elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Baleak eta gu

2015eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Arrain bat, erditik irekita, bizkarrezurra bistan, labean sartzeko prest balego bezala... Horrexen antza dauka San Juan baleontziak —hartatik geratzen denak—, Kanadako Red Bay-en, urazpiko indusketan egindako ilustrazio batean. Sugestioa izango da agian, baina Pasaia San Pedroko Albaola ontziolan eraikitzen ari diren San Juan galeoiaren erreplikak Donostiako Aquariumean dagoen balearen hezurdura gogorarazten du. Hegazkinak hegaztien kopiak diren bezala, itsasontziak, azken batean, arrainenak izango dira, ala?

Laster urtebete —San Juan biharamonean—, ontziaren gila jarri eta erreplika egiten hasi zirenetik. Hilabete batzuetara —azaroan-—ontziolako ateak zabaldu, eta ordutik aukera dago baleontzia nola eraikitzen ari diren ikusteko. Eta sentitzeko Guggenheim titaniozkoa den bezala, Albaola zurezkoa dela: kresal usainak eta egurrarenak bat egiten dute han. Tailerrera pasatu aurretik, balea-ehizaren ingurukoak azaltzen dizkizute, hainbat panel grafiko eta objekturen bitartez; ez dago—eta eskertu egiten da— museo tematikoetan hain ohikoak diren panel elektronikorik, ez tankera horretako tresneria sofistikaturik; aldiz, gidari oso onak daude, bidaia horretan zuzenean eta pasioz eramaten zaituztenak.

Poliki-poliki jabetzen zoaz XIV.-XVII. mendeen artean balea-ehizak gurean izan zuen bolumenaz eta garrantziaz: garairik oparoenetan bospasei mila lagun mugitzen omen ziren sasoi bakoitzean euskal kostaldetik Ternuara (kopuru horri neurria hartzeko datu bat: Donostiak bi mila biztanle zituen orduan). Tamaina horretako mugimenduak sare ekonomiko-industrial indartsua zeukan atzean; meategiak, burdinolak eta basolana garaian puntakoa zen ontzigintzarako; sokagintza eta sagardo dolareak, besteak beste, horniketarako; kupelgintzabalearen koipea bildu eta garraiatzeko; merkatariak koipe hori Londresen, Anberesen... saltzeko. Eta guztiaren atzean, finantzariak, halako espedizioak antolatu eta abian jartzeko. Euskal Herri osora hedatzen zen, azken batean, motorra itsasoan zeukan jardueraizugarri hura. Ikuspegi horrek pare bat okerreko uste zuzenarazten ditu: bata, kostaldea eta barrualdea ez zeudela elkarri bizkar emanda —itsasoko ufada lehorrera ere iristen zela, alegia—; bestea, nekazaritzaz aparte beste langintza batzuk sendo garatu zirela.

San Juan galeoiak ez zuen bizitza luzea izan; 1563an Pasaian eraikia, bi urte geroago hondoratu zen Red Bay-n. Laurehun urte pasatxora topatu zuten, Shelma Huxleyren ikerketei jarraituz, eta sei urtez aritu ziren Parcs Canadako arkeologoak itsaspeko indusketa lanetan. Bikain kontserbatuta zegoenez, XVI. mendeko itsasontzietan ondoen ezagutzen dena omen da. Horri esker, erreplika egiterakoan garai hartako teknologia erreproduzitzen ari dira Albaolako ontzigileak; lantegi hori ez da, jakina, faktoria txinatarren erritmoan egitekoa.

Eta gauzak horrela, tamalez, San Juan baleontzia ez da prest izango datorren urtean Donostiako kultur hiriburutzaren enbaxadore izateko, portuz portu, Europan zehar. Atzerapen hori dela-eta, proiektuari buruzko errezeloak azaldu dira: baleontziak hondoa jo ote duen dagoeneko, lau milioi euro ez ote den aurrekontu handiegia... Proiektua innovation-en galaxian kokatuta egon balitz, ez zuen halako mesfidantzarik sortuko giro batzuetan, nahiz eta gero... iruzurrak globoa zulatu.

Atzo bertan irakurri genion, BERRIAkoazken orrialdean, San Juan-en indusketa zuzendu zuen Robert Grenier arkeologo quebectarrari: «Euskaldunek sekulako gauza ederrak egin dituztemunduan, baina inoiz ez dizkiete aintzat hartu». Hasteko, ez ote genuke gehiago sinetsi behar gerok geuron buruan? Albaolako proiektuan buru-belarri sartuta dabilen Jon Maiak garbi dauka: San Juan baleontzia euskaldunok dugun sinbolorik unibertsalena da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.