Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Bederatzi segundo

2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Arrain gorria bere ontzian biraka ari da eta bira bakoitzean mundu berri bat atzematen duela dirudi. Googleko ingeniariek arrainaren arretaren gehienezko iraupena kalkulatu zuten behin: 8 segundokoa omen da. Zortzi segundorik behin guztiz mundu berri bat aurkitzen du arrain gorriak, ontziaren kristalaren loditasunak deformaturiko mundua du ikusten, zortzi segundoko biziraupena duen mundua.

Ingeniari horiek berek ebaluatu zuten zenbatekoa zen pantaila konektatuekin hazi den belaunaldiaren arretaren iraupena eta bederatzi segundokoa dela kalkulatu zuten. Arrain gorri bihurtzen ari gara beraz, gure pantailen ontzian giltzapetuta, gure alertek eta berehalako mezuek noiznahi arretari bidea mozten diotela.

Eta bat-batean stop! Birus batek ura nahastu digu eta bera ez den ezer ikustea eragotzi digu. Koronabirusa lehen planoan, lupapean itzul eta itzulika ibilki. Bederatzi segundo guztiz, birusa baizik ez dugu ikusten, gure arreta bahiturik suertatu da arrunt.

Alta, mundua ez da gelditu. Ez. Natura indartsu agertzen da, utzi diogun espazioa berehala bereganatu du parentesia laburra izanen dela ohartuko balitz bezala gozatzen, oporraldiaren azken eguna baliatzen duenaren gisan.

Bost aste iragan ditut etxetik lanean, itxialdian, berrogeialdian, ni baino okerrago anitz dagoela errepikatuz berriak galdetzen zizkidan orori. Hemen, Lapurdin, neurriak ez direla beste lekuetan bezain zorrotzak, atera gaitezkeela kanpora egunean oren batez, helduak eta haurrak ere bai, osasun mentalarentzat baitezpadakoa den bezala.

Zu bezala, bost aste horietan gomendioz gainezka bizi izan naiz.

Eskuak garbitzeko erran didate, egunean hamaika aldiz. Artetik errateko, estudioen arabera emakumezkoetan kutsatuen kopurua txikiagoa da, eta zergatia ez dakite omen. Bada nik hipotesia bat aitzinatzera ausartuko naiz: ez ote da eskuak xaboietan bustitzen ohituta gaudelako?

Egunkaria irakurri, kirola egin, leihora irten, txaloak jo, idatzi, etxea garbitu, irakurri, bideoak ikusi, sare sozialetan sartu, josteko makina atera, bideo-bilkurak antolatu, lana prestatu, zuzenketak egin, animatu, irri batzuk egin. A, eta sortu. Noski.

Orduak bete, egunak bete, asteak bete, hutsunerik utzi gabe, beldurrari tarterik utzi gabe.

Eta bitartean, zer gertatu da kale gorrian bizi den jendearekin? Desagertu al da? Ez dut uste. Etxegabeen kopurua ez da bat-batean apaldu, baina badirudi lehen baino are ikusezinago bihurtu direla.

Pandemia hau hasi aitzin, oroitzen naiz nola oldartzen ginen pertsonak eseri edota etzatea eragozten duten hiri-altzari berri haien ezartzearen aurka, eta zintzilik utzi dugu gaia, jendea bezala, zintzilik, ez jarri eta ez etzanik, erdi-kalean eta erdi-ez dakit-non gelditu dela. Kaleak hustu dira jendez eta kamioi berdez bete.

Gisa berean, denbora ez da denentzat gelditu, eta zabortegian harrapatuak gelditu diren langileek han diraute, izugarrikeria izaten jarraitzen du Zaldibarren gertatu denak, birusaren ke-gortinak ezkutatu nahi badigu ere.

Bederatzi segundo mundua zertan dabilen gogoetatzeko, eta birusera itzuli. Mezu subliminala burmuina inbaditzen ari dela ohartzeko tartea laburra da zinez. Bixi-bixi ibili behar da gero menpekotasunaz ohartzeko, burua apalduta, sorbaldetan sartua badugu beharrez onartua dugun egoeragatik dela gogoratzeko erne ibili behar da.

Bederatzi segundo migratzaileek itsasoan galdurik segitzen dutela ohartzeko, etxeetan preso dauden bortizkeriaren biktimez gogoratzeko. Bederatzi segundo krisi honen kudeaketa negargarriarengatik hainbat eta hainbat jende pairatzen ari den sufrimenduaz oroitzeko.

Ez da ahantzi beharko. Ez dugu haserretzen jakiten ahantzi beharko. Muturra arrainontziaren kristal lodian itsatsirik arnasa har dezagun bederatzi segundoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.