Ez nuen inoiz sinetsi produktu jakin batzuk erosita zozketatzen dituzten sari potoloetan, harik eta izozki markarik ezagunenaren eskutik, Loiun hegazkina hartu eta Barajasen «Sarituak Tenerife» kartela zeraman andre baten bila ikusi nuen arte neure burua, beste bospasei bikoterekin batera. Charlie eta txokolatezko fabrika pelikulako kuadrillatxoa ginen, bakoitza planeta batekoa, zori onak elkartuta. Beste batzuei loteria tokatzen zaie, edo auzoko jaietako errifa, ezusteko herentzia, sold out kontzertu horietako baterako sarrera erosteko konexio magikoa, etxe atarian aparkatzeko lekua, edo etxebizitza baten zozketa bera.
Zoriz funtzionatzen duen pagotxa bila daiteke, baina asumitu besterik ez da, topatzekotan, berak aurkitzen zaituela, merezita, edo merezi barik, gehienetan irizpide eta logikarik gabe; lau hostoko hirusta belar txarren artean jaio daitekeen bezala. Ostera, arrakasta norberaren esku egon daiteke, eta borrokatuz gero, txartel gehiago jokatzeko aukera izaten da. «Jakiteari zortea deitzen diote», esaten omen zuen erdaraz Villatuertako gure birraitonak.
Beti da tentazio bat pentsatzea kriskitin batean lor daitezkeela gauzak. Esfortzuaren kulturaren gainbeheraren arrakasta horixe bera da. Desfortzua. Eta belaunaldi berriak aurrekoak baino bizkorragoak izatearen joerak 1930az geroztik lehenengoz goia jo baldin badu, garunak gero eta gutxiago nekatzen ditugulako da. Hori ez du ez gimnasioak ez crossfitak konpontzen. Ai, gure birraitonak burua altxako balu...
Gauzak horrela, Gabonen testuinguruan sortzen den ilusio moduko honetan, bi elementu nahasten dira: jokoaren, loteriaren eta zozketen promesak batetik, eta urte berriari begira planteatzen ditugunak bestetik. Bata bestearekin uztartuta konbinazio perfektua lortu ahalko balitz bezala; Espainiako loteriaren urteroko iragarkiak ondo arduratzen dira hori irudikatzeaz. Nebulosatik harago begiratuz gero, ordea, bestelakoak behar lukete pretentsio horiek, diruaren eta zoriaren menpeko ez behintzat. Kontua da fokua non jartzen den, ze gauza bat da zer lortu nahi den garbi izatea —gakoa, bizitza honetan—, baina are garrantzitsuagoa da nola.
Oraindik ez dut imajinatu ere egin nahi mende honekin zenbat pauso emango ditugun aurrera eta zenbat atzera, baina distopia lekua hartzen ari den ziurgabetasun garaiotan, bada segurtasuna ematen didan gauza bat: inteligentzia artifizial garatuenak ere ez du sekula gaindituko pertsonak berea duen gaitasunik preziatuena. Inteligentzia guztien artean, oinarrizkoena, baliotsuena: inteligentzia emozionala. Eta behin galdegiten hasita, horixe «eskatzen» diot nik urte berriari. Adimen emozionala denontzat. Ilusioa, anbizioa eta herri gogoa, zoriontsu eta osasuntsu bizitzeko. Uste dudalako helburuak nola lortze horretan, paper ezinbestekoa jokatzen duela; dimentsio guztietan, gainera. Izan helburu pertsonal zein profesional bat, izan talde-erronka bat, izan herri estrategia bat.
1995ean izen berarekin argitaratutako liburuaren bidez ezagutarazi zuen kontzeptua Daniel Goleman psikologo estatubatuarrak. Hark bost gaitasun gako aipatzen ditu: autoezagutza, autoerregulazioa, motibazioa, enpatia eta harremantzeko trebetasuna. Funtsean, bihotzaren eta buruaren arteko elkarlana da. Emozioak egoki kudeatzen eta norberaren zein ingurukoen buru osasuna zaintzen laguntzen digu adimen emozionalak. Pentsa ze gauza sinplea, eta ze beharrezkoa.
Deskubritu nuenetik, dosi txiki bat hartzen dut egunero. Eta zer nahi duzue esatea, nahiago dut iturburu honetatik edaten jarraitu, zoriaren menpeko izan baino. Bizitzaren tonbolan nahikoa daukagu-eta jokoan bestela ere. Kasualitatez noizbait zorte ona egokitzen bazaigu, zalantzarik gabe, gogoz entzungo dugu bere berri. Bitartean, Anariren abestia jarriko dugu buklean. Kantatu, maitatu eta dantza ezin bada, ez da gure iraultza!