Asteburu interesgarria dator euskal politikan interes pixka bat dugun guztiontzat, EAJk bere Batzar Nagusia izango baitu Donostian, 1977ko Iruñekotik bederatzigarrena. Jauregi modernoen garaian pilotaleku zahar bat —baina kuttuna oso eta gure politikaren historian sinbolikoa— aukeratu dute ospakizunerako. Batzuek kontuari itxurakeria vintage samarra deritzoten arren, iruditzen zaigu erabaki horretan badagoela mezu bat jelkideek zabaldu nahi dutena, batez ere etxe barrurako. Aspaldian itzalia duten militatzeko grina berreskuratzeko garaia dela, sasoi haietako pilotalekuetako mitin jendetsuak gogoan. Ez dakigu nola moldatuko diren horrelako toki batean ponentziak eta milaka zuzenketa eztabaidatzeko, baina testu horiena ez da agian garrantzitsuena izango oraingo honetan.
Barne prozesu bitxia izan da, nolabait deskribatzearren. Sorpresa handi bat ere izan da bidean, dena hankaz gora jarri zuena, (ustez) konpondu zuten arte. Alderdiak iragarri du udazkenera arte luzatuko den gogoeta berri baten ondoren aldaketak izango direla. Ulertzekoa da, luzeegia delako euren aukeraketa sistema, zaharkitua ere bai, batzokiz batzoki filtratzen diren emaitzen menpeegi dagoena eta betetzeko zailak diren arauak dituena. Hala ere, etorriko denaren zain, gera bedi hemen onartua —eta eskertua— EAJ izan dela gaur arte alderdi demokratiko eta gardenenetakoa horrelako prozesuak abian jarri dituen bakoitzean, beste alderdi batzuen oso aurretik gainera. Gabeziak gabezia, bakoitzari berea.
Andoni Ortuzar balantzea egiten ari da egun hauetan. Bat egiten dut berarekin dioenean alderdia ez dagoela (hain) gaizki. Harrituta naukate irakurri eta entzuten ari naizen hainbat irakurketa katastrofistak, batzuk EAJ maite ez duten analistek eginak, baina beste batzuk Sabin Etxetik gertu dauden pertsonek idatziak. Egia da beherakada nabarmenak izan dituela azken zikloan, alderdia etsialdian murgildu dutenak, baina okerragoa zen egoera Ortuzar iritsi zenean, iristear zegoenean. EAEko lehendakaritza dute, baita erkidegoko hiru lurraldeetako diputazioetako buruak ere; Nafarroako Gobernuko kide ere badira eta bertako parlamentuko presidentzia ere badute. Behin Iñigo Urkulluk ez zuela jarraituko erabakita (erabaki zuzena izan zen edo ez, beste kontu bat da), erabat onartua dago goitik behera asmatu zuela EBBk Imanol Pradalesekin. Berriztapenak ere izan dira buruzagitzetan eta hainbat kargu publikotan, batzuk oso arrakastatsuak gainera. Iparraldean ere inoiz baino hobeto dago alderdia, nahiz eta badagoen kezka Peio Etxelekuk IBBko lehendakaritza utzita gertatuko denaren inguruan. Baiki, agian gehiegizkoak dira barrutik egiten diren zenbat aiene eta kanpotik sarri maltzurkeria puntu batekin marrazten dieten panorama.
Baina horrekin batera arazoak ere franko. Berriztatzea ez da erabatekoa izan. Eta hori baino okerragoa dena, alderdi barruko zein erakundeetako pertsonen berriztatze hori errotazioarekin nahastu dute sarriegi. Horrek haserre handiak sortu ditu etxean zein kanpoan. Erakunde batean izen berriak sartzeak sortzen duen irudi ona azkar geratzen delako zapuztua alde egindakoak berehala beste toki batean kolokatuak ikusten direnean. Jende gehiegi urte gehiegitan bulegotik bulegora jauzika, Manex Pagolaren urtxintxak bezala. Baina, horren gainetik, gaitz hori zuzenduko dutelakoan, herrietan —herri askotan— daukate jelkideek kezka iturri nagusiena. Arazoa orokorra eta alderdi guztiena dela onartuta ere, harriduraz ikusi dugu EAJren gainbehera toki askotan, hamarkada luzez erabat hegemonikoak izan ziren herrietan udal hauteskundeetarako zerrendak osatu ezinik.
Badute lana, beraz, Aitor Estebanek eta bere taldeak igandetik aurrera. Ez dakigu dagoeneko pentsatua duten, baina agian hartu beharreko lehen erabakia nork bera ordezkatu Madrilen. Galera handia, bide batez esana. Entzute prozesu interesgarria jarri zuen abian bere alderdiak 2021eko azaroan. Jende askoren ustea da entzun bai, baina ez zutela aditu. Ez baitira beti gauza bera entzutea eta aditzea. Badaki bilbotarrak nondik hasi.