde batetik, Jose Antonio Muñagorri berastegiarra (1794-1841), lehen karlistadaren erdian Pakea eta Foruak izeneko mugimendua (eta gudarostetxoa) sortu zuena, nolabait esatearren erdibideko irtenbide bat aurkitzeko ahaleginean-edo. Beste alde batetik, Manuel Jose Zabala ordiziar tolosartua (1772-1842), Villafuerteseko III. kondea. Biak ala biak liberal foruzaleak, Ibarzabalen bibliografia eta pentsamenduan sarri azaldu den gaia.
Esan bezala, XIX. mendeko laugarren hamarkadan egiten du planto idazleak bere kronikan, baina marraztu du zerbait Zabalaren hurrengo belaunaldiarekin gertatu zenaren inguruan: haren semeek karlisten alde egin zuten hurrengo gerratean, hamarkada batzuk lehenago aita zigortu eta atzerrira bidali zuten horien alde. Ez du donostiarrak hortik aurrera egin, baina ondorengo belaunaldietan gertatutakoa ere deigarria da benetan, integristak, frankistak, abertzaleak (adibidez, Federico Zabala jelkide ospetsua) eta sozialistak ere eman dituelako enbor berak. Batallón Vasco Español talde terroristako kide bat ere bai, Ladislao Zabala, besteak beste Jose Ramon Ansa eta Tomas Albaren hiltzailea.
Jose Uranga da liburu interesgarri honetako beste pertsonaia bat. Azpeitian 1788an jaioa, Gaspar Jauregiren gerrillan aritu zen frantziarren kontra, Tomas Zumalakarregirekin batera. Militar karlista ospetsua izan zen gero lehen karlistadan, bere nagusia izana zen Jauregiren kontra, beraz. Seme Jose Blas ere militarra zen, baina oso gazte hil zenez ez zuen hirugarren karlistadan (orain gutxi arte askorentzat behintzat bigarrena zena) parte hartzerik izan, baina garbi dago noren alde egingo zuen.
Hurrengo belaunaldia Pablo Urangak ordezkatzen du, margolari ospetsua bera eta horregatik ezaguna. Baina politikoki abertzale bihurtua, Gasteizko lehen batzokiko kidea (1907) eta urte batzuk beranduago hiriko jelkideen zuzendaritza taldekoa. Donostian 1934an hil zenerako honen seme Pablo komunista sutsua zen Madrilen. Gerra ondoren Donostiara bueltan, komunisten buruetako bat izan zen klandestinitatean eta horregatik zigor gogorrak jaso zituen berrogeiko hamarkadan, Felix Luengo historialariak bere aitari buruz idatzitako biografian deskribatzen duen gisan. Espainiako komunismoarekin kamusatuta, HASIra hurbildu zen bere azken urteetan. Azkenik, IV. Internazionalean murgildu zela kontatzen du ironikoki Pablo Uranga garaikideak, lehen militar karlista haren herenilobak. Liluragarria benetan familia honen genealogia politikoa.
Beti erakarri izan gaituen gaia da hau. Familien baitan belaunaldiz belaunaldi egindako hainbat jauzi ulergarri samarrak izan dira gurean, adibidez karlista eta liberal foruzaleetatik orduko alderdi jeltzale sortu berrira, jelkideetatik ETAren mundura, edota, berrikiago, ezker abertzaletik mugimendu komunista berrira. Baina beste batzuk ez hainbeste. Norbaiti txutxu-mutxu hutsak deritzote agian horrelako kontuak, baina iruditzen zaigu, Ediporen ur handiegietan sartu gabe, edota aitaren erailketa freudiarretan, gure historia ulertzeko oso tresna interesgarria dela. Aintzat hartu beharreko tresna.