Oihane Amantegi (L)

Basatiegia

2025eko otsailaren 27a
05:00
Entzun

Larruzko gerriko poltsak generamatzan gutako askok, riñonerak. Kanpai-prakak janzten genituen gehienok, lurreraino ailegatzen zirenak eta kaleetako zikin dena barrenetan gordetzen zutenak. Institutura gindoazen. Egunero egiten genuen oinez herriaren goiko partean dagoen eraikinerako bidea, aldapan gora. Loguratuta igotzen ginen goizean goiz, Artearen Historiako diapositibak ikusteko argia amatatzen zigutela; eta nekatuta jaisten ginen bazkalordurako, arratsalde okupatuari berriz ekin baino lehen siesta txiki bat sikiera egin ahal izateko tartea topatzen saiatzen ginela. Hamazazpi urte geneuzkan eta Miren Amurizak Pleibak liburuan maistraki margotu duen giro basati hura zen gurea. Ez dakit, baina hamazazpi urterekin dena da igual basatiegia. 

Orduko beste hainbesteren artean basatirik izan bazen, hala ere, Euskaldunon Egunkaria itxi zuteneko otsail hura izan zen, eta badira daborduko hogeita bi urte. Hotza egingo zuen ziur aski, eta orduan modan jarri ziren bigarren eskuko dendetan erosten genituen larruzko zamarrak izango genituen aldean, belarriko bigarren arrakada egina ordurako. Ziur aski etxera heltzerako izango genuen albistearen berri; egin kontu, mugikorrik ere ez geneukan oraindik gutako askok, eta eguerdiko berrietan edo gaueko albistegian jakingo genuen Guardia Zibila sartua zela Martin Ugalde kultur parkera eta itxia zutela berripapera eta eramanak zituztela atxilotuak hamar pertsona. Hamar langile. Euskara hutsean argitaratzen zen egunkari batean lan egiten zuten hamar langile. Hurrengo hilabeteetan gehiago izango ziren atxilo eramanak, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak hala aginduta.

Nik amorru gorra gogoratzen dut, zerbait gogoratzen badut, badakizue-eta memoriak tranpa ugari egiten dizkigula. Eta amorruarekin batera kamiseta urdinak ere akordatzen zaizkit, Euskaldunon Egunkaria aurrera! leloa letra horiekin, eta guk, geure erreibindikazioan, kamisetei lepoak nola mozten genizkien ere gogoratzen dut, keinu harekin zerbait esan nahiko bagenu bezala. Oraindik ez dut jakin zer zen, zeren aurkakoa zen kamisetak moztearen keinu hura. Amorrua, ordea, bai: badakit amorru hura zein zen, noren eta zeren aurkakoa.

Amorru bat, basatiegia hura ere, nondik eta nora eskapatuko den ez dakizuna eta erraietan paratzen zaizuna. Hamazazpi urterekin zeure inguruko mundua ulertzeko saiakeran ari zarela, egunkari bat euskara hutsean argitaratzeagatik atxilo eramandako pertsonek torturak pairatu zituztela entzuten duzunean sentitzen duzun amorru hori. Atxiloaldiak gertatu eta bost egun inkomunikatuta egon ondoren, Martxelo Otamendi egunkariko zuzendariaren ahotik jakin genuen torturak pairatu zituela Guardia Zibilaren eskutik; lehen aldi hartan bortxaz eramandako hamar langileetatik seik ere gauza bera aitortuko zuten. Guk, batxilergoko bi urte haietan Gizarte Zientzien lerrotik jotzen genuenok, Historia eta Historia Garaikidea izaten genituen ikasgai: bada, ez Historian, eta ezta Historia Garaikidean ere, gauza asko ez ziren kontatuko.

Institutuan obrak zirela-eta, barrakoietan eman genituen batxilergoko bi urteak. Neguan atzamarrak moztuak zeuzkaten eskularruak jartzen nituen nik, eskuak bero mantentzeko. Lurruna egiten zitzaigun kristaletan. Eta udako beroa ere basatiegia izaten zen uralitazko kubo haietan. Irakasleetako batzuek zigarroak erretzen zituzten klasera sartu baino lehen, erre zitekeelako bai institutu barruan ere, eta Filosofiako maistrari galdetzen genizkion hamazazpi urte haien jakin-minak eragindako galderak. Orain dela hogeita bi urteko amorruaz galdetuko nioke orain ere, ziur nago-eta Platonek esaten zuenari buruzko zenbaitzuk eskapatu zitzaizkidala. Eta gaur, mozorrotuko nintzateke hamazazpi urteko ni hartaz; jarriko nituzke berriz mendiko botak asfalto hutsean ibiltzeko, eta tribuan bildu eta babestuko nuke neure burua «Egunkaria aurrera!»oihu egiten jarraitzeko, behar bestetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.