Txirrinak jotzean behatxulotik begiratzeko esan izan digu beti gure amak, ez irekitzeko zulo horretan ageri den irudi formagabe hori ezezaguna bada. Ezagutzen ez dena beldurgarria dela oso goiz ikasten dugu, hitzez esan edo agindu gabe ere. Ezezagunek, kasurik onenean, guk erosterik ez dugun zerbait saldu nahi izaten digute, eta txarrenean, eskale datoz, guk ematerik ez dugun zerbait eskatzera. Beste aukerarik ez dago, antza; denak multzo bateko edo bestekoak dira eta guk asmatu egiten dugu behatxulotik begiratuta, haiei zer nahi duten galdetu gabe. Txikitatik ikasi dut hori, eta koldar eta doilor sentitzen nintzen, gure etxean bakarrik egiten zela uste izanda, apur bat, edo oso, lotsatuta ere bai. Gerora jakin dut langile-etxe askotan antzera jokatzen zela, eta kontraesan handia iruditzen zait, gure ondasun apurrak horren estu lotzen zituzten amek gero auzoko haur guztientzako ogia eramaten zutelako arratsaldeetan eskola-irteerara eta ogitartekoak egiten zituzten denontzat, etxekoa izan ala ez izan galdetu gabe. Bizitza kontraesanez beterik dagoela ikasteko modu asko dago.
Europak behatxulotik begiratuz kudeatu ahal izango du migrazio-politika hemendik aurrera. Ez da oraindik ziurra, baina litekeena da, horretarako bidea ireki baitu Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiak aurkeztutako helegitearen alde eginez. Joan den asteko erabakia da, eta ez dakit guztiz ohartzen ote garen jarrera-aldaketa horrek berekin dakarren guztiaz.
Orain arteko irizpidea aldatuta, giza eskubideak bermatzea zeregin duen auzitegiak ebatzi du Espainiak ez zituela N.D. eta N.T. gazteen eskubideak urratu 2014. urtean mugan bertan kanporatu zituenean. Mali eta Boli Kostatik zetozen, eta Melillako hesian bertan Guardia Zibilak eskuburdinak ipini eta Marokoko polizien esku utzi zituen. Ez zituzten identifikatu eta ez zieten abokatu edo itzultzailerik eskaini, Genevako Hitzarmenak eta gizatasunak agintzen dutenari muzin eginez. Inork ez zien galdetu zer izen zuten, zenbat urte zituzten, nondik zetozen edo norengandik ihesi. Estrasburgoko Auzitegiaren sententzia berriak ontzat eman du jokabide anker hori, eta areago dio hori guztia gertatu zela migratzaileek eurek hala erabaki zutelako: gazteek ez zituztelako arauzko bideak erabili Espainiara sartzeko, bide horiek erabiltzea edo ez erabiltzea hautu librea balitz bezala.
Beste hainbat bidegabekeriaren oihartzunak pizten dizkit sententziaren pasarte horrek, bortxatzaileari aurre egiteko orduan ustez indar nahikorik egiten ez duten emakumeena, kasurako.
Auzitegiak ontzat ematen du alegiazko mundu bat existitzen dela non pertsona batek asilo-eskaera aurkez dezakeen beren-beregi atondutako bulego baten eta eskaera horiek onartu eta aztertu egiten diren. Auzitegiak sinistu du, eta sinetsarazi nahi digu Afrika eta Europa arteko mugak pertsonen joan-etorria bideratzeko administrazio-postuak direla eta ez sarrera eragozteko lubakiak. Justiziak biktimak errudun bihur ditzakeela erakusteko modu asko daude, alajaina.
Behatxulotik begiratu eta geuk, europarrok, atea ireki edo ez deliberatuko dugu, apetaren edo gogoaren arabera. Etxe barruko epeltasunetik, zulotik begiratuta denak berdinak dira, gure mugetako hesietan larrua (ez hartu metafora gisa) uzten dutenak edo itsasoan noraezean datozen txalupak leporaino betetzen dituztenak. Berdin dio zein diren, nondik datozen eta zergatik. Multzo berean sailkatuko ditugu eta kanpoan utziko ditugu, hori bai, etxekoen artean ogia partitzen ari garelako, gure buruaz harro.
ARKUPEAN
Behatxuloa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu