Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Barne disidentziaren alde, eta kontra

2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Oso erraza da taldeko diziplina arbuiatzea eta barne disidentzia goratzea. Esatea ze gaiztoak diren alderdien buruzagiak eta aparatuak, eta zein jatorrak aparatuaren jarrera maltzurraren aldean ikuspegi gure ustez aurrerakoiagoa dutenak.

Eman dezagun, adibide moduan, Joseba Egibar. Arzalluzen ondorengo izateko izendatua zirudiena baztertu egin zuten jobubiek (Bizkaiko Buruzagi Gazteek), aurrena Josu Jon Imaz ariete moduan erabilita, eta gero zuzenean Ortulluak eurak jarrita alderdiaren burutzan (Olariagari uste dut zor zaiola izendapen frankensteindarra). Harrezkero igaro diren ia 15 urteetan, behin eta berriz ikusi dugu politikari andoaindarra diskurtso abertzaleak botatzen eta keinu independentziazaleak egiten, alderdia kontrako mezuak zabaltzen ari zen bitartean eta, batez ere, kontrako praktikak gauzatzen.

Oraintxe bertan, Euskal Herrian nahiz atzerrian dabil EAErako estatutu plan berria aupatzen eta hauspotzen, EH Bildurekin elkar hartuta, denok dakigunean berak beste inork baino lehenago eta argiago, seguru asko alderdiak ez duela benetan sinesten proiektu horretan (lehendakariaren hitzak entzun besterik ez dago) eta une egokian, eskumenen baten truke edo bestelako prezio adosturen batean, alde batera utziko dutela.

Badu meritua noski gutxiengoan irauteak, puntu jakin batzuetan zure posizioa isiltzen jakiteak onura handiagoa ikusten diozulako alderdiaren batasunari, egunen batean zure jarrera hori gailenduko delakoan. Ez da jeltzaleen esklusiba. PSOEn ere betidanik ezagutu dugu Izquierda Socialista izeneko barne-joera antolatu bat, alderdiari ezkerrerako bira eman nahi diona, edo partidua noizbait ezkertiarra izan(go) delako ametsari eutsi behintzat. Itxura monolitikoa ematen zuen ezker abertzalean ere makina bat ziren borroka armatuaren alde ez zeudenak, nahiz publikoki hitz erdirik esan ez haren kontra.

Jarrera minoritarioa dutenei buruz, argitu ezin dudan zalantza izaten dut beti: beren alderdiari bultza egiten diote noizbait estrategiaz alda dadin beraiek nahiko luketen norabidean, ala pluraltasunezko makillajea eskaintzen diote egiazki aldatzeko inolako asmorik ez daukan proiektu zurrun bati? Ez dut Egibarrekin tematzeko asmorik, adibide bat besterik ez zen. Ibarretxek ere balio dit: jo eta su dabil hitzaldiak ematen eta artikuluak idazten erabakitzeko eskubidearen alde, jakinik bere alderdiak aho txikiarekin aldezten duela autodeterminaziorako eskubidea eta handikiro besarkatzen espainiar estatua. Karnetari eutsiz, nori egiten dio mesede: Sabino Aranak sorturiko partiduak jatorrizko izaerari eutsi eta jokaera abertzaleagoa izan dezan nahi dutenei, ala partidu ordenazale horren barruan ikuspegi eta jokabide hispanozentrikoan eroso bizi direnei, sigla beren hegalpean iritzi desberdinak kabitzen direlakoan? Gauzak zinez mugitzekotan, zer du hobe lehendakari laudiarrak: orain arte bezala zirika eta xaxaka jarraitu, emeki baina etengabe, ala, Iruñean sorturiko beste lehendakari hark bezala, mahai gainean kolpea jo eta partidua utzi?

Lehen aipatu dudan ezker abertzalearen adibidera itzulita: borroka armatua kalterako zela aspaldi samarretik garbi zeukatenen artean, zein izan zen, gerora begira, jokabide zuzena, edo nork egin zion mesede handiagoa estrategia-aldaketari: mugimenduaren barruan iraun zutenek, jarrera kritikoarekin baina diskrezioz mugituz, ala kritika hori esplizitu egin eta beste alderdi bat sortu zutenek, jakinik horrela jokatuz ordura arteko lagunak etsai bihurtu eta epelak entzun beharko zituztela, Patxi Zabaleta edo Txillardegi batek, esate baterako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.